Irati Sarasuaren bloga
    Hasiera » Politika » Herri bat atzean dugula sentitu dut eta horrek indar handia eman dit
    urt29 0

    Herri bat atzean dugula sentitu dut eta horrek indar handia eman dit

    Atalak: Politika

    Ekaitz Ibero donostiarra.

    Ekaitz Ibero donostiarra.

    Ni Ekaitz Ibero naiz. 25 urte ditut eta autobus bat erre izana egotzita otsailaren 4an, beranduenez, kartzelara aurkezteko agindu didate. 2007ko urriaren 30ean atxilotu ninduen Espainiako Poliziak. Astebete lehenago jarraika nituela sentitu nuen, baina ez nion garrantzirik eman. Atxilotu aurreko gauean, aldiz, jarraika nituela ohartuta oso urduri iritsi nintzen etxera, senideek ere esan zidaten urduri nabaritzen nidutela.

    Donostiako hainbat gazteri gertatu zitzaien bezala, urriaren 30eko goizeko ordu txikitan etorri ziren ni atxilotzera. Begiak ireki orduko poliziak pistolak eskuan zituztela nire gelan ikusi nituen, nire inguruan zeuden. Lau egun inkomunikatuta pasa nituen, oso gogorra izan zen. Torturatu egin ninduten eta une oro gutxiesten ninduten. Azkenean, galduta nengoen. Gero espetxeratu egin ninduten eta bertan ere beste bost egun inkomunikatuta pasa nituen, modulura eraman ninduten arte. Guztira bederatzi eguneko inkomunikazio aldia izan zen.

    Hamazazpi hilabete pasa nituen kartzelan eta jende jatorra ezagutu nuen. Madrileko bi espetxetan egon nintzen. Hasieran, Valdemoron eta, ondoren, Alcala Mecon. Ondoren, amak minbizia zuenez baimen berezi bat eman zidaten etxera bisitan joateko. Hiru egunez etxean bis a bis moduko bat egin genuen.

    Espetxean izan nuen amaren gaixotasunaren berri, eta hori oso gogorra izan zen. Kristaletik nabaritzen nuen ez zegoela ondo. Berez da gogorra gaixotasuna eta kartzelan are gehiago. Ez nekin zer egin. Oroitzen dut behin aitarekin telefonoz ari nintzela eta deiaren amaieran ama oso gaizki zegoela esan zidala. Aste horretan ez nuen inorrekin hitz egin nahi izan eta irakurtzen pasa nituen egunak, ezinegona sentitzen nuen.

    Bi epaiketa izan ditut. Lehenengoa 2010eko ekainaren 28an hasi zen. Donostiako hainbat gazteri Segi erakundeko kide izatea egozten ziguten eta fiskalak seina urteko kartzela zigor eskaera egin zuen. Polizia etxean eta epailearen aurrean egindako deklarazioak zituzten gure aurka, besterik ez. Horrez gain, gure aurkako frogak gure etxebizitzetatik hartutako kamiseta, boleto eta zapiak ziren.

    Epaiketa lotsagarria izan zen, gezur asko entzun genituen. Une batean epaileak gela hartatik irteteko aukera eman zidan oso urduri negoelako, torturatu ninduen gizonetako bat aurrean nuelako, deklaratzen eta gezurrak esaten.

    Epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean izan genuen eta auzitegi hark hamabosti seina urteko kartzela zigorra ezarri zigun. Ondoren, Auzitegi Gorenera jo genuen eta aurreko ebazpenak baliogabetu zituen. Orain, Gorenean otsailaren 13an aztertuko dute berriro epaia.

    Bigarren epaiketa iaz izan nuen, urtarrilean. Donostian autobus bat erre izana leporatu zidaten. Hasieran epaitutako lau gazteentzat zortzina urteko kartzela zigorra eskatu zuen fiskalak. Eta, azkenean, besteak absolbitu egin zituen epaileak eta ni zigortu. Lau urte eta hiru hilabeteko kartzela zigorra ezarri zidan hark. Epaimahaieko epaile bat ebazpenaren aurka zegoenez boto partikularra egin zuen. Hartaz baliatuta Gorenera jo genuen baina hura aztertzea ukatu egin zuten. Beraz, lau urte eta hiru hilabeteko espetxe zigorra bete beharko dut.

    Abuztutik nago atxilotze agindua jasotzeko zain. Hiru aldiz beste etxe batera joan dira agindua ematera, ez dut ulertzen. Eta azkenean joan den asteartean, hilaren 22a, jaso nuen agindua. Orduan adierazi zidaten paper hori jaso eta hamar egunera nire burua espetxean aurkeztu beharko nuela.

    Ekaitz Ibero

    Ekaitz Ibero

    Gaur urtarrilaren 28a da, astelehena. Datorren astelehenean, beranduenez, kartzelara aurkezteko agindu didate. Indartsu nago, zalantzarik gabe, motxila pisutxua da, baina, azken finean, bizitzako beste fase batera noa eta burua horretara egin behar dudala badakit. Euskalduna naiz eta euskaldunok badakigu zer dagoen, ezberdinak gara. Baina, egia da, egunak aurrea doazen heinean urduritzen ari naiz. Lau urte eta hiru hilabeteko kartzela zigorra dut betetzeko, eta Gorenaren ebazpenaren arabera, agian hamar urte bete beharko ditut barruan.

    Baina jendeak animo asko eman dit. Kalean geratzen nau jendeak animoak eta besarkada bat emateko. Ezagutzen ez nauen jende asko ere nor naizen jakitean berehala etortzen zait babesa ematera. Mugikorrean lagun eta ezagunen mezuak jasotzen ditut, baita sare sozialetan ere. Egia esan, hunkigarria izan da; oso eskertuta nago, benetan. Herri bat atzean dugula sentitzen dut eta horrek indar handia eman dit. Adibidez, joan den urtarrilaren 19an, Donostian, Euskal gazteria libre eta legala lelopean egindako manifestazioan espetxeratzeko arriskuan gauden gazteok jendearen babesa eta berotasuna jaso genuen, eta horrek aurrera egiteko indarra eman zigun.


    Izan ARGIAko bazkide: astekariko harpidedun edo argia.comen laguntzaile

    Iruzkinik ez

    Trackbacks/Pingbacks

    1. Ekaitz Ibero: “Herri bat atzean dugula sentitu dut, eta horrek indar handia eman dit” - [...] agindupean dagoen Ekaitz Ibero gazte donostiarraren testigantza publikatu du Irati Sarasuak Argiako blogean. Autobus bat erretzea egotzita, lau urte ...
    2. Donostiako bederatzi auziperatuen inguruan herri harresia antolatzeko lanean | Lander Arbelaitz - [...] Hala ere, Ekaitz Iberori kale borroka ekintza batean parte hartu izana leporatzen diote, eta atxilotze agindua du bere aurka. ...

    Iruzkina idatzi Erantzuna deuseztatu

    Zure e-posta helbidea ez da inoren ikusgai izango.
    * Bete beharreko eremuak

    *

    *

    HTML etiketa hauek erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>

     

    Irati Sarasua Arabaolaza

    Komunikabideetatik at geratzen diren bizipen eta sentipenak bilduko ditut blog honetan. Guztiak protagonisten ahotik kontatuta.

    @iratisarasua Twitterren

    Jarraitu @iratisarasua

    Tweets by @iratisarasua

    Azken bidalketak

    • Kartzela politika krudel honetan senide eta lagunen artean sortutako babes sarea oso indartsua da
    • Nire desioa bikotearekin edo gabe ama izatea zen
    • Herri bat atzean dugula sentitu dut eta horrek indar handia eman dit
    • Eztanda bat entzun orduko haize beroak laztantzen gintuen
    • Beti presente dut edozein momentutan iritsi daitekeela epaia

    Iruzkin berriak

    • Patxi --> Kartzela politika krudel honetan senide eta lagunen artean sortutako babes sarea oso indartsua da
    • iratxe --> Kartzela politika krudel honetan senide eta lagunen artean sortutako babes sarea oso indartsua da
    • sugaar --> Kartzela politika krudel honetan senide eta lagunen artean sortutako babes sarea oso indartsua da
    • Donostiako bederatzi auziperatuen inguruan herri harresia antolatzeko lanean | Lander Arbelaitz --> Herri bat atzean dugula sentitu dut eta horrek indar handia eman dit
    • Oliver Reinhard --> Eztanda bat entzun orduko haize beroak laztantzen gintuen

    Artxiboak

    • Apirila 2013
    • Martxoa 2013
    • Urtarrila 2013
    • Abendua 2012

    Atalak

    • Gizartea
    • Historia
    • Politika

    Meta

    • Hasi saioa
    • Sarreren RSSa
    • Iruzkinen RSSa
    • WordPress.org

    ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA