Liburuak saltzea baino gehiago

Gorka Bereziartua
0

Zarauzko Garoa liburu denda (argazkia: Kulturaldia)
Zarauzko Garoa liburu denda (argazkia: Kulturaldia)

Anjel Lertxundiren Berriako zutabean irakurri dugu zerbait, baina ZuZeun Oier Arantzabalek izen eta abizenak jarri dizkion arte ez da baieztatu albistea: Garoa liburu dendakoek Donostian lokal berria zabaldu behar dutela, Zarauzkoa bezala, denda baino zerbait gehiago izateko asmoarekin.
Arantzabali lapurtuko diogu proiektuaren xehetasun batzuk ematen dituen paragrafoa:

Ekainaren amaiarekin batera irekiko dute Donostiako gunea Zabaleta kalean. Bi pisu izango ditu; bata liburu-denda, hausnarketaz gozatzeko gune bizia eta bestea; co-working laborategi kultural-teknologikoa, ideiak landu eta burura eramateko. Hub moduko bat sortzea da Garoako lan-taldearen asmoa.

Zarautzen mugida koxkorra daukate antolatua dendaren inguruan (hemen hitz egin izan dugu Paperezko kontzertuak ekimenaz, baina beste karrokada bat ere antolatzen dituzte) eta horiek Donostiara ere eramatea dute helburu Patricia Getek egitasmo berriari buruzko bideoan azaltzen duenez.
 
Ez zaio batere gaizki etorriko Gros auzoari horrelako zerbait, duela urtebete Metropolis liburu denda espezializatua itxi ondoren (zinemarekin lotutako gauza asko aurki zitezkeen bertan) bibliofiloak pixka bat umezurtz baitzeuden kartier horretan.
Donostiako “bestelako” liburu denden eskaintza osatzera dator Garoa berria gainera: 2012an Eason martxan jarri zen Kaxildarekin batera, dendatik harago joan nahi duten bi gune egotea aberasgarria izango da hiriarentzat.
Portzierto, Kaxildak ere aurten emango du albisteren bat. Baina horiek aurrerago hitz egiteko kontuak dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA