Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Apiterapia - Orokorra - Philipp Terc Apiterapiaren aitapontekoa (eta 3)

erlea&apiterapia

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Orokorra

Philipp Terc Apiterapiaren aitapontekoa (eta 3)

2008-10-20

Medikuek kasorik egiten ez ziotenez, Terc doktoreak erlezainengana jo zuen. Estiria eskualdeko erlezainen elkartearen konbidapenari erantzunez, 1904an hitzaldia eman zien biltzarrean. Honela hasi zen:

“Badira urte batzuk jabetu nintzela erlearen pozoiak daukan sendatze ahalmenak sekulako garrantzia daukala erreumatismoak artatzeko, eta orduan agindu nion nire buruari inoiz eta inola ez nizkiela gauzok erakutsiko doktoreei baizik eta ez nituela argitaratuko agerkari medikuetan baino.

Hitza hitz eduki dut gaur arte. Hala ere, oharturik oraindaino nire mediku kideengandik ez ditudala purrustadak baizik jaso eta hainbeste lanen poderioz lortu dudan ezagutza ahazturik geldituko den beldurrez, zuen deiari erantzun egin diot eta espero dut zuek, nire erlezain burkideok, lagunduko didazuela orohar erlezaintzaren mesederako eta zuen modura babestuko nauzuela nire 25 urteotako aurkikuntzetan”
.

Tercek erleen pozoia artritisetarako usatu baitzuen, terapia horretan lortutako aurrerapenak eta jasandako porrotak aitortu zizkien erlezainei. Ez zuen beti lortu sendatzea. Batzuetan, gaixotasunaren ezaugarriengatik. Baina sarrienik bai berak eta bai gaixoak aurkitzen zituzten zailtasunengatik. Erle biziekin egiten zuenez lan, urte osoan zehar –neguan batik bat- erleak eskuratzea ez zen errez, eztenkadak gogorrak dira, sendatzeko prozesuan pozoiak eragiten dituen krisiak gainditzea ez da samurra, tratamenduak luze jo dezake, garai haietan injekzio bidez hartzeko pozoi elaboraturik ez zen, eta abar luzea.

Honela bukatu zuen 1904ko hitzaldia Philip Tercek: “Bukatzeko, esan nahi dizuet itxaropena badudala etorkizunean noizbait aitortuko dela erle pozoia dela erreumatismoarentzako benetako erremedio zehatza eta egun hartan posible izango dela tratamendua minik gabe burutzea injekzio bidez. Inor ez da poztuko ni adina aurrerapen horrekin, nire lana ez baita izan besterik oso aspaldiko herri medikuntzako erremedioa 25 urteotan 500 kaso baino gehiagotan erabiltzea baizik. Bere eraginak hain zabal aztertu ondoren, lortu dudan jakintzan oinarrituta, edozein medikuk erabil dezake. Urte guztiotan jasan ditudan humiliazio eta etsaigo guztien eta gogo onez egin ditudan sakrifizio guztien ordainetan, sari bakarra eskatuko nuke: bizirik jarraitu nahiko nuke erle pozoiak ezagutza osoa lortzen duela eta horrekin batera erlezaintzak eremu askoz zabalagoa lortzen duela ikusteko eguna ikusteko adina”.

Terc doktorea 1915an hil zen. 1933an idatzi zuen haren gorazarrea Bodog F. Beck doktoreak liburuaren lehen atalean. Joseph Broadman doktoreak 1962an ingelesez argitaratu zuen 1904an Tercek erlezainei egindako hitzaldia. 2006an Alemanian egin zen Apiterapiako biltzarreko partaideek haren omenezko bidaia egin zuten jaio zen Praporisteraino. Philipp Tercen jaioteguna, martxoaren 30a, daukate apiterapiako profesional eta zale batzuek Apiterapiaren eguntzat izendatuta.

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa 1.1

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan