Ibon Larrazabal
Gure egungo historiaren edo zientziaren ezagutzarekin, azalpenik aurkitzen ez dizkiegun edo zalantza eta galdera bitxiak pizten dizkiguten objektu edo gertaerak. Era berean, mendetan zehar azalpen esoteriko edo magikoak izan dituzten gertaerak, baina egun azalpen zientifiko erraz eta frogatua daukatenak. Blog honen ikuspuntua beti erabat objektiboa eta arrazionalista izango da, nahiz eta objektu eta gertaera hauek azaltzeko erabili diren teoria zentzugabeak ere aipatu.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Asteon zientzia begi-bistan #15 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Longyouko haitzuloak bidalketan
- Asteon zientzia begi-bistan #13 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Ipurtargi sinkronizatuak: naturaren “gabon argiztapena” bidalketan
- Asteon zientzia begi-bistan #10 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Hal Saflieniko hipogeoa: Harri Aroko burmuin garbilekua bidalketan
- Ludovico Coinmaison(e)k Ze arraio! Nikotina eta kokaina egiptoar momietan? bidalketan
- Ostraka euskalduna » Blog Archive » Antikytherako mekanismoa duela bi mila urte. Argia(e)k Antikytherako mekanismoa, historiako lehen ordenagailua. bidalketan
Eguzkia lege unibertsalak hausten
Atalak: Azalpenik gabekoak, Naturaren bitxikeriak, Zientzia bitxia
Eguzki azala
Txikitandik gure intuizioak edo eguneroko esperientziak fisikaren lege bat irakasten digu: beroak, beti, beroago dagoen objektutik hotzago dagoen objekturantz bidaiatzen duela. Horrela ikasten dugu, adibidez, hotz bagara sute batera hurbilduz berotuko garela eta, aldi berean, gehiegi hurbilduz gero erreko garela. Zientzialariak gero etorriko dira intuizio horri lege fisiko baten itxura ematera, hizkera zientifikoan eta unibertso guztirako baliagarriak diren hitz eta esamoldeetan. Kasu honetan, hori da Termodinamikaren Bigarren Legeak esaten duena.
Termodinamikaren Bigarren Lege horrek dioena (eta guk gure hitzetan antzematen duguna) hitzez hitz betetzen da ezaguna zaigun unibertso osoan, leku jakin batean izan ezik: eguzkian.
Eguzkiaren azalak, kromosfera bezala ere ezaguna denak, 5.500 Celsius graduko tenperatura dauka, baina hura inguratzen duen ehunka kilometroko geruzak, eguzki koroak, ostera milioi bat Celsius graduko tenperatura dauka! Berrehun bat bider beroago dago eguzki koroa eguzki azala baino! Hots, beroak eguzkiaren azala uzten duenean Termodinamikaren Bigarren Legea hausten da: lege honek (eta gure intuizioak) esaten dutenez, bietatik beroena beroa isurtzen duena izan beharko litzateke (eguzki azala), eta ez beroa hartzen duena (eguzki koroa). Grafikoki azaltzeko, eguzki koroan gertatzen dena, piztutako bonbilla baten inguruko airea bonbillaren beira baino beroago balego bezalako zerbait litzateke.
Eta nola gerta daiteke horrelako zerbait? Laburbilduz, ez dakigu. Fenomenoa aurkitu zenetik, 1.939an, zientzialariek teoria ezberdinak landu dituzte, baina, egun, batek ere ez du fenomeno hau behin betiko eta erabat azaldu. Proposatutako teorietatik bi dira modu orokorrago batean defendatuak izan direnak: uhin berokuntza eta berkonekzio magnetikoa.
NASAren misio bat, Solar Probe 9 izenekoa, eguzkiaren 9,5 erradioko distantziara hurbiltzeko proiektua martxan dago, koroako beroaren eta beste fenomeno batzuen ikerketarako datuak lortzeko asmoz.