Ahuntzen altarie
    Hasiera »

    Erantzunkizuna

    2013-04-18  //  Sailkatugabeak  //  Iruzkin bat

    Pasa den Aste Santuko oporraldian denetarik izan genuen, baina eguraldi kaxkar xamarra izan zen nagusi, Euskal Herrian eta baita Euskal Herritik kanpo ere. Ez gara geldi egotekoak, ordea, eta kosta ahala kosta mendira joan nahi izaten dugu, eta denbora luzez prestatzen egondako planak burutu, baldintzak agian onenak ez izan arren. Horrelakoxeak gara. (gehiago…)

    Izan ARGIAko bazkide: astekariko harpidedun edo argia.comen laguntzaile

    Elurretan, berriz ere

    2013-03-07  //  Txango laburrak  //  Iruzkinik ez

    Arbelaitzeko tontorra

    Arbelaitzeko tontorra

    Aste honetako giro epelak iraupen oso laburreko memoria dugula egiaztatzeko balio du: zazpi-zortzi egun baino ez dira, astebete juxtu oraintxe, Euskal Herriko bazter gehienak zuri-zuri ikusteko aukera izan genuela. Gezurra dirudi! Gogotik bota zuen elurra, eta ez da aurtengo neguko estraineko aldia izan. Besteetan baino beherago eta mardulago bota zuen, ordea. (gehiago…)

    Izan ARGIAko bazkide: astekariko harpidedun edo argia.comen laguntzaile

    Urte berria, erronka berriak

    2013-01-13  //  Txango laburrak  //  Iruzkinik ez

    Negu giroko asteburua bizi izan dugu aspaldiko partez: hotza, euria… eta mendi puntetan elurra. Iragarpenek bete-betean asmatu dute beste behin ere, eta negu parteko entrenaldiak baldintza eskasetan egin behar izan ditugu. Baldintza eskasak? Bai zera!

    Larunbat eta igande honetan, bi ordu pasatxoko serie bana egin dut, ibilbidea errepikatuz bi egunetan. Herritik abiatu (Zumarragan bizi naizela esan al dizuet?), Antioko baseliza famatua (zeinaren aldamenean egungo modari jarraiki interpretazio zentru bat eraikitzen ari diren) atzean utzi eta Izazpiko gailurrera zuzenean (970 m). Behin altuera irabazita, Samino eta Oletako gailurrak jo eta Aginaga auzotik ostera herrira. Guztira, hamabost kilometro inguru, eta 1000 metro inguruko igoera.

    Larunbatean zein igandean, ibilbidea errepikatu dudala esan dizuet. Baldintzak, ordea, ezberdinak izan dira oso egun batean zein bestean. Larunbat goizean, iragarritako erauntsiak heldu bitartean, giro goxo xamarra. Igandean, berriz, giro petrala behean, eta elurra goian. Zoragarria! (gehiago…)

    Izan ARGIAko bazkide: astekariko harpidedun edo argia.comen laguntzaile

    Neguko ibiltariaren gogoetak

    2012-12-03  //  Txango laburrak  //  Iruzkinik ez

    Neguko ibiltaria

    Neguko ibiltaria

    Udazkenean gauden arren, hartu diogu neguari usaina dagoeneko. Eta hala hobeto, urriko eta azaroko egun askotan izan dugun hegohaize txepelak giharrak makaldu eta neronek puntx deitzen diodan zera hori (boxeolarien hiztegitik mailegaturiko terminoa) erabat itzaltzen baitit. Hezetasuna, freskura, itsasotik datorren haizea, behar du nire gorputzak egoki funtzionatzeko. Funtzionatzeko. Eta ez hegoaldetik datorren haize harro bezain zorabiagarria.

    Aizkorrin izan nintzen orain egun gutxi, aspaldiko partez, eta aurten estreinakoz elurra zapaltzeko aukera izan nuen. Pribilegiatua ni. Astearte buruzuri batean mendira joateko aukera ez baitu edonork. Beno, hobeto esanda, geroz eta jende gehiagok du, tamalez, edozein egunetan mendi buelta bat emateko aukera… Edozein kasutan, asteburuko zurrunbiloa atzean, inor gutxi sumatzen zen goizeko lehen orduan Arantzazun, eta bide osoan ere ez nuen inorekin topo egin. Pribilegiatua ni. Euritan egin nuen ibilaldiaren lehenbiziko zatia, baina metroak irabazi ahala… tatxaaaan! Bai. Bederatziehun metrotik gora euriak elurrari eman zion paso, eta Urbiako ataria den Elolako lepora iristearekin batera, zuritasunak besarkatu ninduela sumatu nuen. Erabateko zuritasunak. Orduan bai: bakarrik nengoen, bakar-bakarrik. Handik aurrerakoa, gozamen hutsa izan zen. Elurretan ibiltzeko oinetako aproposenak (nondik begiratzen den) eraman ez nituen arren (bizi antzean ibili nahian zapatila hutsetan abiatu ez nintzen, bada…), bost axola, hanketako hotzak, galtzerdi bustiak eta doministikuak! Probatu ez duenak ez daki zer den elur erori berrian aurrera egitea, urratsez-urrats Aizkorriko gailurra geroz eta gertuago duzula sumatzea, neguko ibiltari bakartiaren gogoetetan murgiltzea, norberaren arnas-hotsak baino hausten ez duen isiltasunik zurienean kulunkatuz. Ezin gehiago eskatu. Etxeko liburutegian altxor bat nola, ba halaxe zaintzen dudan Luis Pedro Peña Santiago mendizale eta etnografo handiaren ”Aizkorri, ibilaldiak eta gailurrak, geografia gizatiar batean zehar” liburuko hainbat kontakizun eta argazki zetozkidan gogora, elur-lainotza trinkoak erabat estaliriko paisaia zuriari begira. Izan ere, gordetzen zuten eta dute, argazki ilun haiek, halako xarma berezi bat, paisaia asko eta asko behe-lainoak erdi-estalirik: erakutsi baino gehiago iradoki egiten zuten!

    Pena, garai honetan Urbiako fonda ezagunak bere ateak ixten dituen eta ezin izan nuen bere goxotasunaz eta bertako salda beroaz gorputza epeltzerik izan! Baina ze arraio, bizi izandako sentipenek gehiago balio dute… Sona handiko eguraldi-gizon bati entzun uste izan nion datozen hilabeteetan elurra egingo duela, gutxi-asko, ilbete guztietan. Momentuz bere iragarpena betetzen ari da. Ummm, negu honetan Aizkorri sarritan bisitatuko dudan irudipena daukat…

    Izan ARGIAko bazkide: astekariko harpidedun edo argia.comen laguntzaile

    Gorka Azkarate

    @gazkarate Twitterren

    Jarraitu @gazkarate

    Tweets by @gazkarate

    Azken bidalketak

    • Erantzunkizuna
    • Elurretan, berriz ere
    • Urte berria, erronka berriak
    • Neguko ibiltariaren gogoetak

    Iruzkin berriak

    • Menditarra --> Erantzunkizuna

    Artxiboak

    • Apirila 2013
    • Martxoa 2013
    • Urtarrila 2013
    • Abendua 2012

    Atalak

    • Sailkatugabeak
    • Txango laburrak

    Meta

    • Hasi saioa
    • Sarreren RSSa
    • Iruzkinen RSSa
    • WordPress.org

    ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA