Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Apiterapia - Orokorra - Apiterapiaz jardunaldi bereziak Urretxun Hugo Aguirre mediku apiterapeutarekin

erlea&apiterapia

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Orokorra

Apiterapiaz jardunaldi bereziak Urretxun Hugo Aguirre mediku apiterapeutarekin

2008-06-02

Apiterapiari buruzko jardunaldi bereziak izango dira Gipuzkoako Urretxu herrian Ekainaren 17 eta 19an. Labeaga aretoan, bi arratsaldez, Hugo Aguirre mediku apiterapeuta argentinarra mintzatuko da erleak eta erlauntzako produktuek osasunarentzako dauzkaten balioez. Ekitaldia Lekaio Kultur Elkarteak
antolatu du BIT Apiterapia Elkartearekin elkarlanean eta Urretxuko Udalaren babesarekin.

Hugo Aguirre lehendik ere ezaguna da Euskal Herrian. 2002an hitzaldi saila eman zuen, eta hemengo komunikabideek leku zabala eskaini zioten. Jubilatu berria den Aguirre doktorea mediku eta zirujau lanetan aritzen da, eta medikuntza klasikoaren baliabideekin batera 1980tik apiterapia ere erabili du, osagarritzat. Medikuz gain erlezain ere bada 1975etik (ikusi hemen berarekin egindako erreportaje bat).

Aguirre doktorea Argentinako Asociación de Apiterapia de Argentina elkarteko zuzendaritzako kidea da, eta gaixoekin daukan harremanaz gain ikastaro asko eman ditu, medikuntza eta erlezaintzako profesionalentzako baina baita klase guztietako herritarrentzako ere. Munduan gero eta indar handiagoa hartzen ari den Apiterapiaren alorrean erreferentzia inportantea da. Europako hainbat biltzarretan aritu da hizlari, eta horietako batean etorrita 2005ean ETBk ordu erdiko elkarrizketa eskaini zion.

Jardunaldi-ikastaro honetan Hugo Aguirre doktoreak erleak giza eta abereen osasunerako eskaintzen dituen produktuen ezaugarriak azalduko ditu: eztia, polena, erregina-jelea, argizaria, propolia eta apitoxinarenak. Hitzaldietako bigarrenean, gainera, Euskal Herrian hain ezaguna den Julian Bereziartuarekin batera ariko da. Gai hauen azalpen orokorraz gain, entzuleen galderei ere erantzungo die hitzaldi horietan.

Lekaio Kultur Elkartearekin batera Hugo Aguirreren mintzaldiak antolatzen ari diren erlezainek “Bit Apiterapia Elkartea” osatzen dute. Elkarte txiki hau Argentinako Apiterapia Elkarteak bere ordezkaritza moduan dauka ezagutua. Ondoko urteetan gai hau gizarteratzeo ekitaldi gehiago antolatuko dituzte.

Urretxuko Jardunaldiotan jende ezberdinek eduki dezakete interesa. Batetik, erlezain guztiek: beren erlauntzetako produktuak hobeto ekoizteko informazioa jaso ahal izango dute medikuz gain erlezaina ere baden Aguirre doktorearen eskutik eta horri esker produktuon balioa handitu. Osasungintzako profesionalek beren baliabide terapeutikoen artean apiterapiak eskaintzen dizkien ahalmenak ezagutuko dituzte. Hugo Aguirrek dioen moduan, Apiterapia ez da medikuntza alternatiboa, medikuntza osagarria baizik. “Nik mediku eta zirujau naizen aldetik gaixoak artatzeko arsenal zabala daukat, eta horren barruan garrantzia handia dute erlategiko produktuek”.

Erlearen produktuak saltzen dituztenek ere (belardenda, naturdenda, eta abar) asko ikasi dezakete Jardunaldiotan, beren komertzioetan aspalditik saltzen dituzten produktuen balioez eta produktuok zuzen erabiltzeko moduez informazio asko jasoz. Azkenik, osasunaz interesa duen edozein herritarrek aurkituko ditu Apiterapian bere eta bere familiaren osasuna zaintzeko produktu merke, natural eta egokiak, bai Apiterapia eta bai medikuntza sakon ezagutzen dituen profesional baten ahotik.

Ekainaren 17 eta 19ko jardunaldiok Urretxuko Udalak babestu ditu eta babes honi esker hitzaldiak dohainik izango dira.

Egunak: Ekainaren 17 eta 19an.
Lekua: Labeaga aretoa.
Ordua: 18:00etan.

Bestalde, Ekainaren 18an Hugo Aguirrek berak Iruñean emanen du beste hitzaldi bat, gai beraren inguruan, Nafarroako Erlezainen Elkarteak gonbidatuta. Ondoko egunetan jakingo dira lekuaren eta orduen xehetasunak.

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa 1.1

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan