Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Apiterapia - Pozoia-Apitoxina - Erlearen pozoia medikuntzaren historian (eta 4)

erlea&apiterapia

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Pozoia-Apitoxina

Erlearen pozoia medikuntzaren historian (eta 4)

2009-01-25

(Bodog F. Beck medikuak 1935an plazaratu zuen “The Bible of Bee Venom Therapy” liburutik laburtua)

Blog honetan  Phillip Terc Apiterapiaren aitapontekoa atalean aipatu dugu XIX. Mendearen bukaera eta XX.aren hasieran apiterapian aurrerako jauzia ekarri zuen medikua. Terc izan da garaiko medikuen artean erleen pozoia gehien erabili eta aztertu ondoren horren justifikazio zientifikoan sakondu duena. Bera da Apiterapia modernoaren zutoin nagusia.

Tercen ideiak medikuen artean asko ez zabaltzea lortu zuen medikuntzako establishmentak. Baina bai sendalari laikoek eta bai mediku bakan batzuek segitu zuten erleen pozoia usatzen ondoko urteetan. Aldizkarietan azaldu ziren haien informazioak eta esperientzien emaitzak.

1913an Frantziako Journal de Santé-n karritaratu ziren erleek sendatutako gaixoen kasuak, medikuei eskatuz informazio horiek kontutan hartzeko. 1924an Le Temps aldizkarian osasun gaiak lantzen zituen erredaktore Henry Bouquet-ek publikoki egin zuen autokritika: lehen defenditu bazuen kontu eman behar zela erlearen eztenarekin, autoreak orain aitortzen zuen geroztik atzerriko aldizkari askotan irakurri zituela erleen pozoiz sendatutako jendeen kasuak eta baita ere pozoia lanabes terapeutikotzat zeukaten medikuen informazioak.

Europako eta Amerikako garai hartako argitalpen askotan aurki daitezke ildo berean doazen informazioak. Bodog F. Beck doktoreak liburuaren hasieran bildu zituen ordura arte (liburua 1935ekoa da, nahiz eta 1997ko edizio berria Internetez eros daitekeen) erleen pozoia erabili zuten mediku nabarmenen izenak eta obrak.

Tercek bidea ireki zion ikasle eta laguntzaile Alfred Keiter doktoreari, Graz-ekoa bera. Honek Vienan eta Leipzigen maisuaren ikerketak deskribatzen zituen liburua plazaratu zuen 1914an: Rheumatismus und Bienenstichbehandlung. Tercen seme Rudolf Tertsch mediku oftalmologoa izan zen, eta aitaren lanak komentatuz Das Bienengift im Dienste der Medicin argitaratu zuen. [Izen bereko biloba ere mediku izan zen Meerbusch hirian, eta 1982an hil arte erle ziztadak erabili zituen terapia gisa, familiako usadioari jarraiki. Informazio hau Moisés Asís-ek eman du Apiterapia 101 para todos liburuan. Egilearen Oharra].

Pragako unibertsitatean Pediatria irakasten zuen Joseph Langer doktoreak erleen pozoia haurrekin erabili ahal izateko, urrats berri bati ekin zion: saiatu zen injekzio bidezko produktua elaboratzen, nahiz eta ez zen iritsi aski produktu ona egitera. Gainerakoan, heldu jendearekin erle bizien eztenkadak usatu zituen.
Erle biziak artritisaren edo beste gaixotasunen kontra jartzen zituzten mediku gehiagoren izenak eskaintzen ditu Bodog F.Beckek liburuan, gaiari buruzko artikuluak idatzi zituztenenak: Londresko F.H.Maberly (1910); Frantziako Lamarche (1908), Bouquet (1924), Jubleau (1925), Molinery (1925) eta zehazki Marsellan mediku izan ziren Boinet, Vigne eta Bougala doktoreak.

1928an erle pozoia injekzioz sartzeko moduan elaboratzeko urratsa gainditu zen bi produktu berri sortuz paraleloan: Municheko Herbert Pollack-ek Apicosan sortu zuen eta Vienako Franz Kretschyk Immenin. Bodog F. Beckek horiez dio: “Bi formula horiek asko usatzen dira Europako bazter guztietan, eta arrakastaz artatu dituzten kasuak gero eta ugariagoak dira”. Garai beretsuan Suitzako Weleda Company-k Apisin formula merkaturatu zuen. Eta 1935an British Medical Journalek publikatuta jakin zuen liburuaren egileak Antibody Products konpainiak British Bee Venom jarri zuela merkatuan.

Beck doktoreari esker ezagutzen ditugu 1930eko hamarkadan Europan apitoxina erabili zuten medikuetako batzuen izenak (zein eritasunetarako eta nola usatzen zuten jakin nahi duenak, informazioa dauka liburuan): Municheko Passow; Vienako Klemens Wasserbrenner (Polikliniko Nagusia), Siegfried Becker (Lehen Klinika Unibertsitarioa), Hans Nowotny (Ospitale Ortopedikoa) eta Maximilian Grünsfeld; Berlinen Jacques Kroner (Friedrich Wilhelm Ospitalea), Wilhelm Fehlow (Klinika Kirurgikoa), Gertrud Koehler (Hiriko Ospitalea); Suitzako Genevan M.Roch (Medikuntza fakultatean): Londresko F.Thompson.

Frantzian, Nancyko Medikuntza fakultatean, erleen pozoiz lan asko egin zuten Maurice Perrin eta Alain Guènot doktoreek, eta egindako lanez informazio asko publikatu, medikuen biltzarretan egin aurkezpenak barne. Perrin eta Guènotek erle biziaren ziztada zerabilten udaberritik aurrera eta neguan berriz beraiek elaboratutako pozoizko injekzioak.

Ondoren etorri zen II. Mundu Gerra, harez geroztik farmakopeak sekulako jauzia egin zuen kortisona, kimioterapia eta bestelako botika sintetikoekin eta erlearen pozoiak horien hedatze harrigarriarekin konpetitu behar izan zuen. Testuinguru oso ezberdinetan, hala ere, apitoxinak bere bidea egin du, Ameriketan, Europan, Asia urrunean... Baina hau beste baterako gaia da.

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa 1.1

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan