Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Apiterapia - Orokorra - Isabel Telleria erlezaina: Erleen talaia Eltson dago

erlea&apiterapia

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Orokorra

Isabel Telleria erlezaina: Erleen talaia Eltson dago

2009-11-08

Eltso Belatetik hurbil dago, Lizaso ondoan. Duela 30 urte modan egon zen Lizaso, komunitate budistaren erakarmenez. Lantzek urtean behin inauteri zaharren maitaleak biltzen ditu erromesaldian. Bietatik hurbil, Eltson Eztiaren Museoak ekarrita urte osoan ikus daitezke andereñoekin etorritako eskolaumeak, Nafarroa berdean astebururako iritsitako turistak –Orgiko hariztia ikuskatzetik datozenak– eta erleen edonongo maitaleak.

Isabel Telleriak (Tolosa, 1963) albaitaritza ikasi zuen. “Destinuak eraman ninduen erleetara”. Zergatik albaitari? Animaliak gustuko izateagatik. Arabako mendialdean, Antoñanan, erlezaintzako proiektu batean laguntzea proposatu zioten. 1991n erleez karreran ikasitako pare baten erreferentzia baizik ez zuen, xomorro horiek marexalen ikasketetatik kanpo utziak baitaude.

Baina lehenbiziko erlauntza irekitzearekin maitemindu zen. Abeltzaintza berezia da erleekikoa. Animalia beti aske dago, beti bizirik, ez duzu zuk elikatzen, bukaeran ez duzu hiltzen. Ezin zaizkio aplikatu beste abereen zainketaren errentagarritasun kalkuluak, aurreikuspenik nekez egin dezakezu haiekin, zutaz kanpoko faktore gehiegik eragiten die. Lehen fletxazoaren ondoren, pixkanaka barneratu zen Telleria mundu horretan. Azkenerako, lana eta bizia dena bat, pentsaeran ere eragiten du erlezain izateak.

50 kofoinekin hasi zen Gaubean. Erle gogorrak ziren haiek, eguraldi zakarrari ohituak, geroztik egin dituen lanetan ondo etorri zaizkionak. 1993an 250 erlauntza gehiago eskuratu zituen Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin, Eltsoko “Ezkurdi” etxea erosi, eztiola antolatu, eta eztia egin eta saltzeko ahaleginean murgildu zen.

Telleria bera joaten zen herrietako feria eta azoketara eztia saltzera. Haietan egindako harremanetan ekin zion erlauntza zaharrak biltzeari. “Objektu moduan oso ederrak iruditzen zitzaizkidan, eskulturak ia, halako erakarmen atabikoa daukatenak. Haurrek erleak zergatik maite dituzten ez dakigu, baina maite dituzte. Zerbaitengatik dira erleak sakratuak kultura guztietan. Polinizazioagatik ote da? Ez dakit, baina zuk erlauntza jarri leku batean eta inguru osoa hiru urteren buruan izugarri aberasten da, dena hazten da gehiago. Erlategien inguruetan energia handia dago”.

Ferietan eztia saltzerakoan mahaian bi erlauntza zahar eduki ohi zituen Isabelek. Apaingarriz gain erreklamo ere baziren: zaharren bat luzatzen bazen haiei begira, solaserako gaia prest zegoen. “Erlezainok zoratzen aritzen gara gure erleez kalakan. Ez dakit artzainek hainbeste hitz egingo duten ardiez”.

Antzinako enbor eta saski haiek


Erlezain asko aurkitu du Isabelek seme-alabengan segidarik izan ez duena. Mende luzez atxiki da herrietan erleekiko haria eta, aldiz, azkenaldiko urte laburretan bat-batean eten. Gizon edo emakume erlezain asko ezagutu ditu horrela. Emakumeak? “Asko, baina asko. Hemen dauden argazkietan nabarmen ikusiko duzue. Eultzeak zaintzen, eztia ateratzen... emakumea aritu da kultura askotan”.

Ferietako eguerdietan gainerako saltzaileak bazkaritara zihoazenean, Isabelek motorrean edo autoan erledun zahar horietakoren bat hartu eta antzinako erlategiak ikustera joaten ziren, ezagutu, argazkiak atera... Nafarroako anitz erlategi edo “bejera” ezagutzeko zoria izan du, asko gaur abandonatuak baina herritarrek oraindik non ziren badakitenak.

Abandonatutako kofoin asko bildu zuen Eltsoko etxean, hasieran museorik buruan eduki gabe. Baina gero eta gehiago ziren eztia nola egiten zuen ezagutu nahi zutenak, eta eztitegia erakustean erlauntza zaharren ixtorioak ateratzen ziren beti. Sabaia atondu, eultzeak prantatu, argazki zaharren kopiak egin eta markoetan jarri... Telleria bera ohartzerako museoa martxan zegoen.

Bixita Isabelek berak edo bere senar Karla-Jonek gidatzen dute, ordubete edo ordu eta erdiz. Museoan teknologia gehiago sartzea aipatu izan diote, baina berak nahiago du buruz buruko harremana, teknologia berriak eztitegian daukan laborategirako lagata. Ikuslearen izaeraren arabera bisitak ere ezberdinak dira horrela.

“Bi gauza bai azpimarratzen dizkiet bisitariei. Batetik, erleek polinizazioan daukaten garrantzia. Gaur belardian begiratu eta xomorro gutxi ikusten duzu, ez mantangorririk eta ez ezer, latza da, naturaren hondatzearen seinale. Bestetik, erle-hazkuntza duintzen lagundu nahi dut, erleak eta guk ekipoa osatzen dugula”. Isabel oraindik haserre dago Bees filmarekin, han erlezaina xomorro esklabuen ugazaba tiranotzat erakutsi dutelako. Erlezainak bizimodua hobetu nahi die erleei, eta kentzen dien eztia soberan daukatena da; sarritan kofoinean aski ez eta nagusiak elikatu behar ditu. Eta Eltsora inguratutako bixitarien aurrean Telleria aleztuz doa ofizioaren xehetasunak, erlearen bizimodua, elikagai dituen landareen egoera, erlezaintzako ixtorioak...

Argazki gutxi omen dago Euskal Herriko erlezaintzaz. Erretratu makinak azalduz geroztik ere, nekez aurkituko duzu antzinako herritar bat eultzeen aurrean posatzen, ez bada etnografi kontuekin zebilen argazkilariren baten lanean. Museoko argazkiak Isabelek liburuetatik bilduak dira, gehi bateko eta besteko jendeek espres bidali dizkiotenak.

Euskal Herriko eta inguruetatik ekarritako eultze bakoitza da historia baten jabe. Batena hautatu dugu. Erlauntz hau Espainiako Leongo erledun batek emana da, eta han hartzak badira, erlearen betiko etsai nagusiak. Leonen oraindik hartzak osten ditu aberaskak, kofoinak zabaldu eta orraziak habiara eraman, kumeen elikatzeko. “Biharamonean, hangoek diotenez, ez dago hurbildu ere egiterik sakeatu duten erlategira, hango erleak erotu beharrean daude”.

Ezkoa landu eta argizaria egiteko tresneria antzinakoa ere erakusgai dauka museoak. “Gremio bera osatzen zuten gozogileek eta argizarigileek, Tolosako Gorrotxategik mila bider azaldu duenez. Iruñean badira hiruzpalau konfiteria zahar aldi berean argizaritan ere ari direnak. Gozogileei aberaskak osorik eramaten zitzaizkien. Konfiterietatik ateratzen ziren argizaioletarako argizariak, kandelak ere bai”.

Ezkoa eta kandelak suarekin eta heriotzaren inguruko erritoekin lotzen dira. Horretaz baditu Isabel Telleriak, erletan jakitun denez, bixitariak xoratzeko ixtorioak mila.

Klimaren aldaketaren lekuko

Emakume gaztea izanagatik erlezaintzaren gainbeheraren lekuko izatea egokitu zaio Telleriari. Varroa izeneko zorriak ekarri zuen milioika erleren heriotza. Eultze berrien ondoan erabiltzen ziren antigoaleko saskiak eta enborrak Varroarekin galdu ziren: zorri horren kontrako tratamendua plastikozko tira pozoituak jartzean datza, eta hori ezin dute ontzi zaharretan erledunek. 1986-87an heldu zen Varroa eta ohartzerako galdu ziren erle gehienak.

Varroaz gain zerk du kezkatzen Isabel Telleria erleduna gaur? Ororen gainetik DMT delakoak, Dimetoatoak. Intsektizida sistemikoa da, hazi ahala landareak bereganatzen duena. DMTaren etiketan argi uzten du erlezainentzako oso kaltegarria dela. Baina nekazariek olibondoetan erabiltzen dute, erremolatx soroetan, mahastietan, alfalfatan, lorategietan ere usatzen da, golf zelaietan, errepide bazterretan... Horien inguruan erleak berehala akabatzen dira. “Pozoiak edonon dauzkazu, zelai garbi itxurakoenetan ere bai”.

Albaitari lanak ere egiten ditu, laborategietan. Batzuetan, erleen biologiaz eta joerez egiten diren ikerketen barruan. Bestetan beste erledunen eztiak aztertuz. Erledun eta albaitari jakintsu, emakume honengan behatokia dauka Euskal Herriko ingurugiroaren bilakabidea ezagutu nahi duenak.

Klimaren beroketa gurean nola aitzinatzen den? Telleriak erlatxoria (Merops apiaster, gazteleraz abejaruco eta frantsesez guêpier) dauka salatari. “Txori ederra, berdez, horiz... tropikal itxurakoa. Iruñea ondoko Arre herriraino iritsia da, inoiz ez bezala. Erlez elikatzen da. Erleek ezagutzen dute haren kantua eta ikaratuta ez dute kofoinetik irten nahi. Baina erlatxoriak aterarazten ditu eta denak jateko gauza da”.

Erleak gutxitu egin dira, asko eztabaidatzen da zergatik. Varroa barreiatuz geroztik kasik basa-erlerik ez da. Eta Telleriak nabaritu du horrek ekarri duela bioaniztasunaren galera. “Larreko lore batzuk gero eta gutxiago ikusten dira. Txillarra izugarri gibeleratu da. Gure inguruak ezkaiz ari dira betetzen. Erledun naizen aldetik ez naiz kexu, eztitarako ona baita ezkai edo xarbota. Baina mendiotaraino iritsi da landare mediterranear hori. Araban Kodes aldean berdin, gaur ezkai hutsezko eztia lor dezakezu”.

Erledun jakitunak entzulea harriarazten du naturari ikasiaren kontakizunarekin. Aldi berean, oraino ulertu ezin dituen puntuen zerrenda aitortzen du: Varroari nola egin aurre, erlearen galera, kutsadura ezberdinak (nekazarien pestizidetan, baina berak jartzen dituen ezkozko laminetan ere bai...), erlezaintza modu berriak saiatu beharra...

Erlategien zaintzea, eztia ekoiztea eta museora datozenei ongi-etorria egitea aski lan ez baititu, Eltso herri txikiko auzo-alkate ere bada, beti dator ondo teknikari bat ur hoditeria berritu beharra zeukan baserrirako.

Bixita luzea bukatuta kazetaria etxeratu denean, herriaren izenaz galdezka hasi da hiztegietan eta Pierre Lhanderen Diccionaire Basque-Françaisek argitu dio honetan ere predestinazioa: “Eltzo: (...) 2: groupe, essaim. Syn: multzo, saldo. Eztia elkharrekin egiteko biltzen den erle eltzoa (Hard.H.)”. Eltson zeukan, nonbait, destinoa Isabel Telleriak.

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa 1.1

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan