Hasiera »
Itsaso Zubiriaren bloga - Errekatik ibaira
Itsaso Zubiria Etxeberria
1990ean Hernanin jaioa. Historia txikiak bilatzen ditut, beren txikitasunean handi direnak.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Xabi Amedo(e)k Galtza motzak eskuluzeen paradisu bidalketan
- Zubiria zubix(e)k Galtza motzak eskuluzeen paradisu bidalketan
- Itsaso Zubiria(e)k Galtza motzak eskuluzeen paradisu bidalketan
- Eneritz(e)k Galtza motzak eskuluzeen paradisu bidalketan
- Itsaso Zubiria(e)k Galtza motzak eskuluzeen paradisu bidalketan
Galtza motzak eskuluzeen paradisu
2015-07-30 // Sailkatugabeak // 5 iruzkin
“Neskatila gazteak orain, udaran, beraien gorputza sexiagoa edo gehiago erakuste aldera, arropa oso motzarekin ateratzen dira; shorts modukoak jarrita edo goikaldetik ia ia sujetadoretan doazela ematen duelarik. Eta noski, hori gutxi balitz, ze gutxi da, mugikorra bular arteko canalilloan eramatera ausartzen dira; edo bestela short-aren atzekaldean, mini-poltsikoan. Que vamos, horrek dauka arrisku pila bat eskua sartzeko. Ez ipurdia ukitzeko, baizik eta mugikorra lapurtzeko. Gero nola ez dizute bada eskua sartuko? Normal!”.
Hitz horiek lasai ederrean izan litezke Opus Deiko kideren batenak, Munilla apezpikuarenak akaso… Baina ez, asteazkenean Euskadi Irratiko Faktoria saioan Jon Urbietak esanak dira. Modu bromosoan bota ditu hitzok Unai Goikolearen (ETBko Itxuroso programako aurkezleetako bat) imitazioa egiten ari zela. Lotura honetan daukazue entzungai, 2,45 minututik aurrera.
Baina agian arrazoi izango duzu, Jon, galtza motz horiekin probokatu besterik ez dugu egiten emakumeok; nola ez digute bada eskua sartuko kalera horrela aterata? Ulertzen dut, beraz, zure proposamena izango dela emakumeok kalean tapatuago ibiltzea eta mugikorra eskuan edo poltsan daramagula, eskua sartzeko tentaziorik izan ez dezaten; lapurrek, noski!
Ironia ironia da, broma broma, iraina irain eta erasoa eraso. Bereizten jakitea ez legoke gaizki.
Asilo politikoa ukatu dio Espainiak Hassanna Aalia sahararrari
2015-01-20 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Hassanna Aalia gazte sahararrari asilo politikoa ukatu dio Espainiako Estatuak eta hamabost egunen buruan herrialdea uzteko agindua dauka.
2010ean sahararrek antolatutako Gdeim Izik “duintasunaren kanpamendua” deitutakoan parte hartzeagatik bizi osoko kartzela zigorrera kondenatu zuen tribunal militar batek 2013an, beste hogeita lau kiderekin batera. 2011n ireki zuen sumarioa tribunal militarrak, eta Hassanna Aalia atxilotzeko agindua eman zuten. Egun haietan Euskal Herrian zegoen gaztea, eta bertan geratzeko erabakia hartu zuen.
2012ko urtarrilean eskatu zion Espainiari asilo politikoa, tribunal militarraren sententzia atera aurretik, eta hiru urte beranduago iritsi zaio erantzuna. Ezezkoa.
2010ean Gdeim Izik “kanpamendu askean” parte hartu zuela eta atxilotu eta torturatua izan zen, gaur 26 urte dauzkan Aalia. Epaiketa ere izan zuen eta libre utzi zuten. Ondoren iritsi zen, ordea, tribunal militarraren akusazioa eta kondena.
Ikusi orain urte bete ARGIAn egin genion elkarrizketa.
Firma bilketa
Espainiar Estatuak Hassanna Aaliari asilo politikorako eskubidea ukatu izana salatu eta saharar gaztearen egoerari konponbidea emateko firma bilketa hasi dute sarean.
Isabel Vallet i Sánchez (CUPeko diputatua): “Guretzat independentzia benetako burujabetza eraikitzeko tresna da”
2014-11-11 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Egun handiaren bezperatan harrapatu genuen Isabel Vallet i Sánchez CUPeko diputatua, eta kanpainaren azken orduetan eskaini zigun bere denbora apurra. Bartzelonako metropolian, Santa Coloma langile auzoan elkartu ginen berarekin, bertan izan baitzuen azkenetako mitina, auzokide batzuekin batera.
Eguerdirako Bartzelona erdialdean egon behar zuela eta, metroan izan genuen lehen hizketaldia eta aritu ginen, treneko asko bezalaxe, modako gaiaz, hangoaz eta hemengoaz… Alde batetik besterako ibilbidean, edozein txokotan bolondresak oinezkoei bozka non eman azaltzen ikusi genituen; kalean kontsulta gosea, demokrazia usaina. Baina Isabelek argi esan zigun azaroaren 9koa aldarrikapen eguna izango zela, beldurra galtzearen erakustaldia; ordea, ez zela ezer bukatzen, astelehenean ere argituko zuela egunak eta lanean jarraitu beharra dagoela.
Lurraldetasunaz, askatasunerako hautuaren bilakaeraz, kargu instituzionalez eta prozesu eratzaileaz esandako beste hamaika kontu baina, bideo honetan laburbildu ditugu:
Elkarrizketaren egileak: Nerea Eizagirre eta Itsaso Zubiria
Bartzelonako kaleetan azaroaren 9az
2014-11-10 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Irakurri ditugu azken hilabete hauetan zehar hedabideetan azaroaren 9aren inguruan betetako orrialde asko eta asko, baina egunean bertan Bartzelonan herritarrekin hitz egiteko aukera izan dugu, eta bideo honetan duzue laburpena:
(Elkarrizketak: Nerea Eizagirre eta Itsaso Zubiria)
Zenbakiak zenbaki, herri batek irabazi du
2014-11-09 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Larunbatean nabaritu genuen jendea aztoratuago. Kanpotik begiratzea tokatu zaigunok ostiral ilunabarrean emozioz galdetzen genien lagun katalanei zer, zer espero zuten azaroaren 9rako, nola bizi duten prozesu guztia. Eta eurak, itxura batera lasai, ez zegoela batere garbi; batzuk positiboago, eta beste batzuk zalantzati. Baina orduak aurrera joan ahala, hasi dira tarteka kantuan batzuk, irribarrea ahoan goizean-goiz amonarekin bozka emateko geratuta dagoela kontatzen bestea, lehen ordurako bolondres moduan lanean hasteko gogoz ondokoa. Eta sortu da halakoxe atmosfera bat alaia, desobedientea eta ilusio handikoa.
Goiz hasi da eguna Bartzelonan. Bederatzietarako ireki dituzte hauteslekuak, eta ordurako kalean zen jendea; batzuk bolondres lanean, eta beste batzuk botua eskutan, aurrenak izan nahian. Izugarrizko ilusioa arnastu ahal izan dugu lehen ordutik eta inbidiaz begiratu diegu banaka-banaka paperak ontzietan sartzen ari zirenei. Emozioz beteta pasa dugu eguna; ikusi dugu geure begiekin herri bat bere etorkizuna erabaki ahal izateko pauso bat ematen. Bozka bereziak izan dira; sinbolikoak ez soilik herriarentzat, sinbolikoak norberarentzat ere, egun historikorako prestatu eta momentua bere jendearekin, bere modura bizi ahal izan dute.
Eta iritsi dira eguerdian lehen partehartze datuak, 13:00era artekoak. 1.142.000. Kalkuluak etorri dira gero, “Estatutuarenean hainbeste izan ziren ordu honetarako, 78ko Konstituzioarenean hainbeste…”. Bozetara deituta zeuden ia 6 milioietatik 1.142.000. %21. Gràciako auzotar batzuekin bazkaltzen harrapatu gaitu berriak, baina ez da emozio berezirik nabaritu. Pixkanaka arratsaldean zehar baretuz joan da giroa, eta hurrengo datuak ezagutzeko lekua ere jarri du zenbaitek, taldean ikusteko.
19:30ak. 18:00ak arteko partehartze datuak. 1.977.000. 19:00etarako Gràciako lokal batean elkartu gara bertakoekin, eta bigarren partehartze datuak emandakoan halakoxe giro nahasia sortu da. Zifren handitasunaz guztiz ez jabetzerainokoa, agian. Minutuak pasa ahala, ordea, joan da nagusitzen ilusioa eta euforia. Telebistari adi, gutxinaka datuak ezagutzen joateko gogoz nabari da jendea, eta emozioz ari dira bizitzen azaroaren 9ko azken orduak.
Larunbatean esan ziguten ez zela zenbakietan sartu behar, baina ahopean, 2 milioi inguruan zegoela arrakastaren prezioa. Ez dakit zifratan non egon daitekeen garaipenaren muga, baina badakit, zenbakiak zenbaki, herri batek irabazi duela. Zorionak.
Lehen orduak normaltasun osoz azaroaren 9an
2014-11-09 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
1.142.210 lagunek eman dute botoa 13:00etarako, datu ofizialen arabera.
Ireki dira bozka emateko kolegioak goizeko bederatzietarako. 6 milioi inguru dira galdeketan parte hartzera deituta daudenak, eta 40.000 bolondresek eman dute izena azaroaren 9 honetan guztia antolatu eta dena ondo atera dadin.
Kolegioak irekitzerako jendea ilara luzeak osatzen hasia zen ate aurrean, botua eskuetan ondo elduta. inongo arazorik gabe eman zaio hasiera egunari eta mugimendu handia nabari da bozka-lekuetan. Zahar eta gazte, ilusio handiz ari dira bizitzen eguna herritarrak, eta ez du inork aprobetxatu gabe utzi nahi aukera.
Partehartze balorazioak egiten joango dira eguna aurrera doan bezala, eta espero da gauerako jakingo direla zifrak. Halere, benetako emaitza ezagutzeko gehiago itxaron beharko dugu.
#a9kat Tweets
//
Armada Bartzelonara eta Urrezko Egunsentia Valentziara, badaezpada
2014-11-05 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Espainiako Armadaren fragata batek Bartzelonako portuan egingo du geldialdia, azaroaren 9rako hiru egun besterik geratzen ez direnean. Konstituzio epaitegiak azaroaren 9rako deituta dagoen galdeketa debekatu eta Generalitateak, hainbat alderdik, zein herri mugimenduak aurrera jarraitzeko deia zabaldu duten egun berean argitaratu du berria Nació Digital hedabideak: L’Armada envia una fragata a Barcelona tres dies abans del 9-N.
Itsasontziari izena da ondoen etorri zekiokeena. ‘Cristobal Colon’ deituak Bartzelonako portuan Cadizera abiatu aurretik atsedenaldi eskala egingo duela azaldu dute, eta publikoari ateak irekiko dizkio, ABC egunkariak definitu duenez “helburu nagusia defentsa nazionala” duen fragatak.
Eta Espainiako gobernua Kataluniako galdeketa nondik edo handik ilegalizatzeko saiakeratan ari den bitartean, arazo handiegirik gabe egin du legezko Urrezko Egunsentia; Grezian sortutako alderdi ultraeskuindarra. Horrela dio, behintzat, elsingular.cat hedabideak. Espainiako Barne Ministerioko erregistroan dago eta dagoeneko egoitza ere badauka, non eta Alcoi-n (Alacant, Valentzia). Antonio Vicedo da buru, 2008an Alacant-eko Alianza Nacional taldeko zerrendan lehen joandakoa, eta behin baina gehiagotan talde ultraeskuindarrekin lotu dena.
Loturarik ez duten mugimenduak? Kasualitatea? Bakoitzak atera ditzala bere ondorioak.
Estereotipo #itxuroso-ak
2014-08-28 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
– Ikusi zenuen zein ondo disimulatu zizkioten ipurdiak?
– Zer, Mediaset-eko kate horietako batean bota zuten programa hartakoa?
– Ez, etb1-ekoa.
– A, bai bai, barkatu nahastu egin naiz, hori esan nahi nuen. Esan zuten bezala, emakume haren gorputzak mugak zeuzkan baina #itxuroso jakin zuten tapatzen.
– Egia esan lau itxuraldaketak ikusi nituen, eta jolin, ze arropa polita dagoen El Corte Inglesen! Estilo guztietakoa, adin guztietarako… Igual bihar joango naiz begiratu bat ematera.
– Ez da ideia txarra! Gainera, atzo ikusi eta ikasitako moda kontsejuekin guk ere lortuko dugu estilizatzea.
– Eta ez gaizki hartu, baina zure femeninotasuna atera beharra daukazu! Atzo ikusi zenuen bi soinekorekin printzesa bat izatera iritsi zaitezkeela!
– Bai, arrazoi duzu… Baina gure estilo berriarekin bat datozen mutilak beharko ditugu, #itxuroso jantzita doazenak!
– Nik pentsatu dut dagoeneko zer erosiko diodan mutilari. Ikusi zenuen ze guapo atera zen aldagelatik atzo trajez jantzita gizon hura? Beren bilera garrantzitsuetara joateko, konpromisozko bazkari-afarietara…
– Bai… Enpresa gizonak… Mundu maskulinoan mugitzeko ere eman zituzten pista #itxuroso-ak.
– Bueno, bihar erosketak egin eta modan jartzera beraz!
– #Itxuroso!
Egunero bonbardatzen gaituzten krema antizelulitikoen iragarkiak, hezur eta azal dauden emakumeen “edertasun” estereotipoz jositako autobus geltokiak, betirako gazte mantenduko gaituzten edabe magikoak eta abar luze bat nahikoa ez, eta orain programa yankee-en estilora erakutsiko digute nola jantzi, makilatu eta prestatu behar dugun #itxuroso egoteko.
Arrosako zolako izpiritua Lekorneko Garroan
2014-07-01 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
EHZ Festibaleko webgunean sartzen da laguna, urtero legez, eta hasten da saltseatzen aurtengoan zer topatuko duen jaialdian, zein musika talde ikusi/entzungo dituen, zein hizlari aditzeko aukera izango duen, ze kale antzerki, zirkurekin egingo duen topo arratsaldean pentzean eserita dagoen tarte horretan… Baina horrekin batera, laguna hasten da kuxkuxeatzen zein helbururekin eginda dagoen hau guztia, nondik datorren jaialdia… Eta hasten da pentsatzen azken sei urteetan berak ezagutu duen festibalak zer duen oinarri: euskal hizkuntza eta kulturari bultzada ematea, euskaldunon topaleku izatea, laguntzaileetan sostengatutako jaialdi parte-hartzailea eraikitzea, ingurumena zaintzea, kontsumo etikoaren eta bertako produktuen kontsumoaren baloreak zabaltzea, barnealdean dinamikak sortuz herria piztea etab.
Baina 1996ko hartan zer izango zen Euskal Herria Zuzenean? Kanaldudek eman dio erantzuna kideari. 96ko uda hartan Arrosako zolan estreinakoz ospatu zen festibaleko irudiak daude ikusgai, eta murgildu da bideoan. Entzuten ditu Irulegiko irratikoak hiru egunen jarraipena egiten eta ikusi ditu, berak azken sei urteetan bezalaxe, bere gurasoak edo euren lagunak izan zitezkeenak, elkarlanean festibala aurrera ateratzen; aditu ditu irrati librekoak aipatzen barnealdetik ihesa dagoela kostalde eta hirietara baina herrian bizi eta lan egin nahi duenik ere badela eta horretan indarrak jarri behar direla; entzuten du gazte euskaldunen topaketa izateaz gain, generazioen arteko harremanak sortzeko tresna dela; ikusten ditu, berak iragan asteburuan bezalaxe, informazioa banatuz eta antikontzeptiboak eskainiz boluntarioki lanean ari diren prebentziorako taldeak, eta egin dituzte irrati libreen topaketak, hainbat herrialdetan era honetako komunikabideetan lanean ari den jendean bertan dela.
Eta hemeretzi urteko tartean, makina bat berezitasun egongo dira adiskideak ezagutzen ez dituenak, baina 1996ko irudiak ikusi eta 2014ko EHZ bizita, konturatu da orain ia bi hamarkada Arrosako zolan sortutako izpirituak bizirik jarraitzen duela, eta gainera geroz eta jende gehiagok egiten duela bere. Eta lagunak pozik dio: “badirudi Hegoaldekoak (ezagun batek dioen bezala Hegozentristak) ere hasi garela Iparraldea urrutiko lurralde hura moduan ikustetik bidelagun bati bezala begiratzera pasatzen, azken urteetako aldaketa nabaria izan baita zentzu horretan”.
Jaialdia urtez urte ezagutu nahi duenak kanaldude.tv-n ditu bideo guztiak.
Hemeretzigarrena hasi aurretik eskerrik asko EHZ!
2014-06-27 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Gaur, ostiralez, irekiko ditu ateak arratsaldeko 17:00etan Lekornen (Lapurdi) antolatu den EHZ Festibalak. Laguntzaile bolondresen lanean oinarrituz antolatutako hemeretzigarren jaialdia aurtengoa, hiru egunez musika, antzerki, dantza, hitzaldi eta abarrez gozatzeko aukera ezin hobea izango dugu. Ipar Euskal Herrian 1996.urtean lehen aldiz Arrosan (Zuberoa) bertako pentzeak euskal nortasun, hizkuntza, kultur eta baloreekin koloreztatu zituztenetik, Idauze-Menditik (Zuberoa) eta Heletatik Behe Nafarroa) pasaz 2014an Lekorneko Garro gazteluraino ailegatu dira. Eta ez azkena izateko asmoz, geroz eta gehiago baikara hiru egunez bada ere beste eredu batzuen baitan bizi izatera gerturatzen garenak; elkartasunean oinarritutako jaialdiaz gozatu, formatu eta beste bizi eredu bat aldarrikatu asmoz.
Ez da soilik festibal huts bat, musika entzun eta ikuskizunez disfrutatzera goaz eta listo, ez; ikusten duzu hitzaldi bakoitza helburu jakin bati lotuta dagoela, antzerki bakoitzak zerbait esaten dizula, musikarien hitz bakoitza neurtua dela, eta komun idor horiek… ai komun idor horiek…
Eskertzekoa da festibala bukatu eta dagoeneko hurrengoan pentsatzen ari den lantalde zabal horren lanerako grina. Beste bizi eredu baten beharra ikusirik hitzetan bakarrik geratu gabe pausoak ematen ari zareten guzti horiei eskerrik asko aurtengoan ere egiten ari zareten guztiagatik; euri eta ekaitz tarteko, ziur nagoelako ez garela damutuko bertaratu izanaz.