Anti-orena
    Hasiera »

    Ongi merezia dugulako, L’Oreal-ek dioenez

    2013-03-08  //  kosmetika  //  Iruzkinik ez

    Telebistak agintzen duen katiximaren arabera, bi multzotan banatzen dira emakumeak. Batetik, emakume gazte, sentsual eta bide batez mengela dago. Eredua da, ideala, utopia.

    Bigarren multzoan gainerako guztiak daude, lehen multzoarekiko konparazioan deskribatuak, definituak, juzkatuak eta azpi-multzokatuak.  Hain justu horregatik, eta paradoxikoki, lehen multzoko ezaugarrietara hurbiltzeko ahaleginetan pasako dute bizitzaren zatirik handiena, nor bere neurrian, kosmetika lagun eta halaber etsai hartuta. Borroka epikotan katramilatuko dira, sekula amaituko ez diren konplotetan, kiloen kontra eta bular tenteen alde, lehenik. Gero, bizitzak marraztuko dizkien arrastoen aurka, zimurrei aurre egin beharrean, gaztetasun faltsutuaren alde.

    Bitxia da kosmetikaren industriak zer bide gaizto eta tranpatia egin duen joan den aspaldian.  Zientzia du orain bandera, punta-puntako teknologia, letra larriz idazten den berrikuntza. Osasunaren arlora egin du jauzi, baina batez ere auto-estimuaren parametroetara eraman du lehen multzoaren utopia amestua.

    Emaitza beldurgarria da. Gaur, fisika kuantikoan doktore den emakumeak ere  adinaren zazpi ezaugarriei* aurre egingo dien krema behar du aurpegian, ziurtasunez agertzeko, bost-hamar urte gainetik kentzeko, iragarkiak dioen bezala “bere larruan ongi sentitzeko”.

    Eta nola diren gauzak, dagoeneko gizonak ere ez daude salbu.

     

    *Adinaren zazpi ezaugarriak. Esperientzia, jakinduria, pazientzia, tenplea, ziurtasuna, oreka eta akordura etortzen ez zaidan beste hori zirelakoan? Ez, alajaina. Bibliako zazpi izurriteak baino gogaikarriagoak diren espresio arrakalak, zimurrak, argitasun eta dirdira eza, biguntasuna, orbanak, lehortasuna, tenka…

    Panfleto banatzailea

    2012-08-03  //  Sailkatugabeak  //  Iruzkinik ez

    Hiru emakume, zorro bete panfleto antinuklear bizkarrean hartuta, Hendaiako saltoki nagusiko atarira heldu dira. Supermerkatua –zeinari mundu guztiak Champion txiki deitzen dion baina jabe berria duenetik Carrefour den–, herriko zentroa izan ohi da goizetan, adin batetik gorakoen dantzatoki, bizitza sozialerako bilgune. Areago gaur, hil hasierako larunbata. (gehiago…)

    Lauaxetaren gabardina

    2012-06-08  //  literatura  //  Iruzkinik ez

    Lauaxetaren gabardina.

    Idoye Errazti Olartekoetxeak aipatu zuenez (ezkerrean ageri da, Literaturiaren kartelaren aldamenean), beti jakin zuten beren arropa artean zintzilika ageri zen gabardina hura berezia zela. Aitaren ardura ez ezik, etxeko guztien eginkizuna izan da jantzi hura zaintzea.

    Zer ote da gabardina bat norberarentzat. Zer izan liteke, udazkeneko egun euritsuetan  ikusi ohi den jantziaz harago. Modaren esanetara joan eta etorri den osagarri berrasmatua. British estiloaren ikonoa. Nobela beltzetako gangster tiro zaleen eta detektibe gogortuen uniforme tipifikatua. Columbo tenientearen elementu bereizgarrietako bat. Zinema klasikoko izarrak –Humphrey  Bogart, Marlene Dietrich, Audrey Hepburn– nahiz haiek protagonizatutako filmak antzeratzeko modua. Bakarren baten oroigarria…

    (gehiago…)

    Ekintza baketsuak kriminalizatzeaz

    2012-04-23  //  ekologia, politika  //  Iruzkinik ez

    Jean-Pascal militante ekologistari ez zitzaion irudituko bere protesta ez-biolentoak ospitale psikiatrikora eramango zuenik. Loupian herrian gertatu zen, Montpelierretik gertu, alkateak bertako eremu babestu bakarra Natura 2000 Saretik ateratzeko ahaleginetan ari zela zabaldu zenean. Jean-Pascal udaletxeko ur-hartune batean kateatu zen protesta gisa. Administrazioak, halako subertsioa errotik moztu behar izaten dela ebatzita, makinaria osoa ipini zuen dantzan, jendarmeak, fiskaltza, su-hiltzaileak eta kristo guztia. Eta horra ondorioa: su-hiltzaileekin heldutako medikuak, herriko alkateak xaxatuta, ospitaleratze psikiatrikoa agindu zuen Jean-Pascalentzat, eta Montpellierreko la Colombière-ra eraman zuten.

    Hango giza eskubideen aldeko elkarteak salatu zuenez, 2011ko uztailaren 5eko legea ezarri zitzaion militante ekologista honi. Alegia, “arreta psikiatrikoa behar duten pertsonen eskubide eta babesari eta zaintza moduei” dagokiena, zeinaren arabera, “orden publikoa galaraz lezakeen arazo oro psikiatrikotzat jo daitekeen, eta horrek, konponbidea errazte alde, 48 orduko askatasun eza ekar dezakeen”. Eta Jean-Pascalek, orden publikoa ez ezik, bere burua ere arriskuan jarri zuela iruditu zitzaien jendarmeei.

    Apirilaren 4an askatu zuten Jean-Pascal. Hamar egun eman zituen ospitale psikiatrikoan, eta horietarik hainbat, isolamendu ziegan. Sarkozyren taldeak hain fin harilkatutako lege honek kasuotarako agintzen duen moduan, medikuek eta prefektuak bat etorri behar izan zuten horretarako.

    Biolentziarik baliatzen ez duten ekintzaileak gaizkiletzat jotzeko aitzakiarik ez da inoiz falta izan, Raxoi jaunak ondotxo dakienez. Bidenabar esanda, ezta arazo mentalak tratatzeko modua bidegabekeriaren mugetara eramateko ere.

    Sonia Chapelle-k idatzitako artikulu batetik.

    1977ko martxoaren 8an

    2012-03-08  //  oroitzapenak  //  3 iruzkin

    Sebas eta Zarra, gogoan zaituztegu

    "Sebas eta Zarra, gogoan zaituztegu"

    Baratz artean koskortu ginen, Ibarrako eta Tolosako lur bazterrak urratu baten gisan banatzen zituen errepideari begira. Egun nostalgikoetan, aurrez aurre genuen baserria datorkit akordura, eta hango aitona, atari zabalean eserita, sega magalean, perkusiozko musika-tresna balitz bezala jo eta jo.

    (gehiago…)

    Pasaiako Portu Agintaritzaren estrategia

    2012-01-31  //  Azpiegiturak, ingurumena  //  Iruzkinik ez

    Pasaiako kanpo portua

    Pasaiako Portu Agintaritzak ez dio, antza, protokoloari beldurrik. Jaizkibelgo magalean eraiki nahi duten mega kai sonatu hori benetako proiektu bilaka dadin – Leire Beteta Lezoko ingurumen teknikariak azaldu zigunez, oraingoz sustatzaileen proposamena besterik ez da ofizialki–, derrigorrezko zenbait tramite pasatu behar ditu, besteak beste, Espainiako Ingurumen Ministerioarena.

    (gehiago…)

    Nire lotsak

    2012-01-15  //  euskara, irakaskuntza  //  Iruzkinik ez

    Dagoeneko sei bat urte joan diren arren, sarritan etortzen zait gogora Hendaiako ikastolara estreinakoz ailegatu nintzenekoa. Urte eta erdi eskaseko haurra besoetan nuela heldu nintzen, lotsati eta ezjakin, etxean jaso berri nuen gutunari jaramon eginez haren izena ahalik eta azkarren ematera, artean matrikuletarako aski denbora bazela pentsatzen nuen arren.

    Orduko zuzendariak hartu ninduen, sinpatikoki hartu ere, dena esate alde. Eta ikasgelak, jolastokia, jantegia eta gainerako txokoak erakutsi ostean, bere bulego inprobisatura eraman ninduen zentroko arauez, espero nukeenaz eta bestez lasaiago mintzatzeko. Espazio faltan, biltegi txiki batean jarrita zituen mahai-aulkiak. (gehiago…)

    Musikaren neutraltasunaz

    2011-07-20  //  euskara, musika  //  Iruzkinik ez

    Neuromarketinak nigan duen efektua neurtzen ari nintzen; beharrezko zitzaidanaren eta desio nuenaren arteko arrazoizko oreka bilatzen, erostarazteko teknika berri hauek atzaparrak ondo luzatuta izaten dituzten tenplu horietariko batean (Urbil merkataritza zentroan). Ordu bata eta erdiak aldera heldu nintzen –bazkaltzeko garaian, nahitara–, jende motroiloak saiheste aldera. Eta hipermerkatuko ate detektatzaileak pasatu besterik ez nituen egin, lehen apalategiko produktuei azaleko begiratua besterik ez nien eman, oztoporik jasangaitzenaz ohartu nintzenean: Alejandro Sanz marruka eta lantuka ari zitzaidan bozgorailuetatik. Hori oilo-ipurdia. (gehiago…)

    Plastikoaren madarikazioa

    2011-06-14  //  kontsumoa  //  Iruzkinik ez

    "Landare-jatorriko lehen botila"

    "Landare-jatorriko lehen botila" dio lotsagabeki etiketak.

    Activiak eragindako kakalarriak oraindik ere estuturen bat edo beste ematen didan honetan, ezin alboratu dut Danone marka, ezta plastikoaren madarikazioa ere (ikus aurreko artikulua). Multinazional honek –eta bide batez, gainerakoek– merkaturatzen dizkiguten produktuen etiketak nahiz iragarkiak eguneroko literatura bilakatu zaizkit aspaldi honetan. Hona hemen, irakurketa horrek erakutsitako bizpahiru datu bitxi:

    Frantzian produzitzen den Actimelek, Espainiako Activiak bezala, potoa aldatu du oraintsu, eta honek bai, honen Berrikuntza departamentuak oso kontuan izan du plastikozko botilatxoak dakarrena. Espantu zientifiko handirik gabe heldu da supermerkatuetara ontzi berria, Brasilgo azukre kanaberatik eratorritako polietilenoz fabrikatua, %95 landare-jatorrikoa, %100 birziklagarria. Azukre-kanabera horren produkzioak mereziko luke, beharbada, azterketa. Hurrengo baterako utziko dugu.

    Danoneren ura den Volvic-ek ere badaezpadako komunikazio-kanpaina antolatu zuen “landare-jatorriko lehen botila” plazaratu zuenean. Bere balentriaz mundu osoa jabetu zedin, burrunba ikaragarria atera zuen hedabideetan; gainerako marketan ikusten ez den tapoi berdea ipini zion bere ur botilari; ezaugarri nagusi gisa, label ekologikoa irudikatu nahi lukeen ikurra inprimatu zion etiketan, eta baita QR kodea ere, besteak koilaragarritasunarena asmatu zuen tonuan, “landare-jatorriko lehen botila ez ezik, lehen botila interaktiboa” ere bazela harro haizatzeko. Lupa letra txikietara hurbiltzea aski, ordea, zorioneko botila horretan landare-jatorriko lehengaia –eta ondorioz saldu nahi zaigun berdetasuna, purutasuna, ekologia eta ahuntzaren gauerdiko eztula–  %20 besterik ez dela konturatzeko.

    Hauek denak ikasi berri nintzela, hipokondria areagotu besterik egin ez didan gutuna heldu zait e-postaz. Bi lerro gordinetan laburbilduko dut mamia: 1.- Plastikoak antimonioa askatzen du berotzen denean, eta bertan den urak, jakiak edo dena delakoak zurrupatzen du elementu hori. 2.- Minbiziak jotako bularretako ehunetan hondakin kimiko hori bera aurkitu da. Norberak atera ditzala ondorioak.

    Dagoeneko alferrikakoak diren kalkuluetan murgilduta nago orain, jakin ezin dena ebatzi nahian: zenbat aldiz utzi ote dudan ur-botila autoan ahantzita, uda beteko egun sargorietan. Botila pozoitu horietatik zenbat bider edan ote duten nire alabek, eta zenbateko kantitatea, egarriak jota bertan eseri arazi ditudanean. Zenbateko tenperatura jasaten ote duten ur-botilek etxeetara heldu aurretik, biltegietan edo kamioietan edo saltokietako apaletan diren bitartean. Zein gradutik behera ematen duen bakea antimonioak. Zenbat aldiz ekidin ahal izan dudan plastikozko botila eta zer arraiogatik ez dudan egin. Mikrouhin labea antzarak ferratzera bidali nuen arte, zenbat aldiz berotu ote nituen jakiak plastikozko ontzietan, eskoletako kantinetan nola egiten ote duten…

    Danoneren marka

    2011-06-01  //  ikerkuntza, kontsumoa, zaborra  //  Iruzkinik ez

    Activia jogurta, poto berrian

    Activia jogurta, poto berrian

    Len Fisher-en Gaileta nola busti dibulgazio liburua izango zuten gogoan, poto berria aurkeztu zigutenean. Edo, besterik ez bada, izenburua bera. “Gailetak esnetan bustitzea bezalako arrunkeria zientziaz bezti badaiteke –otuko zitzaien Activia markako marketing saileko buruargiei– guk ikerketaren soineko distiratsua jantziko diogu geure jogurtari”. Smokinga, nolabait esatearren. Edo toreroaren trajea, nondik begiratzen den.

    (gehiago…)

    1 / 212Hurrengoa»

    Garbine Ubeda Goikoetxea

    @garbinubeda Twitterren

    Jarraitu @garbineubeda

    @garbineubeda(r)en Txioak

    Azken bidalketak

    • Ongi merezia dugulako, L’Oreal-ek dioenez
    • Panfleto banatzailea
    • Lauaxetaren gabardina
    • Ekintza baketsuak kriminalizatzeaz
    • 1977ko martxoaren 8an

    Iruzkin berriak

    • urkola --> 1977ko martxoaren 8an
    • Toxic Twins --> 1977ko martxoaren 8an
    • Toxic Twins --> 1977ko martxoaren 8an
    • Jostuna --> AHTren mozorroa

    Artxiboak

    • Martxoa 2013
    • Abuztua 2012
    • Ekaina 2012
    • Apirila 2012
    • Martxoa 2012
    • Urtarrila 2012
    • Uztaila 2011
    • Ekaina 2011
    • Maiatza 2011
    • Apirila 2011
    • Martxoa 2011
    • Ekaina 2009

    Atalak

    • Azpiegiturak
    • dantza
    • ekologia
    • espazioa
    • euskara
    • historia
    • ikerkuntza
    • ingurumena
    • irakaskuntza
    • kontsumoa
    • kosmetika
    • literatura
    • musika
    • ohiturak
    • oroitzapenak
    • politika
    • Sailkatugabeak
    • teknologia
    • zaborra

    Meta

    • Hasi saioa
    • Sarreren RSSa
    • Iruzkinen RSSa
    • WordPress.org

    ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA