Ibon Larrazabal
Gure egungo historiaren edo zientziaren ezagutzarekin, azalpenik aurkitzen ez dizkiegun edo zalantza eta galdera bitxiak pizten dizkiguten objektu edo gertaerak. Era berean, mendetan zehar azalpen esoteriko edo magikoak izan dituzten gertaerak, baina egun azalpen zientifiko erraz eta frogatua daukatenak. Blog honen ikuspuntua beti erabat objektiboa eta arrazionalista izango da, nahiz eta objektu eta gertaera hauek azaltzeko erabili diren teoria zentzugabeak ere aipatu.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Asteon zientzia begi-bistan #15 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Longyouko haitzuloak bidalketan
- Asteon zientzia begi-bistan #13 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Ipurtargi sinkronizatuak: naturaren “gabon argiztapena” bidalketan
- Asteon zientzia begi-bistan #10 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera(e)k Hal Saflieniko hipogeoa: Harri Aroko burmuin garbilekua bidalketan
- Ludovico Coinmaison(e)k Ze arraio! Nikotina eta kokaina egiptoar momietan? bidalketan
- Ostraka euskalduna » Blog Archive » Antikytherako mekanismoa duela bi mila urte. Argia(e)k Antikytherako mekanismoa, historiako lehen ordenagailua. bidalketan
Henrietta Lacks andrearen zelula hilezkorrak
Atalak: Bizitza errealeko X taldea
Henrietta Lacks
Henrietta Lacks izeneko andrea umetokiko minbizi batek jota hil egin zen 1951n, baina bere gorputzetik baimenik gabe eta jakinarazi gabe erauzitako zelulek egundaino bizirik eta ugaltzen diraute, eta azken hamarkadetako biologia eta medikuntza ikerketetan funtsezko lanabes izan dira.
Henrietta Lacks Baltimore hiriko Turner Station izeneko auzo txiro batean bizi zen arraza beltzeko emakumea zen. Hogeita hamar urte zituela eta bere bosgarren seme-alaba erditu ondoren, odol jario handiak eta oinazeak zituenez, 1951ko urtarrilean Johns Hopkins ospitalera jo zuen, garai hartan eta eskualde hartan arraza beltzeko pertsonak onartzen zituen bakarrera. Bertan umetokiko minbizia zeukala diagnostikatu zioten, eta erradiazio saioak jaso behar izan zituen. Saio horien artean, otsailaren 8an, bere umetokiko lepotik bi zelula lagin atera zizkioten, bata zelula osasuntsuena eta minbizidun zelulena bestea. Lagin horiek Henriettari edota bere familiari jakinarazi gabe eta baimena eskatu gabe atera zizkioten, garai hartako ohiturari jarraituz, baina ez dezagun ahaztu garai hartan arraza beltzeko emakume txiro baten aburua ez zela inon ere aintzat hartzen. Etxera bidali zuten Henrietta eta X izpiekin saioak egitera itzuli zedila esan zioten, baina urte hartako abuztuan berriro ospitalean ingresatu behar zuela eskatu zuen oinazeak ezin baitzituen jasan. Bertan gelditu zen hil arte, urriaren 4an. Autopsiak metastasia gorputz osora zabaldu zitzaiola berretsi zuen. Henrietta hilarririk gabe ehortzi zuten eta hori dela eta, egun ez dakigu bere gorpua zehazki non dagoen lurperatuta.
Henriettaren umetokitik ateratako zelulak George Otto Gey doktoreari eman zizkioten. Honek eta bere laborategiko taldeak, zelulak aztertzerakoan, aurretik inoiz ikusi ez zen zerbaitez jabetu ziren, Henriettaren zelulak laborategian etengabe zatitu eta ugaldu zitezkeela, hil gabe. Ordura arte, laborategietan beste zeluletatik eratorritako zelulak egun gutxi batzuen eta zatiketa kopuru jakin bateren buruan hiltzen ziren, eta zientzialariek denbora gehiago ematen zuten zelulak bizirik mantentzen benetako ikerketetan baino. Baina, esan dugunez, Henriettaren zeluletako batzuk era ezberdin batean portatzen ziren. Zehazki Gey doktoreak zelula jakin bat isolatu zuen eta ugaldu, ezaguna zaigun lehenbiziko “zelula-lerro hilezkorrari” hasiera emanez, lerro honetako zelulak ez baitziren hiltzen zatiketa gutxi batzuen ostean.
HeLa zelulak
Eta nola gerta zitekeen halako zerbait? Ni bezalako ezjakin batentzat bederen, halako zerbait irakurtzeak, mutante baten aurrean, zientzia fikziozko filmetan agertzen diren horietako baten aurrean gaudela pentsatzera bultzatzen nau. Azalpen zientifikoa, antza, urte asko geroago eman zen, 1970ko hamarkadatik Aurrera, eta 2009ko Nobel Saiaren oinarrian egon da. Zelula eukariotak (zelula anitzeko organismoen zelulak) zatitzerakoan kromosomen “telomeroak” (kromosomen puntak, esan genezake, grafikoki ulertarazteko) laburtu egiten dira zatiketa bakoitzean eta azkenean, zatiketa kopuru baten ondoren, hainbeste laburtu dira telomeroak non zelula hil egiten den. Zatiketa kopuru jakin hau Hayfflicken muga deitzen da. Baina HeLa zelulak, minbizi zelulak izanik, papilomaren birusaren informazio genetikoa giza zelulekin nahastuz sortu zirenez, telomerasa entzimaren bertsio aktibo bat daukate zelula zatiketan (beste minbizi zelula batzuk bezala), eta telomerasa honek telomeroen laburketa ekiditen du. Horrela zelulak etengabe zatitu daitezke, zahartu eta hil gabe, Hayfflicken mugarik gabe. (Mediku edo biologoren batek hau irakurtzen badu, ziur eskuak burura eramaten dituela, baina kontuan izan ez gabiltzala adituen artean).
Gey doktoreak “HeLa” izena eman zion laginari eta bertatik eratorritako zelula lerroari, Henrietta Lacksen izenaren hasierako hizkiak hartuz. Aldi berean, Gey doktoreak HeLa zelula hauek eta bere laborategian erabilitako prozedura guztiak doan oparitu zizkion eskatuko zion edonori, zientziaren aurrerapenaren onurarako besterik ez. Jakina, Henriettaren sendiaren edo ondorengoen baimena eskatu behar zuela ez zitzaion otu ere egin.
HeLa zelulen lehenengo erabilpen garrantzitsua polioaren aurkako txerto baten garapena izan zen. Henrietta hil eta denbora gutxira Estatu Batuetan polio epidemia ikaragarria zabaldu zen, gizarte mugimenduak ere piztu zituena. Orduan, polioaren aurkako txertoaren ikerketan, Jonas Salk doktoreak HeLa zelulak polioz erraz infektatzen zirela ikusi zuen eta txertoaren garapenerako onak izango zirela. Horrela, 1953an HeLa zelulak kopuru handietan ekoizteko lantegi bat zabaldu zen, zelulak industrialki ekoizten lehenbiziko lantegia. Honi esker polioaren aurkako txertoa 1954an prest zegoen.
HeLa zelulak industrialki ekoitziak izaten lehenengoak izateaz gain, klonatutako lehenbiziko giza zelulak izan ziren, 1955an Denverko Unibertsitateko bi doktorek klonatu baitzituzten.
Handik aurrera HeLa zelulak biologian eta medikuntza ikerketan funtsezko lanabes bihurtu ziren, eta hamaika ikerketetan erabiliak izan ziren. Egun, HeLa zelulak erabili dituzten esperimentuei buruzko ia 70.000 txosten argitaratu direla kalkulatu da. Era berean, ia 11.000 patentetan agertzen direla ere. Adibide bezala, HeLa zelulak minbiziaren aurkako ikerketetan erabiliak izan dira, HIESaren aurkakoetan, erradiazioa edo sustantzia toxikoen eraginak ikertzen lagundu dute, gene mapak egiteko erabiltzen dira eta beste hamaika ikerketetan ere parte hartu dute.
Bestalde, hirurogei urte hauetan ekoitzi diren zelulen bolumenari buruz datu ezberdinak agertzen dira iturriaren arabera, baina kasu guztietan datu txundigarriak: 20 tona zelula ekoitzi direla diote batzuek eta 50 tona ere ekoiztera heldu dela defendatzen dute beste batzuek! Hain erraz eta etengabe ugaltzen dira HeLa zelulak, ezen laborategietako beste kultiboak ere kutsatzen dituztela maiz eta ikerketa eta esperimentu ugari baliogabetzera eraman dutela.
Esan dugunez, hasiera batean Gey doktoreak doan oparitu zituen zelulak, baina argi dago laster haien komertzioa zabaldu egin zela, eta HeLa zelulak erabiliz egindako esperimentuek eta garatutako tratamenduek dirutza eskergak eman dizkietela mende erdi honetan konpainia farmazeutikoei. Bitartean Henrietta Lacks andrearen oinordekoek ez zuten eta ez dute diru honetatik zentimorik ere ikusi. Izatez, HeLa zelulen zabalkuntza eta merkataritza hau Lacks sendiaren jakintzarik gabe gertatu zen. Hauek zerbait susmatzen hasi ziren 1973an, konpainia farmazeutikoetatik telefono deiak jasotzen hasi zirenean, euren ezaugarri genetikoei buruz galdetzen. Sendiak bere susmoak baieztatzeko aukera izan zuen 1976an, HeLa zelulen existentzia eta hauen jatorria publiko orokorrari jakinarazi zitzaionean Detroit Free Press eta Rolling Stone aldizkarietan kaleratutako artikuluetan. Lacks sendiaren egoera auzitegietara ere eramana izan zen 1980an, Kaliforniako Auzitegi gorenaren aurrean hain zuzen ere, Kaliforniako Unibertsitatearen aurkako demanda batean. Auzitegiak zera ebatzi (edo ebatsi?) zuen: gizabanako batengandik erauzitako zelula edota ehunak ez direla honen jabegoa eta, hortaz, komertzioan jarri daitezkeela.
Henriettaren oinordekoen ekonomi egoera larriaz jabetuta, Rebeca Skloot idazleak, “The Inmortal Life of Henrietta Lacks” liburuaren egileak, “The Henrietta Lacks Foundation” sortu zuen, oinordekoen ikasketetarako dirulaguntzak jasotzeko helburuarekin, HeLa zelulen laguntzarekin garatutako tratamenduekin esker oneko sentitzen direnen artean.
Baina Henriettaren oinordekoak zentimorik gabe uzteaz ez ezik, zientzialariek aurrerago jo dute azken aldian eta 2013 honetan, martxoan, HeLa zelulen genoma osoa ere argitaratu egin da, sendiaren intimitatearen aurkako eraso bat bezala hartua izan dena laster. Eskerrak garaiak apur bat (apur bat besterik ez bada ere) aldatu egin dira.
Genomaz ari garela jakina da, HeLa zelulak, tumore batetik hartutako zelulak izanik, papilomaren birusaren informazio genetikoa giza zeluletara traspasatuz sortu zirela, eta ondorioz, hauen genoma ez dela Henriettaren beraren gainerako zelulen genomaren berdina. Ezberdintasunetatik bat kromosomen kopurua da: 82 kromosoma dauzkate, 12. kromosomaren lau kopiarekin, eta 3, 8 eta 17 kromosomen hiru kopiarekin. Baina, dena dela, minbizi zelulak izanik eta zelula zatiketa anormala izaten dutenez, hauen kromosoma kopurua aldakorra da batetik bestera.
Aurrerago aipatu dugun genomari buruzko artikulua laster erretiratua izan zen, eta ondoren, abuztuan, Estatu Batuetako National Institute of Health erakundeko zuzendariak Lacks sendiarekin akordio batera heldu da, HeLa zelulen genomari buruzko datuak zabaltzearen inguruan: genomaren datuak norbaiti ematea baimentzeko sei pertsonen talde bat osatu egin da, haien artean Lacks familiako bi lagun. Lacks sendiak ez du inoiz oztoporik jarriko, datuen zabalkuntza zientziaren eta medikuntzaren onurarako dela frogatzen bada. Horrela zientzia, etika eta baita Estatu Batuetako historiaren alde ilun bati nolabaiteko irtenbide bat eman zaio.