Ahuntzen altarie
    Hasiera » Txango laburrak » Neguko ibiltariaren gogoetak
    Abe03 0

    Neguko ibiltariaren gogoetak

    Atalak: Txango laburrak

    Neguko ibiltaria

    Neguko ibiltaria

    Udazkenean gauden arren, hartu diogu neguari usaina dagoeneko. Eta hala hobeto, urriko eta azaroko egun askotan izan dugun hegohaize txepelak giharrak makaldu eta neronek puntx deitzen diodan zera hori (boxeolarien hiztegitik mailegaturiko terminoa) erabat itzaltzen baitit. Hezetasuna, freskura, itsasotik datorren haizea, behar du nire gorputzak egoki funtzionatzeko. Funtzionatzeko. Eta ez hegoaldetik datorren haize harro bezain zorabiagarria.

    Aizkorrin izan nintzen orain egun gutxi, aspaldiko partez, eta aurten estreinakoz elurra zapaltzeko aukera izan nuen. Pribilegiatua ni. Astearte buruzuri batean mendira joateko aukera ez baitu edonork. Beno, hobeto esanda, geroz eta jende gehiagok du, tamalez, edozein egunetan mendi buelta bat emateko aukera… Edozein kasutan, asteburuko zurrunbiloa atzean, inor gutxi sumatzen zen goizeko lehen orduan Arantzazun, eta bide osoan ere ez nuen inorekin topo egin. Pribilegiatua ni. Euritan egin nuen ibilaldiaren lehenbiziko zatia, baina metroak irabazi ahala… tatxaaaan! Bai. Bederatziehun metrotik gora euriak elurrari eman zion paso, eta Urbiako ataria den Elolako lepora iristearekin batera, zuritasunak besarkatu ninduela sumatu nuen. Erabateko zuritasunak. Orduan bai: bakarrik nengoen, bakar-bakarrik. Handik aurrerakoa, gozamen hutsa izan zen. Elurretan ibiltzeko oinetako aproposenak (nondik begiratzen den) eraman ez nituen arren (bizi antzean ibili nahian zapatila hutsetan abiatu ez nintzen, bada…), bost axola, hanketako hotzak, galtzerdi bustiak eta doministikuak! Probatu ez duenak ez daki zer den elur erori berrian aurrera egitea, urratsez-urrats Aizkorriko gailurra geroz eta gertuago duzula sumatzea, neguko ibiltari bakartiaren gogoetetan murgiltzea, norberaren arnas-hotsak baino hausten ez duen isiltasunik zurienean kulunkatuz. Ezin gehiago eskatu. Etxeko liburutegian altxor bat nola, ba halaxe zaintzen dudan Luis Pedro Peña Santiago mendizale eta etnografo handiaren ”Aizkorri, ibilaldiak eta gailurrak, geografia gizatiar batean zehar” liburuko hainbat kontakizun eta argazki zetozkidan gogora, elur-lainotza trinkoak erabat estaliriko paisaia zuriari begira. Izan ere, gordetzen zuten eta dute, argazki ilun haiek, halako xarma berezi bat, paisaia asko eta asko behe-lainoak erdi-estalirik: erakutsi baino gehiago iradoki egiten zuten!

    Pena, garai honetan Urbiako fonda ezagunak bere ateak ixten dituen eta ezin izan nuen bere goxotasunaz eta bertako salda beroaz gorputza epeltzerik izan! Baina ze arraio, bizi izandako sentipenek gehiago balio dute… Sona handiko eguraldi-gizon bati entzun uste izan nion datozen hilabeteetan elurra egingo duela, gutxi-asko, ilbete guztietan. Momentuz bere iragarpena betetzen ari da. Ummm, negu honetan Aizkorri sarritan bisitatuko dudan irudipena daukat…

    Izan ARGIAko bazkide: astekariko harpidedun edo argia.comen laguntzaile

    Iruzkina idatzi Erantzuna deuseztatu

    Zure e-posta helbidea ez da inoren ikusgai izango.
    * Bete beharreko eremuak

    *

    *

    HTML etiketa hauek erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>

     

    Gorka Azkarate

    @gazkarate Twitterren

    Jarraitu @gazkarate

    Tweets by @gazkarate

    Azken bidalketak

    • Erantzunkizuna
    • Elurretan, berriz ere
    • Urte berria, erronka berriak
    • Neguko ibiltariaren gogoetak

    Iruzkin berriak

    • Menditarra --> Erantzunkizuna

    Artxiboak

    • Apirila 2013
    • Martxoa 2013
    • Urtarrila 2013
    • Abendua 2012

    Atalak

    • Sailkatugabeak
    • Txango laburrak

    Meta

    • Hasi saioa
    • Sarreren RSSa
    • Iruzkinen RSSa
    • WordPress.org

    ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA