Julen Leuza
Folklorea eta musika, orokorrean. Soinutresnak jotzea, kantatzea eta dantzatzea gustoko dut, eta idaztea baino hobe egiten ditut gauza horiek, beraz blog hau nire errealitatearen isla txiki bat besterik ez da izango. Traizioa tradizio bihurtuko dugu. Iruñea.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Julen Leuza(e)k Arma politiko bat bidalketan
- Iñaki(e)k Arma politiko bat bidalketan
- Jon Torner(e)k Futbolari buruzko 4 kantu paregabe bidalketan
- Inaxio Esnaola(e)k A ze lotsa bidalketan
- Gu ta gutarrak, euskaratik eta euskaraz | Hitz eta Pitz(e)k A ze lotsa bidalketan
Artxiboak
- 2016(e)ko maiatza
- 2016(e)ko martxoa
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko ekaina
- 2015(e)ko otsaila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko uztaila
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko otsaila
- 2013(e)ko azaroa
- 2013(e)ko iraila
- 2013(e)ko abuztua
- 2013(e)ko uztaila
- 2013(e)ko apirila
- 2013(e)ko otsaila
- 2012(e)ko abendua
Etorri eta joan
Atalak: Sailkatugabeak
Zorionez ez nau jende askok ezagutzen, baina zorionez ere gero eta jende interesgarri gehiago ezagutzen ari naiz azken urteotan. Horietako bat Sabin Bikandi da. Sabin Galdakaoko txistularia, danbolinterue, txistuko musika goi-mahaian lizentziatua eta etnomusikologian doktoratua da, egun Bilboko Udal Bandako kide eta musika eskolan irakasle ari dena.
Duela 20 bat urte “Txistulari” Euskal Herriko Txistulari Elkartearen aldizkariko zuzendaria izan zen. Garai haietan Axlor taldean zebiltzan. Talde hartan ustez jasoagoak diren beste musika tresna batzuekin txistua uztartzen ahalegindu zen, esaterako Vivaldiren sonatak jotzen. Orain, ordea, Aiko taldearekin herriz-herri dabil dantza tradizionala (edo dantza, bere orokortasunean) sustatu eta zabaltzen, eta batez ere, edozeinek edozer dantzatu dezakeela argi utziz (euskal dantzaren munduan askorentzat pentsaezina zena). Patxi Laborda dantza-maisuaz eta Bilbo inguruko musikari finez inguratuta, dantzaldi gidatuak egiten ditu Aikok. Konparazio batera, hilero Durangoko Plateruena betetzen dute.
Sabin Bikandi
Bikandik 2012ko lehen hiruhilabeteko “Txistulari” aldizkarian artikulu interesgarri eta gomendagarri bat idatzi zuen, “Joan eta etorri” zeritzona. Bertan bere ibilbideak izan duen ezohiko bukaera (ezohikoa gaur egungo ikuspegitik ikusita noski) azaltzen du. Artikulu horretan Bikandik bere burua Alejandro Aldekoa txistulariarekin alderatzen du. Gogoratu behar dugu Bikandik bere tesian Berrizko ttunttunero eta dantza-maisu izan zen Alejandro Aldekoa bera izan zuela aztergai. Artikuluan, Aldekoaren ibilbidea azaldu ondoren, joan-etorri hori nola gertatzen den aipatzen du Bikandik, hau da, gaztaroan berrikuntza, nolabaiteko modernizazio horren bila aritu eta gero, heldutasunera iristean sustraietara bueltatzeko aukera hartzen dugula askok. Ondoren, eta txistulari askori min egingo dien esaldi batzuk bota eta gero (“beste tresna batzuen errepertorioa jotzeko nahia eta ezina”, “konplexuren batek bultzaturiko unibertsaltasunaren bila eginiko ahaleginak”), Galdakaokoak bere tokia non den argi duela aitortzen digu, eta arestian aipatu joan-etorri hori mundu guztiari gomendatzen dio. Joan eta etorri, merezi du eta.
Gaur ez dugu ebatziko zer den berria eta zer zaharra, baina ongi ulertzen dugu zer esan nahi duen joan eta etorri horrek, eta era berean ongi ulertu ere hitz bakoitzaren esanahia. Kontua hau da, denbora-lerroan bakoitza non kokatu, eta hona nire iritzia.
Gaur egun, eta ez dakit lehen baino konplexu gehiago ditugulako edo komunikabideek mundua gero eta gehiago ezagutzen lagundu digutelako (edo biak), nagusiki hasierako puntua “joan” hori da, eta azal dezadan: XXI. mendeko giroa eta gizartea kontuan hartuta, hasierako ideia modernoa, berria, sorkuntzaren alde egotekoa da, hori guztia zer den ere jakin gabe. Heldutasunaren atarian inork ez dizu esango gauza modernoen kontra dagoenik. Mundura zabaldu nahi dugu, gauza berriak ezagutu, gauza berriak egin, eta horrek kanpoko kulturak lehenago aztertzera eramaten gaitu. Ez gara joan, jada han gaude. Hasierako partida han dago, ez hemen. Hori normala da ere, egia, baina barkamenik ez dugu etxe aurrean duguna baloratzeko gai ez bagara.
Horren harira, Bikandiren artikulua irakurri nuenean Elena Lópezen “Historia del Rock Vasco” etorri zitzaidan burura. Bertan, Oskorri eta kartzelako folk-rockari eskainitako kapitulua amaitzeko honako hau esaten du:
“A menudo nos preocupa mucho conocer el legado del blues o en qué encrucijada se topó Robert Johnson con el diablo, pero no movemos un dedo por nuestro propio tributo. Así jamás se romperá el maleficio”
Aipu honek argi utzi zidan konplexuak ez direla musika tradizionalean amaitzen. Etxe aurrekoa ez baloratzea askotan gertatzen zaigun zerbait da, dudarik gabe. Baina horrek ez du esan nahi Robert Johnson bluesaren aita izango ez denik, edo ziurrenez The Beatles historiako talderik handiena izan ez denik, edo ziurrenez ere Fredie Mercury rock kantaririk handiena izan ez denik. Agian hala izanen da, ez dakit, eta ez dit axola, niri berdin-berdin gustatzen zaizkidalako, baina ez ditut hemen dauden artista askoren gainetik zergatik jarri behar. Hona beste adibide bat: gogoan dut Iruñeko Udalak iaz ekaina aldera musika tradizionaleko talde batzuk ekarri zituela Gotorlekura, urtero egiten duten bezala. Taldeak Errumania, Bulgaria eta Italia aldekoak ziren, eta oso gustura joan ginen ikustera, baina lagun batek sare sozial batean idatzi zuena ez zait sekulan ahaztuko: “Kanpoko kultura ekartzen dute, eta hori oso ongi dago, baina hemengo kultura ez dute ezagutzen ezta baloratzen ere, eta hori oso gaizki dago”. Hori UPNk egitea, tira, baina gure inguruko inork hori egiten ikusteak min ematen du.
Hasierara bueltatuz, gure musika tradizionalaren munduan hau maiz errepikatzen dela ikusi eta gero, eta Sabinek aipatzen dituen joan-etorri horiek horrenbestetan gertatzen direla ikusi eta gero, kontrakoa proposatzera natorkizue. Etorri eta joan. Han gaude, ukatu nahi badugu ere, eta hangoa ezagutu nahi dugu lehenago, eta urteak pasata etxera etortzen gara. Baina hangoa berdin-berdin ezagutuko dugu, lasai, irratian Yesterday jartzen jarraituko dute.
Ez al da hobe, kanpokoa ezagutzen joaten garen heinean, etxekoa ezagutzeko esfortzu txiki bat egin? Gureaz ongi jabetuta ondokoa hobe ezagutuko dugu. Hori da ideia, behintzat, eta horregatik sortu da blog hau. Batean Jean Mixel Bedaxagarren inguruan hitz egingo dut, eta hurrengoan Slipknot taldea hartuko dut hizpide. Berdin zaidalako. Ondarea eraldatu nahi badugu, aurretik ezagutu beharko dugu.
Etorri eta joan, merezi du eta.