Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Apiterapia - Euskal literaturan - Laborantzako liburua. XXXVI: Erleez (Jean Pierre Duvoisin)

erlea&apiterapia

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Euskal literaturan

Laborantzako liburua. XXXVI: Erleez (Jean Pierre Duvoisin)

2009-04-07

AITAK: Ez-nuke laborari etxerik ikhusi nahi erlerik gabe, zeren hortarik ez-baita probetxurik baizik heldu.

Ongi axola-gutikoak garela aithortzeko dugu ez-denaz geroztik gure tokietan hoin erle guti baizik. Bethi arrangura gare gure ezin-bizia; bainan, zer egiten dugu gure erromestasunetik atheratzekotzat? Lanik ez-duen erle bat ere ez-dugu atxikiko. Artha xume baten hartzea sobera zaiku. Ongi begiratzen badugu gure bizi-moldeari, kausituko dugu zertaz jazar gerorren buruei.

Zu bederen, ene semea, baliatu nahiko zarelakoan gaurko solasaz, mintzatzera noha erleez.

Kofoin batean dira andre bat, arrak eta mandoak. Andreak egiten ditu arroltze guziak; arrak hiltzen dituzte erroteko aroa goaten denean; mandoak dira bakharrik langile. [Blog honen egilearen oharra. Nabarmentzekoa da guk "erle langile" deitzen ditugunak
Duvoisinek "mando" izendatzea eta aldiz gure "erlamandoak" harentzako "arrak" izatea. Duvoisinenak aurrera atera izan balira, gaurkoak baino izen egokiagoak izango ziren].

Andrea erroten abiatzen da primaderan udazkeneraino. Arroltzetik lau egunen buruko atheratzen da har bat. Bortz edo sei egunez erle-mandoek hazten dute. Xilhoa tapatzen dute gero estalgi batez. Orduan harrak bere baitharik atheratzen du ziriku mota bat; hartan biribilkaturik, hila bezala gelditzen da zortzi egunez. Hura deitzen da kuxkua. Zortziko mugan, urratzen ditu kuxkua eta xilhoko estalgia, atheratzen da orraze gainera. Mandoek eztiz asetzen dute, milikatzen eta garbitzen dute alde orotarik. Handik harat badabila bertzeekin lanean.

Andreak hola egiten ditu hogoi eta hamar mila, berrogoi mila umetaraino. Kofoina laster ttipiegi izanen da guzien idukitzeko. Udako beroak khexaturik, pharte bat ilkhiko da andrearekin. Hura deitzen da erlumea.

Kofoinek ez-dute behar soinez-soin: batetik bertzera uzten da hiru urhatsetako huts-arte bat. Iguzki-aldeari begira, haize maldan dira hobekienik.

Inguru guziko lixtor ohantzeak xahutu behar dira artharekin, zeren lixtorrek hiltzen baitute erle hainitz. Xinhaurrien murruak ere barrayatzen dira orobat.

Erletegiak hurbil nahi du ura. Erleek ur hainitz behar dute beren lanetako; eta urrun goanez bilha, lan gutiago egiten dute; bide luzean ere galtzeko menturan dira.

Erletegiaren ondoan landatzen dira arbola aphal batzuek; erlumeak hekietan baratzen dira.

Halako mugetan erletegiari hurbildanik begiratzea premia da. Kofoin berriak xuxentzen dira. Berorik handienean atherako da umea. Ezagun da aintzinetik noiztsu ilkhiko den; ordu hetan erleak gogotik kantatzen du. Erlumea goregi hegaldatzen bada, legarra edo lur phorroa botatzen zayo gainera, beheiti jautsaraztekotzat.

SEMEAK: Nik ikhusi dut oihu eta harrabots egiten, bertz batzuei joka.

AITAK: Zoro lanak dira holakoak.

Erlumea ilkhitzen denean, birundaka dabila, eta astia ematen du behar diren erreparuen egiteko. Andrea baratzen den tokian geldituko dira guziak, mulkhoan elkharri lothurik.

Hurbil dakioke orduan errexkiago; ez-dira hain gaixtoak nola kofoinean dagozinean. Ezti khutsua emanik kofoin bati, ezartzen zayote azpian, eta mulkhoa hartara erorrarazten da arbola iharrosiz; lurrean uzten da xutiturik han berean. Ilhun ondoan ezartzen da erletegian. Biharamunetik erlea lanari lotzen da.

Neguan, hotzak mokhortzen ditu erleak: hilak bezala jan-gabe egoten dira. Negu eztia egiten duenean eta denbora goizik gozatzen bada, erleak guti egoten dira hotzak mokhorturik; orduan jaten dute; eta eztia akhabatzen bazayote, goseak hiltzen ditu. Halako aroetan eman behar zayote eztia asieta batean, paper batez estalirik. Papera ixkilinba batez xilhakatzen da.

Udazkenean, erle aberatsei khentzen zayote beren onthasunetik zathi bat.

SEMEAK: Hemen, onthasunaren biltzeko, hiltzen dugu erlea.

AITAK: Bai, ondikoz! Aphur bat berotzea-gatik, etxea erretzen dugu. Bainan jendea ez-da guzietan hain erhoa. Urrunago goan-gabe Kaskoinian erlea ebakitzen dute, ez-hiltzen.

SEMEAK: Hori ona laiteke, egiten ahal balitz.

AITAK: Ahal daite, egiten denaz geroztik. Ebaki-gabe ere onthasunetik khentzen diote toki batzuetan. Hekietako kofoinak ez-dira hemengoak iduri. Gaitzeru zola-gabekoak iduri dute. Halako lau gaitzeru ezartzen dira bata bertzearen gainean, elkharri krisketez lothurik eta gibelean phaldo bati. Gain-gainekoa estaltzen da taula batez. Gaitzeru hekiek xiri bat behar dute trebesean. Erleek arteka guziak tapatzen dituzte. Gainean egiten dute eztia, eta umea beherago. Hazil ingurutsuan, erle aberatsei khentzen zayote gaineko gaitzerua bere onthasunarekin, eta ordainez azpian gaitzeru huts bat ezartzen. Molde horrez lau urthetarik kofoin guzia berritzen da.

SEMEAK: Zertako ez-utz gaitzeru hutsa gainean, khendu denaren orde?

AITAK: Hola eginez, ezkoa ez-laite behinere berri; berrituz hainitz hobe da.

Guzien-gatik, gauza bati ohartzeko da. Baldin erleei onthasunetik khendu diozutenean, denbora txarrak ematen badu, ez-dira gosez hiltzera utzi behar. Asietan eztia ematen zayote eskas dutenei.

Orrazeak kofoinetik atheratu ondoan, tapatuak dituzten xilho guziak idekitzen dira nabala batekin eta ixurarazten zayote eztiaren pharte bat ahoz beheiti idukiz. Hura da ezti phurua eta garastiena. Bigarren eztia egiten da orrazea hautsirik eta eskuetan tinkatuz; pausatzerat uzten da; ondakinak zolara dihoazko; orduan hobeena hartzen da eta ondarra begiratzen neguan erleei ematekotzat. Bainan orhoit zaite lan horiek egin aintzinean, orrazea garbitu behar duzula ezko edo ezti ez-diren zikhin guzietarik.

Azkenekotz orraze puskak ezartzen dira bertzean urarekin. Suan urtharazi ondoan, bero-beroa irasten da tela argal batean. Hoztearekin, ezkoa gogortzen da.

Jean Pierre Duvoisin (1819-1891) idazle lapurtarraren Laborantzako liburua delakoaren atal hau Klasikoen Gordailutik hartu da (Armiarma).

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa 1.1

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan