Slump doktorearen zaintiratua
    Hasiera » Uncategorized » #hautesporra irabazteko gida
    urr15 2

    #hautesporra irabazteko gida

    Atalak: Uncategorized

    Podiuma osatzeko hautagai nagusiak.

    Podiuma osatzeko hautagai nagusiak.

    “Zer egin behar dut Beranduegi web telebistako kideek hilaren 21eko bozei begira antolatutako #hautesporra irabazteko?”. Laguntza gisa, hemen duzue hedabideek egindako inkestetan oinarritutako kiniela bat, inork kopiatu nahi balu. Hautagaitza bakoitzaren ibilbidea eta taldeburuen sasoi puntua abiapuntutzat hartuta osatu dugu porra, txirrindularitzari buruko analisiak eredutzat hartuta.

    Zurrunegi topatu dugu Urkullu, lider bati dagokion alaitasunik gabe.

    Zurrunegi topatu dugu Urkullu, lider bati dagokion alaitasunik gabe.

    EAJ (Iñigo Urkullu): Karisma handiko taldea –bere osotasunean; ez soilik hauteskunde hauetara aurkeztuko duena– eta historiako liderrik guapoena –Carlos Garaikoetxea pekatariaren baimenarekin–. Bere sasoi puntuak zalantzak sortzen ditu –pulpitu gainean zurrunegi ikusi dut–, baina zementuzko aldapa pikoetan aliantzak bilatzeko duen gaitasunari –ez baina bai, bai baina ez estrategia erabilita– eta beste alderdietako fitxaketei esker, balizko gabezia hori erraz beteko du. EAJk irabaziko ditu hauteskundeak, ez da dudarik. Hala diote komunikabideek egindako inkesta guztiek: 24 eta 27 eserleku artean ematen dizkiote galdeketa gehienek, Aztiker enpresak Naiz.info eta Gara egunkariarentzat egindakoak salbu. 28 ematen dizkio tartean behin eguneratuz joan den inkesta horrek. Gutxiago emango dizkiot nik, bi hedabide horiek EAJren emaitzak desitxuratzeko izan dezaketen tentazioagatik. Izan ere, zifra puztuta, EAJko militanteak gehiegi fidatu eta bozka egunean haietako batzuk etxean geratzea desio dutela uste dut.

    Nire apustua, beraz, EAJ = 26 eserleku.

    Vocento taldeko egunkariek 25-27 eserleku ematen dizkiote EAJri; Noticias taldekoek 24-25; eta El Mundok eta Eusko Jaurlaritzak 24-26.

    Laura Mintegi bandera-astintzaile; artean ez zekien taldeburu izendatuko zutenik.

    Laura Mintegi bandera-astintzaile; artean ez zekien taldeburu izendatuko zutenik.

    EH Bildu (Laura Mintegi): Ez hain ekipo karismatikoa, eta taldeburu gisa aurrenekoz aurkeztuko den lider zintzoegia. Ez dut uste andereñoren erasoek pozoi gehiegi eramango dutenik, eta zaila izango du Urkullu bezalako azeria ezustean harrapatzea. Adi, dena den, “zaila” eta “ezinezkoa” ez baitira sinonimoak. Urriaren 21era bitartean edozer gerta daiteke, eta bide bazterrean tropelaren zain dauden zaletu askok Mintegiri bultzada ematea erabaki dezakete EH Bildukoek hauteskunde-karabanan fundamentuzko opariak botatzen badituzte: euskarazko txio batzuk, fiskalitate progresibo pixka bat, elikadura autodeterminazioa, burujabetza subiranogarria… Kontuak kontu, koalizioak ez du arazorik izango bigarren indar bozkatuena izateko, tropelaren atzealdean dauden taldeek nahikoa lan izango baitute kontrolez kanpo ez iristearekin. Kasu honetan ere Aztikerrek ematen du kopururik altuena: 24 eserleku. Gainerakoak 20-23 artean geratzen dira. Gutxien El Mundok ematen dizkie: 20 eserleku. Ez dakit zer pentsatu. Ez dut uste Garak eta Naizek EH Bilduren boto-emaileak etxean geratzea nahi dutenik, eta El Mundok boto-emaile horiek zifra hain baxuarekin probokatzea… Tira, EAJk 4 eserlekuren aldea aterako diola pentsatzen dudanez:

    Nire apustua, EH Bildu = 22 eserleku.

    Vocento taldeak 21 eserleku ematen dizkio, Jaurlaritzak 21-23 eta Noticias-ek 21-22.

    Samuel Sanchez, lehendakariari esplikatzen bizikleta frenatzeko zer egin behar den.

    Samuel Sanchez, lehendakariari esplikatzen bizikleta frenatzeko zer egin behar den.

    PSE-EE (Patxi Lopez): Taldeak geroz eta karisma gutxiago du eta pedal kolpe traketsarekin datorren lider maczaleak hilaren 21ean galduko du geratzen zaion sinesgarritasun apurra. Alderdiko kirol-zuzendariek taldeburu moduan Patxi Lopez mantendu izana ez dago ulertzerik, ez bada –auskalo zergatik– maldan behera kontrolik gabe doala ikustearekin nahikoa ez, eta amildegitik behera erortzea desio dutelako. 2009an 25 eserleku lortu bazituen –EAJk baino 5 gutxiago–, inkesta guztiek sekulako zartakoa aurreikusten diote oraingoan. 15 eta 18 eserleku artean jasoko lituzke PSEk, salbu eta Aztikerren arabera (12 ematen dizkio hark). Gertuago ikusten ditut 15-16tik. Ni Zumarragakoa bainaiz –badakizue, Gipuzkoan PSEren esku dauden hiruzpalau oasietako batekoa– eta badakit sozialisten deskalabruak sekula ez direla izaten politologo abertzaleek aurreikusi bezain handiak.

    Nire apustua, PSE-EE = 15 eserleku.

    Vocentok 15-16 eserleku ematen dizkio; Noticiasek eta Jaurlaritzak 16-17; eta El Mundok 16-18.

    Antonio Basagoiti, barrita energetikoak administratzen dizkion gregarioarekin (Elmundo.es).

    Antonio Basagoiti, barrita energetikoak administratzen dizkion gregarioarekin (Elmundo.es).

    PP (Antonio Basagoiti): Karisma gutxiko taldea –ez soilik ARGIA.com-eko irakurleen begietara– eta lider ahul samarra, mitinetan-eta beldur gehien berak ematen duen arren. Apustua egitean zalantza gehien sortzen didan alderdia da: 9, 10, 11, 12, 13? Zaila da, gainera, PPren emaitza zerk baldintza dezakeen jakitea. Jarrera oldarkor bezain baldarra erakusten ari den liderrak, esan dugu, ez ditu erabaki ezinik dabiltzan boto emaile asko konbentzituko, bere programak ere ez du ezustekorik gordetzen, gehiago ari da beste taldeburuen gurpilei begira, zenbait adituren hitzetan haren boto-emaile batzuk EAJren alde egingo dute (EH Bilduk ez irabaztearren)…

    PSEren eta PPren artean EAJk baino aulki gutxiago lortuko dituztela pentsatzen dut nik.

    Nire apustua, PP = 10 eserleku.

    Vocentok eta Jaurlaritzak ere 10 ematen dizkiote; El Mundok 12 eta Noticiasek 11-13.

    UPyD taldea Torrijos herrian, Ajuria Eneara heltzeko bidezidorra hartzear.

    UPyD taldea Torrijos herrian, Ajuria Eneara heltzeko bidezidorra hartzear.

    Besteak: Ezker-eskuin, paisaiaz disfrutatzera datozen bi alderdiren –Ezker Anitzaren eta UPyDren– artean banatuko dituzte falta diren bi aulkiak. Ez litzateke harritzekoa izango, gainera, pastela txikiagoa izatea eta aulki horietako bat goiko alderdiren baten eskuetan erortzea. Inkestek diotenez Maneiroren alderdiak gehienera ere eserleku bat lortuko du (Araban), baina porra irabazi nahi duenak arriskatu egin beharko duenez… Gainera, Ricardo Sáenz de Ynestrillas mesiasak argi erakutsi die jarraitu beharreko bidea zein den, eta bidezidorrak hartzen espezialistak dira hauek, haien bila Madril inguruko lautadetaraino joaten diren arren.

    Nire apustua, UPyD = 2 eserleku. Eta Ezker Anitza = 0 eserleku.

    Dena den, hemen morboa duena da EAJren eta EH Bilduren artean zein alde egongo den jakitea. Nik abantaila handi samarra eman diot EAJri, baina badira EH Bilduk eserleku gehiago lortuko dituela pentsatzen hasiak direnak. Hala balitz, are morbo handiagoa izango luke Urkulluk lehendakaritzara heltzeko norekin negoziatuko duen ikustea, inork gutxik uste baitu EAJk karguari ihes egiten utziko dionik, emaitzak edozein izanik ere. Irabazleak zein aliaturekin gobernatuko duen asmatzeko beste porra bat antola genezake.


    Izan ARGIAko bazkide: astekariko harpidedun edo argia.comen laguntzaile

    2 Iruzkin

    1. Markel | Urria 15, 2012 at 10:57 pm

      EH Bildu: 24
      EAJ: 27
      PSE: 12
      PP: 9
      EzkerAnitza: 2
      UPyD: 1

      Erantzun
    2. jon-torner | Urria 16, 2012 at 8:37 am

      Milesker zure ekarpena egiteagatik Markel (gehiago asmatzen badituzu leku txarrean lagako nauzun arren), baina #hautesporraren epailea Twitter da. Lehiaketan parte hartu nahi baduzu, egin Beranduegi saioaren jarraitzailea (Twitterren) eta bidali zure kiniela #hautesporra traolarekin. Zorte on!

      Erantzun

    Iruzkina idatzi Erantzuna deuseztatu

    Zure e-posta helbidea ez da inoren ikusgai izango.
    * Bete beharreko eremuak

    *

    *

    HTML etiketa hauek erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>

     

    Jon Torner Zabala

    Goiburua irakurtzean barre egingo duzue nire belaunaldiaren biktima zaretenok. Komikiak eta kirola esaldi berean uztartzeko modurik onena iruditu zait. Arale hiperaktiboaren sortzailea batetik, eta kirolariak aulkira eramaten dituen lesioa bestetik. Funtziona dezake.

    @jtorner Twitterren

    Jarraitu @jtorner

    Tweets by @jtorner

    Azken bidalketak

    • Alain Orsoni, Ajaccio futbol taldeko presidentea: “Hil nahi banaute, erraz daukate, egunero ordu berean ateratzen naiz etxetik”
    • Eskalatzaileak eta sherpak, Everesten ukabilka
    • Diputazioak Bilboko saskibaloi taldeari zorra barkatzea “eskandaluzkoa” da, oposizioaren arabera
    • Jainko dirua futbol armarrien diseinatzaile, erlijioaren izenean
    • Incal: galaxia paraleloetan katramilatua

    Iruzkin berriak

    • Protestas contra los últimos fusilamientos de Franco - Pedradas --> Alain Orsoni, Ajaccio futbol taldeko presidentea: “Hil nahi banaute, erraz daukate, egunero ordu berean ateratzen naiz etxetik”
    • Mikel Begoña --> Incal: galaxia paraleloetan katramilatua
    • Chris Searles --> Eskalatzaileak eta sherpak, Everesten ukabilka
    • Pernan --> Incal: galaxia paraleloetan katramilatua
    • Jon Torner Zabala --> Incal: galaxia paraleloetan katramilatua

    Artxiboak

    • Maiatza 2013
    • Apirila 2013
    • Martxoa 2013
    • Otsaila 2013
    • Urtarrila 2013
    • Azaroa 2012
    • Urria 2012
    • Uztaila 2012
    • Ekaina 2012
    • Martxoa 2012
    • Otsaila 2012
    • Urtarrila 2012
    • Azaroa 2011
    • Iraila 2011
    • Ekaina 2011
    • Apirila 2011
    • Martxoa 2011
    • Otsaila 2011
    • Urtarrila 2011
    • Abendua 2010
    • Azaroa 2010
    • Urria 2010
    • Iraila 2010
    • Abuztua 2010
    • Uztaila 2010
    • Ekaina 2010
    • Maiatza 2010
    • Apirila 2010
    • Martxoa 2010
    • Otsaila 2010
    • Urtarrila 2010
    • Abendua 2009
    • Azaroa 2009
    • Urria 2009
    • Iraila 2009
    • Abuztua 2009
    • Uztaila 2009
    • Ekaina 2009
    • Maiatza 2009
    • Apirila 2009
    • Martxoa 2009
    • Otsaila 2009
    • Urtarrila 2009
    • Abendua 2008
    • Azaroa 2008
    • Urria 2008
    • Abuztua 2008
    • Ekaina 2008
    • Apirila 2008

    Atalak

    • Antzerkia
    • Azpiegiturak
    • Ekonomia
    • Euskara
    • Futbola
    • Gizartea
    • Hedabideak
    • Hizkuntzak
    • Internet
    • Kirol psikologia
    • Kirola
    • Kirola eta politika
    • Komiki kritikak
    • Komikiak
    • Kulturgintza
    • Literatura
    • Musika
    • Natura
    • Nazioartea
    • Osasuna
    • Politika
    • Uncategorized
    • Zientzia eta teknologia
    • Zinema

    Meta

    • Hasi saioa
    • Sarreren RSSa
    • Iruzkinen RSSa
    • WordPress.org

    ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA