Gaitzerdi
    Hasiera » Bertsolaritza » Okelar Sariko bertso sorta irabazleak
    urt03 0

    Okelar Sariko bertso sorta irabazleak

    Atalak: Bertsolaritza

    Urtero legez Santo Tomas bueltan banatu zuen Mutrikuko bertso eskolak Okelar Saria. Helduen mailan lehen saria Amaia Agirrek jaso zuen “Biziminak minbiziari” sortarekin eta bigarrena Iñigo Legorburuk “Hitzen ekonomian” sailarekin. Hemen dituzue biak:

    BIZIMINAK MINBIZIARI

    Neurria: hamabiko handia
    Doinua: Haizea dator ifarraldetik / Abokatuak deitu berri dit / Ez nau izutzen negu hurbilak

    1.-Berrogeita lau urte kunplitu
    behar nituen bezperan
    mamografia bat egin nuen
    urtero ohi nuen eran
    zertan beldurtu? Ordura arte
    dena joan zen primeran;
    lehen izena ere neurea
    erizainaren zerrendan;
    agindu zidan moduan etzan
    eta hitzbidea eman…
    Geroztik mina dut agintean
    eta irrifarra greban.

    2.-Alde handia egonagatik
    medikutik medikura
    onenak ere ezin ezkuta
    begirada estu hura
    hau esanez so somatzen nuen
    bularraren ingurura
    “agian ez da ezer izango”
    baina nork gainditu duda?;
    Nahiz ta uxatu nahi izan zidan
    ezina ta arrangura
    kanpoko koskor txikia barne
    zulo handi bihurtu da.

    3.-Seme txikia eta senarra
    kanpoan zain, non bestela?
    Irten orduko nola azaldu
    begietako umela?
    Nola kontatu nire trauma hau
    ezer ez balitz bezela?
    Nola berdindu irrifar batez
    beraien muxu epela?
    Nola ulertu behar du Ekhik
    (azal diezadatela):
    bizi sostegu zuen bularra
    arriskuan dagoela?

    4.-Senarrak ezer galdetu gabe
    aldatu du aurpegia
    indarrak batu ta irriparrez
    itxi dit ezker begia
    nik ez dut jaso adierazi
    nahi zidanaren erdia;
    eta semeak “ama, zer moduz?”
    galdera astunegia
    “sasoiko nago” erantzun diot;
    ez ote da miseria?…
    Guk ezkutatu arren denborak
    esango dio egia.

    5.-Sortu aurretik ugatzetako
    ehun ta mintzen problema
    ezinbesteko prebentzioa
    da bularren haztapena
    adin honetan, ordea, gaitza
    da gaitzaren hastapena;
    animo hitzen mamua baino
    ez da nire hasperena
    hutsetik hasi beharra daukat
    nahiz hutsik izan barrena
    gaur naizenetik osatzen baita
    gero izango naizena.

    6.-Ginekologo jaunak nahiz esan
    “garaiz harrapatu dugu”
    lasaitzearren edo zinez zen
    ezin dut jakin seguru;
    Ni ez naiz gai ta aita-semeak
    jarri dira buruz buru
    aitaren hitzek lotu dituzte
    bi begirada, bi mundu
    “ama galduko dugun beldurrak
    indartu behar gaitu gu
    borroka ez du galdu oraindik,
    ilea soilik galdu du”.

    7.-Ai, Ekhi, maite, ai, Ekhi, kuttun
    nahiz izan soilik sei urte
    gainean jarri eta esan dit:
    “amatxo zuk eutsi fuerte
    Pirritx ta Porrotx gure eredu
    hartu behar genituzke
    Mari Mototsek ere ilea
    galdu du gaitzaren truke
    ta azkenean sendatu eta
    kantuan amaitzen dute
    eta ama zuk ere kantu bat
    prestatu behar zenuke”.

    8.-Hain naiz gaztea, hain naiz alaia
    hain ona, hain atsegina
    bizitzak proban jarri beharra
    hau da sinistu ezina!
    Nahiz “cáncer” hitzak “cangrejo” hitza
    duen jatorri jakina
    aurrera eman nahi dut pausoa
    ta ahal dela binan bina
    hitz ematen dut aintzat hartuta
    semearen imajina:
    minbiziari gain hartzeko gai
    dela nire bizimina.

    9.-Gaixotasuna bere bidean
    doa modu sarkorrean
    txanoa jantzi ta_ametsak bildu
    ditut esku ahurrean
    goizero legez itsas ertzera
    noa bide laburrean
    amorrazio zantzuak ditut
    barne ilun nabarrean
    baina niregan ez dut beldurrik
    kaian ilunabarrean
    jada ez bainaiz txiki sentitzen
    itsasoaren aurrean.

    10.-Itsas harroan baretu ohi dut
    hutsune ta gabezia
    perfekzioa dela sinetsiz
    nire gorputz biluzia
    lasaigarri zait haize fina ta
    kaioen hots berezia
    berdin kresalak ezpain ertzetan
    itsasten didan gazia
    sortu ta lehertu, lehertu ta sortu
    olatuen malizia
    azken batean joan-etorriko
    olatu bat da bizia.

    11.- Gaur hemeretzi ditu urriak
    zinez egun ezaguna
    juxtu gaur baita minbiziaren
    nazioarteko eguna.
    Gainditu ditut botalarriak
    ta ile gabetasuna
    kendu txanoa ta protesia
    ta irriz jantzi hutsuna
    lau haizetara zabal dadila
    aldarrien oihartzuna
    heriok ere jakin behar du
    bizi egin nahi duguna.

    12.-Kimioaren eraginpean
    zenbat min ta delirio
    baina indarra dut bidelagun
    etsiak ez du balio;
    analisien azken emaitzak
    lasai egoteko dio
    guztia ondo atera zela
    aurrerapenak medio
    berpiztu zaizkit irribarrea,
    bizi gogo ta desio
    borroka hau nik irabazi dut
    izorra zaitez herio!

     

    HITZEN EKONOMIAN

    DOINUA: Langile baten semea naiz ni

    1.-Azken aldiko titularretan
    zenbat letra larri,
    albiste onik ezin dutenak
    gurera ekarri.
    Ikus-entzule modura
    hau da barruko tristura
    krisi gogor hau bilakatzean
    gurean mugarri.
    Hitz lausotuen kultura
    bilakatu da ohitura
    esaten ez den horrek gehiago
    diolako sarri.

    2.-Krisi honetaz dakidan dena
    lehenago baneki
    mailegu hura hartuko nuen
    tentuz ta emeki.
    Dirua mende haseran
    omen zegoen soberan,
    gutako batzuk hura sinistu
    genuen ederki!
    Haur inuxenteen eran
    engainatuak, primeran
    dirua merke hartzea irten
    baitzaigu garesti.

    3.-Banketxeetan egin dituzten
    zuloen harira
    bankero-jaunen gainean jarri
    dugu ikusmira.
    Justizia dabil malgu
    indar apurrik ba al du?
    Haiei eskerrak izango baitu
    krisiak segida.
    Kasu bakanetan salbu
    bankuak ezin du galdu
    “zor publikoan” irabaziak
    pribatuak dira.

    4.-Rajoy jaunaren hitzik ezin da
    inoiz hartu haintzat
    biharamunez ez du balio
    esandakoak bart.
    “Erreskatea”, hitz hura
    baztertua gelditu da
    eskuineko politikoen
    hiztegitatik at.
    Hona azalpen modura
    sortzen duen arrenkura:
    “Errez-katea” lezakelako
    lurralde oso bat.

    5.-Politikoen ustelkerien
    egungo testigu
    bihurtu gara baina zer egin
    ondo ez dakigu.
    Krisi honen metafora:
    zorpetzea doa gora
    Merkel ta Draghik hartu gaituzte
    guztiok gatibu…
    Diru denak poltsikora
    ta konplexuak albora
    guk emandako dieten bidez
    gizentzen zaizkigu.

    6.-Euroan sartu izanak, antza
    ekarri du soka:
    Txiroak ginen herrialdeon
    berezko porrota.
    Amets berrien zimendu
    zena, orain sufrimendu
    bizirautea soilik delako
    daukagun borroka
    Euroa zen salbamendu…
    Diktadurak jarraitzen du!
    “Eurogunea” bihurtu baitu
    lehengoko Europa.

    7.-Gure enpresei egina die
    krisiak bisita
    baina batzuen jarrera dugu
    guztiz hipokrita:
    Irabazitan aurrera
    eginagatik topera
    “neurriak” hartzen dituzte beti
    ERE-an jarrita…
    Txikia bada galera
    langile denak kalera!
    Lehen bezainbat ez irabaztea
    baita “defizit”-a.

    8.-Enpresariek gurean bizi
    duten zoriona
    erreparatuz gero ondora,
    ez da gero broma!
    Esklabutzarako prestu
    proposamenak aurkeztu
    klase ertainak zinez bizi du
    haustura sakona.
    Ezin zutena amestu:
    Langileak euren esku!
    Esklabutzaren izen berria
    da “lan-erreforma”.

    9.-Lanbidek dauzkan bulegoetan
    aldian-aldian
    ilarak jendez betetzen dira
    modu nabarian.
    Jendearen ondoeza:
    Mila drama, mila kexa…
    entzun litezke, guztiz ozenki
    lanaren kabian.
    Lan berri baten promesa
    Lanbiden denez nekeza
    “LAN-BIDEZIDOR” deitzea hobe
    liteke agian…

    10.-Mende berrian eraldaketan
    sartu garelako
    datorrenari ekintzen bidez
    erantzun beharko…
    Datorrena tentuz hartu
    ta ez gaitezen lokartu
    ez da komeni gure etxean
    gelditzerik bapo…
    Egi-erdiak onartu,
    erdi esanak barkatu
    ez esatea okerragoa
    litzatekelako.

    Iruzkina idatzi Erantzuna deuseztatu

    Zure e-posta helbidea ez da inoren ikusgai izango.
    * Bete beharreko eremuak

    *

    *

    HTML etiketa hauek erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>

     

    Estitxu Eizagirre

    Hernanin hazi eta Larraulen bizi den sozidadeko bertsolaria. Feminismoarekin, heziketarekin, lurrarekin, jendeekin sentibera, bizhitsari adibide positiboak eta zalantza-dantzak lapurtzen saiatzen naiz.

    @eeizagirre Twitterren

    Jarraitu @eeizagirre


    Tweets by @eeizagirre

    Azken bidalketak

    • Agur Inaxito Albisu Mendarte
    • Isiltzen duguna
    • Harresiko mugalariak
    • Kamioi gurpilak balkoietara!
    • Indarkeriazko jolasak

    Iruzkin berriak

    • Estitxu Eizagirre --> Isiltzen duguna
    • anatxu --> Isiltzen duguna
    • Kristina Zuza Elosegi --> Gurasoek dute giltza
    • Estitxu Eizagirre: Eskolako lanetan laguntzeko 10 urrats | Horrela bizi bagina beti! --> Eskolako lanetan laguntzeko 10 urrats
    • Haurrei eskolako lanetan laguntzeko 10 urrats | anarena --> Eskolako lanetan laguntzeko 10 urrats

    Artxiboak

    • Maiatza 2013
    • Apirila 2013
    • Martxoa 2013
    • Otsaila 2013
    • Urtarrila 2013
    • Abendua 2012
    • Azaroa 2012

    Atalak

    • Bertsolaritza
    • Feminismoa
    • Hezkuntza
    • Kultura
    • Sailkatugabeak
    • Umekeriak

    Meta

    • Hasi saioa
    • Sarreren RSSa
    • Iruzkinen RSSa
    • WordPress.org

    ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA