Beti presente dut edozein momentutan iritsi daitekeela epaia
Ezkerretik eskuinera: Asier Olano, Iñigo Alzelai, Ekhi Oñate, Antton Zabala, Txaber Zabaleta, Ekaitz Telleria, Jon Ezeiza, Aitzol Arrieta eta Egoitz Balerdi. Azpian Mikel Garcia.Ni Aitzol Arrieta naiz. Hernaniko gazte auzipetu bat. Nire amesgaiztoa duela ia lau urte hasi zen. Zehazki, 2009ko martxoaren 31ko goizaldean. Egun hartan Hernani eta Urnietako zortzi gazte atxilotuak izan ginen. Bost egun inkomunikatuta eta torturapean pasa nituen, eta ondoren espetxera eraman ninduten. Bertan hamar hilabete pasa nituen eta 2010eko otsailaren 2an geratu nintzen aske, 40.000 euroko bermea ordainduta. Zortea izan nuen horretan, nire koadrilako bat nirekin batera espetxeratu zutelako, eta esperientzia garratz hori lagun batekin pasatzeak pittin bat lasaitzen duelako. Ondo joan zen espetxealdia.
Ingeniaritza ikasten ari nintzen garai hartan, baina espetxean ezin nuen jarraitu bertan UNED-eko ikasketak bakarrik egin daitezkeelako, eta gainera letretakoak direlako egin daitezkeen bakarrak. Beraz, hilabete haietan Zuzenbidea ikasten hasi nintzen. Irtetean ere nire kabuz horretan jarraitu nuen, ikasturtearen erdian itzuli nintzelako etxera. Ondoren, Ingeniaritzarekin jarraitu dut.
Kalera irten nintzen 2010ean, baina kontrol batekin jarraitu dut. Geroztik astero epaitegira joan behar izaten dut sinatzera, eta bi astean behin Ertzaintzaren polizia-etxera. Hemen egon arren buruan beti hori duzu beraz, helduta zaude. Espainiar estatutik irtetea debekatuta dut. Lau urte hauek horrelakoak izan dira.
Epaiketa irailean izan genuen. Dena oso mantso doa. Orain epaiaren zain nago. Gauza ezberdinekin eguna betetzen badut ez dut gehiegi pentsatzen horretan, baina presente beti dago. Badakit edozein momentutan iritsiko dela epaia, aurkakoa edo aldekoa, baina iritsiko da. Beste kasu batzuk ikusten ditut gainera, besteen artean Errenteriako gazte auzipetuena, eta horiei begira zaude, eurekin zer gertatuko den zain, badakidalako horien epaiaren ostean gurea etorriko dela. Beti zaude hori begiratzen, zuk ere zure burua egoera horretan ikusten duzulako.
Ez dakit noiz arte luzatuko den hau, eta zer den hobea epaia ahal bezain laster jasotzea edo aurkakoa. Askotan pentsatu dut zigortu behar banaute onena zela atxilotu ninduten unean bertan jasotzea zigorra, dena jarraian. Garai hartan 19 urte nituen, eta zain nago oraindik, hau ez da amaitu, lau urteak horrela pasa ditut, ez aurrera ez atzera. Hobea al da horrela egon eta 30 urterekin espetxera joatea? Beti presente dut edozein momentutan iritsi daitekeela epaia, horrekin bizi naiz eta ez da erraza.
Izan ARGIAko bazkide: astekariko harpidedun edo argia.comen laguntzaile


Aupa Irati!
Ze itxura ona daukan blogak, benetan! Lehen posteoa ere bikaina, testigantza asko hurbileko zirkuloetan gelditzen baitira dexentetan, eta hau bezalako kasu interesgarriak (hau gogorra zen…) ekartzen asmatzen badezu, blog bikaina egin dezakezu. Halako artikulu bat oso gertuko egiten da eta horrek laguntzen du egoera ulertzen.
Esan bezela animo blogarekin, jarraituko zaitugu!
Hitz eta bizipen unkigarriak… Istorio hauek zabaldu behar dira, baita erdaraz ere, jende guztia jabetu dadin. Animo gaztek!!
Mila esker bioi, benetan. Saiatuko naiz testigantza interesgarriak biltzen… Lan aberasgarria izango dela iruditzen zait; jendearekin bildu, haien bizipenak entzun eta zuentzako hemen idatzi. Ea zuen gustukoak izaten diren.
Laste arte!
Zorionak, Irati. Segi horrela. Lan dotorea egiten ari zera eta.