Bata zuria erantzita
    Hasiera »

    Garoñan harroputzek bakea sinatu dute

    2013-05-28  //  energia nuklearra  //  Iruzkin bat

    Espainiako Gobernuak ez zuen Garoñako zentral nuklearra ixtea nahi. Nuclenorrek ez da ere. Nola arraio bada zentrala gelditu eta itxiera iragarri zuten!
    Atzera begiratuta harropuzkeria kontu baten aurrean izan garela iruditzen zait, botere ekonomikoa ez baita monolitikoa askok uste bezala. Bateren batek edo batzuek ordena jarri du harroputzen artean, eta gauzak bere onera etortzen ari dira, hau da, Garoña ez da itxiko; izan ere, merkeagoa izango baitzaie Europak behartzen dituen egokitzapenak egitea ixtea baino. Nola liteke hori? ixteak eraisketa dakar eta une honetan eraisteak milaka milioi euro zabortegira botatzearen antzekoa izateaz gain, munduko enpresa aurreratuenak ere, oztopo gaindiezinekin topo egiten ari dira eraisketa-prozesuan.

    Izan ARGIAko bazkide: astekariko harpidedun edo argia.comen laguntzaile

    Zentral nuklearren amaieraren eztabaida pil-pilean Frantzian

    2013-04-25  //  energia nuklearra  //  Iruzkinik ez

    Gero eta jende gehiago bat dator Frantzian, bertako zentral nuklearren amaierak mende honetako lehen erdian gertatu behar duela esatean.

    Hori horrela izanik, epeen inguruan dago eztabaida; batzuek energia berriztatzaileek indarra hartu ahalarekin lotzen dute nuklearren amaiera, beste batzuk istripu arriskuan oinarritzen dira eta berehalako amaiera aldarrikatzen dute, beste batzuk zentralek 30 edo 40 urte bete ahala itxi behar direla,…

    Eztabaida honen isla duzue ondoko loturan.

    Izan ARGIAko bazkide: astekariko harpidedun edo argia.comen laguntzaile

    Izan ARGIAko bazkide: astekariko harpidedun edo argia.comen laguntzaile

    Josetxo Portu

    2013-04-11  //  osasuna  //  Iruzkinik ez

    Fukushimako zentral nuklearra lehertu izanagatik, oso zaila izango da hemendik 20 edo 30 urtera garatutako minbizien eraginez hildakoak biktimatzat hartzea.

    Txernobilen gertatu bezala kopuru ofizialen arabera ez da ia inor hil, baina jakin badakigu ia 30 urte pasata  milioika izan direla hango erradioaktibitateagatik jotakoak. Ezin izango da ezer ere frogatu, estatuei eta aginte ekonomikoei interesatzen ez zaielako eta lege aldetik behar diren oztopo “legalak” ezarriko dituztelako.

    Zu Josetxo orain 30 urte polizien fusiletatik ateratako bala batek jo zintuen Oreretan eta zure barrenak eraldatu zizkizun. Orduz geroztik bala hori zure bizitzaren parte izan da, iparraldera joan behar izan zenuenean, lehenbizi Arjelera erbesteratu zintuztenean edo ondoren Caracasera eraman zintuztenean; Madrileko espetxeko ziegan ere “elegante” gogoratzen zaitut bertara egindako bisitan.

    Urte askotan sinbiosian bizi izan zara balarekin, baina erradioaktibitateak eta balak ez dut uste sinbiosirako elementu egokiak direnik. Ezin izango dugu frogatu inoiz balak 30 urte behar izan dituela zu hiltzeko, beraz ez zara inongo biktima izango, izan ere oso posible da zuk ere hori nahi ez izatea.

    Agur Josetxo.

    Izan ARGIAko bazkide: astekariko harpidedun edo argia.comen laguntzaile

    Izan ARGIAko bazkide: astekariko harpidedun edo argia.comen laguntzaile

    Garoña itxiko dute, baina eraitsiko al dute?

    2013-01-29  //  energia nuklearra  //  Iruzkinik ez

    Orain gutxi, Nuclenorrek Garoñaren itxieraz dituen asmoak eman ziren argitara Espainiako Boletin Ofizialean (BOE). Hiru urtetan arrisku nuklearrik ez duten elementuak desmuntatuko omen dira, eta 2023an lurra hutsik geratuko omen da, hango udalak nahi duena egin dezan. Zenbait ekologistak txanpainaz ospatu zuen itxiera, argazki batean ikusi nuenez. Ni, berriz, ospakizunak geroagorako uztearen aldekoa naiz. Argia astekarian azaldu nituen arrazoiak: http://www.argia.com/argia-astekaria/2354/zentral-nuklearren-eraistea

    Izan ARGIAko bazkide: astekariko harpidedun edo argia.comen laguntzaile

    Txekeatu zure pilula

    2013-01-14  //  osasuna  //  Iruzkinik ez

    Haurdun ez geratzeko pilulen inguruko eztabaida ez da gaurkoa, baina denborak aurrera egin ahala gero eta gehiago ezagutzen ditugu batzuen eta besteen eraginak. Pilula zehatz baten inguruan jakinnahia izanez gero hemen  klik egin  eta bertan azaltzen den lehioan nahi duzun pilularen izena sartu.

    Izan ARGIAko bazkide: astekariko harpidedun edo argia.comen laguntzaile

    Arraroa da benetan!

    2012-12-23  //  energia nuklearra  //  Iruzkinik ez

    Nuclenorrek Garoña ez du itxi nahi eta Espainiako Gobernuak ere ez du Garoña itxi nahi; eta antza Garoña itxi egingo da.

    Nuclenorrek ez du zentral nuklearrentzat ezarritako zerga ordaindu nahi eta Espainiako Gobernuaren arabera Nuclenorren jokaera txantaia baino ez da. Halaz ere, biek behin eta berriro adierazi dute Garoñarekin aurrera egiteko duten interesa.

    Ez dut ulertzen! zerbait ezin dut kokatu nire garunean; jakin badakit joera txuleskoek behin baino gehiagotan izorratu dituztela harremanak eta proiektuak, baina hori al da benetan Garoña ixteko arrazoia?, hau da, Soria ministroa Nuclenor baino txuloagoa izatea?

    Segituko dugu

    Izan ARGIAko bazkide: astekariko harpidedun edo argia.comen laguntzaile

    Geurea eraikiz

    2012-12-03  //  Sailkatugabeak  //  Iruzkinik ez

    Orain 30 urte, zientzia eta teknologiaren ingurukoak euskaraz ere azaldu nahi genituela eta, koadrila bat elkartu ginen UEUren inguruan. Luis Bandres, Iñaki Irazabalbeitia, Martxelo Ensunza, Jose Ramon Etxebarria, Iñaki Azkune, Sabin Kortabitarte eta beste hainbatek osatu genuen taldea. Garai hartan zientzia arloko notiziak azaltzen hasi nintzen Elhuyar aldizkarian, eta entrenamendu horren ostean, 90eko hamarkadan, Argiak eskaini zidan aukeraren bidez, berri horien gaineko iritzia ematen ikasi nuen. Halaxe jaio zen “Bata zuria erantzita” atala. Jose Mari Rodriguez Ibabe, Julian Florez, Arantza Tapia eta Rafa Enparantza izan nituen bidelagun.

    30 urte hauetan zientziarekin eta teknologiarekin zerikusirik duten gertaerak ulertzen saiatu naiz lehendabizi, eta euren balioa neurtzen, ondoren. Bitarte honetan aurrerapen itzelak gertatu dira, eta paraleloki, aurrerapen haietako asko eta asko gizarteratu egin dira. Horretarako, zientziaren neutraltasuna edo globalizazioa bezalako aitzakiak erabili izan dira gehienetan, interes ekonomiko merkantilistak ezkutatu nahian.Egia da zientziaren eta teknologiaren hainbat proiektu gauzatzeak eragin globala izan duela eta horren adibide dira internet, berotegi efektua, itsasoen poluzioa edo gaixotasunen aurkako borroka. Nahiz eta Euskal Herrian zentral nuklearrik ez dugun onartu, urte luzetan horren mamupean biziko garela gogorarazten digute Garoñakoak eta Akitaniako Tolosakoak. Hamaika dira  Euskal Herrian eragina duten zientzi garapenak, eta euren atzaparretan harrapatuta biziko gara nahitaez.

    Globalizazioa beraz, ekidinezina da, baina egindakotik ikasi beharra dago, eta herri bakoitzak bere izatearekin hoberen egokitzen den zientziabidea aurkitu behar du. Askoren globalizazioa bideratu behar dugu, orain nagusi dena, gutxi batzuen globalizazioa, aldatu ahal izateko.

    Blog honetan, begia munduari begira jarrita izango badut ere, geurea, euskaldunona, eraikitzeko laguntzen ahaleginduko naiz.

    Izan ARGIAko bazkide: astekariko harpidedun edo argia.comen laguntzaile

    Joxerra Aizpurua

    Zientzia eta teknologia gaiak laborategietatik atera nahi ditut; ez naiz neutrala izango. Iritzi kritikoa eta eraikitzailea ematen saiatzen naiz.

    Azken bidalketak

    • Garoñan harroputzek bakea sinatu dute
    • Zentral nuklearren amaieraren eztabaida pil-pilean Frantzian
    • Josetxo Portu
    • Garoña itxiko dute, baina eraitsiko al dute?
    • Txekeatu zure pilula

    Iruzkin berriak

    • itsasegia --> Garoñan harroputzek bakea sinatu dute

    Artxiboak

    • Maiatza 2013
    • Apirila 2013
    • Urtarrila 2013
    • Abendua 2012

    Atalak

    • energia nuklearra
    • osasuna
    • Sailkatugabeak

    Meta

    • Hasi saioa
    • Sarreren RSSa
    • Iruzkinen RSSa
    • WordPress.org

    ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA