'Ehun metro'-rekin Donostian Bloomsday bat, zergatik ez?

Gorka Bereziartua
0

Dublinen ospatzen den Bloomsday-ko irudi bat (argazkia: Irish Times).
Dublinen ospatzen den Bloomsday-ko irudi bat (argazkia: Irish Times).

“Ekintzetarako beharrezkoa duk erokeria gramo bat” irakurtzen da Ehun metroren lehenbiziko orrietan, polizia pega-pega eginda duela ihesean ari den militantearen barne gogoetan, udaletxeko plazan sartzen ari dela. Eta baieztapenak baliagarria izaten segitzen du nobela publikatu zenetik ia 40 urte pasa direnean. Erokeria gramo bat, horixe behar da ekintza berrietarako ere eta horixe da, erokeria berri bat da, hain zuzen, Xabier Olarrak proposatu duena.
Igelako editore eta itzultzaileak Donostia-Dublin konparazioa egin du argitaletxearen blogean eta diferentzia bat, handia, sumatu du hiri bakoitzak bere literaturari eskaintzen dion arretan. Zehazki, James Joyceren Ulises (Olarra bera euskaratzen ari den nobela) hezur-haragizko bihurtzen dute urtero ospatzen den Bloomsdayren bidez Dublingo kaleetan eta, Gipuzkoako hiriburuan antzeko zerbait egin dadila proposatu du.

Dublindarrek ederki asmatu dute Bloomsdayn literatur ospakizuna eta Baztan aldean zorro-besta esaten diotena lotzen. Paraje hauetan, tripa-festetara emanagoak garenez literaturara baino, asmatu beharko genuke zerbait biak lotzeko.
Bururatzen zait, esate baterako, Donostia 2016ko ospakizunen artean, Ehun metroren argitalpena ospatzeko, presta litekeela Konstituzio Plazan –esketx zalapartatsurik gabe– nobelaren irakurraldi bat zatika, bertako tabernetan zehar (orain tour gastronomikoak, enologikoak eta abar hain modan daudenez, ea letrek ere beren txokoa aurkitzen duten).

Aldeko arrazoiak eta beldurren bat
Erokeria esan dugu baina uste baino errazagoa izan liteke euskal literaturaren Bloomsday hori antolatzea. Aldeko faktoreak ez dira gutxi: Ehun metro donostiar pilak irakurri du eta adin batetik aurrera, ikastolen lehen belaunalditik, euskarazko nobela irakurrienetakoa da, irakurriena ez bada.
Gero, asunto politikoa dago: Ehun metroren tematikak Donostiako zenbait elementuren artean zalantzak sor ditzake agian, protagonista ETAko ekintzaile bat delako.
Baina Olarrak nabarmendu duen moduan, frankismoko nobela da eta alde horretatik, antifrankismotik, badago kontsentsurako aukera hiriko sentsibilitate politikoen artean –edo egon beharko luke, nahiz eta Udal Liburutegiari Txillardegi izena jartzearen kontra zenbaitek erakutsi zuten temak esperantzak apaldu–.
Aldeko argudio nagusia katxondeo tonuan eman du Igelako editoreak: “Proposamen honekin konstituzionalistak (Konstituzio plazan eginez gero, ezin uko egin) eta gainerako abertzale eta ezkertiarrak literatur ospakizun baten bitartez elkartzea lortuko litzateke (Parlamentuko ponentzia baketzaileez harago)”.
Gatazkak banandu duena liburu on batek eta haren inguruko mauka-dzangak batu dezala beraz. 2016ra arte badago oraindik, agian, prestaketarako denborarik.
PS: Joyce eta Saizarbitoriaren arteko paralelismo gehiago ere egin ditu Olarrak, Ehun metron eta Ulisesen agertzen diren giltzen esanahiaz idatzitako post-ean. Eta Konstituzio plazako Bloomsday horren alternatiba izan litekeena ere proposatu du: irailaren 8an, Donostiako zaindariaren egunarekin bat eginez antzez litekeen Molly Bloomen bakarrizketa antzeztea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA