Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Apiterapia - Propolia - Neiker-Tecnaliak propolia ikertu du

erlea&apiterapia

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Propolia

Neiker-Tecnaliak propolia ikertu du

2009-11-02

Neiker-Tecnalia Nekazal Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeak (Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari atxikita dago) propoliak gizakiaren osasunean daukan onuraz ikerketa baten emaitzak publikatu berriak ditu. Albisteak oihartzuna izan du ikerketez, erlezaintzaz eta apiterapiaz okupatzen diren komunikabide digital batzuetan. Prentsa oharrak dakarren informazioan esaten da Euskal Herriko erlezain elkarteekin elkarlanean egin dela, zehaztu gabe zein talderekin burutu den elkarlana (EH mailako elkarterik ez da esistitzen), eta baita Kalitatea fundazioarekin eta euskal instituzioekin ere.

NEIKER-Tecnaliak zientifikoki bermatu ditu propoliak giza osasunerako dituen onurak

Duela mende asko dakigu propietate terapeutikoak dituela propoliak, erlauntzak desinfektatzeko erleek sortzen duten substantziak. Orain arte, ordea, hori zientifikoki bermatzen zuen ikerketa gutxi zegoen. Hori dela eta, Euskal Herriko erlezainen elkarteek I+G proiektu bat egiteko eskatu zioten NEIKER-Tecnaliari, propoliak gizakion osasunerako zer onura dakartzan frogatzeko. Azken bost urteotan garatu da ikerketa, Kalitatea Fundazioarekin eta euskal administrazioekin batera. Horren bidez, propoliak gaitasun antioxidatzaile handia duela eta osasunerako onura ugari dituela egiaztatu da.

NEIKER-Tecnaliak hiru metodo zientifiko erabili ditu substantzia horren gaitasun antioxidatzailea analizatzeko. Horrela, frogatu da gaitasun handia duela erradikal askeak neutralizatzeko eta osasunerako kaltegarriak diren mikroorganismo jakin batzuen garapena murrizteko. Emaitzen arabera, ikerketan erabilitako metodologiarekin analizatutako produktu eta elikagai guztiek baino gaitasun antioxidatzaile handiagoa du propoliak. Adibidez, gaitasun antioxidatzaile handia duten produktuek (te berdea, kafea edo ardo beltza) baino balio handiagoak ematen ditu, eta zenbait produktu espezializatuk (lahar-polena edo gaztain-polena, adibidez) baino balio handiagoak ere bai .

Antioxidatzaileak garrantzitsuak dira osasunerako; izan ere, organismoko erradikal askeak —zeluletako kalteen eta endekapen-gaixotasunen eragileak— neutralizatu egiten dituzte. Antioxidatzaile ugari dituen dieta hartuta, murriztu egiten da zenbait gaixotasun izateko arriskua, minbizia edo alzheimerra, esaterako. Hortaz, elikagaien prebentzio-ahalmena neurtzeko, funtsezkoa da elikagaien jarduera antioxidatzailea ebaluatzea.

Flabonoide ugari

NEIKER-Tecnaliak egiaztatu duenez, biologikoki aktiboak diren printzipio ugari dauzka propoliak; besteak beste, flabonoideak ditu, eta gaitasun antioxidatzaile handia dute horiek. Flabonoideek dituzte produktu horren osasun-propietate gehienak: bakterioen aurkakoak, birusen aurkakoak, tuberkulosiaren aurkakoak, zitostatikoak, alergiaren aurkakoak, antioxidatzaileak eta antitoxikoak dira.

Konposatu biologikoki aktiboen kontzentrazio handia du substantzia horrek, eta horiengatik ditu propietate antioxidatzaileak, mikrobioen aurkakoak, hanturaren aurkakoak, estimulagarriak, orbaintzaileak, analgesikoak eta anestesikoak.

Halaber, mikrobioen aurkako propietate garrantzitsuak ditu, eta osasunerako kaltegarriak diren mikroorganismoak haztea eta garatzea eragozten du, honako hauek, adibidez: streptococcus mutans (txantxarra), candida albicans (maginako gaitzak), salmonella tiphy (salmonellosia), helicobacter pylori (urdaileko ultzera) eta saccharomyces cerevisiae (hiesa, leuzemia eta antzekoak dituzten gaixoen odolean dago)

NEIKER-Tecnaliak egindako analisietan, erradikal askeak artifizialki sortu ziren laborategian, propoliaren hainbat lagini aurre egin ziezaieten. Horrela, erradikal aske horiek neutralizatzeko gaitasun handia erakutsi zuten.

Mikrobizida eta desinfektatzailea

Erleek zuhaitzen eta zenbait landareren ernamuinetatik hartzen duten substantzia erretxinatsua da propolia. Intsektu horiek eraldatu egiten dute, erlauntza desinfektatzeko, arrailak ixteko, abaraskak egiteko, mikrobizida nahiz desinfektatzaile gisa erabiltzeko eta tamainagatik erlauntzetik nekez kanpora ditzaketen intsektu arrotzak baltsamatzeko. Beraz, propoliak bermatzen du erlauntzen asepsia.

Propoliaren osaera ekoizpen-eremuaren araberakoa da (klima, inguruko landaredia, eta abar), baina gutxi gorabeherako osaera hau aipa daiteke: erretxinak eta baltsamoak (% 50-% 60), argizariak (% 20-% 25), olio esentzialak (% 5-% 10), polena (% 5), beste batzuk (mineralak, entzimak...: % 5).

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa 1.1

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan