Yoko Onoren Bilboko bisita eta kosmopaleto baskoak

Gorka Bereziartua
0

Yoko Onoren atzera begirakoa irailaren 1era arte ikusi ahalko da.
Yoko Onoren atzera begirakoa irailaren 1era arte ikusi ahalko da.

Onar dezagun kosmopolitak baino gehiago garela kosmopaletoak: Yoko Ono Bilbotik pasa da aste honetan eta egin dituen adierazpenen artean hedabideetan gehien nabarmendu dena, zera da: nahiago duela Bilboko Guggenheim museoa New Yorkekoa baino.
Zehazki, artistak museoen artean egin duen konparazioa hau izan da: “New Yorkekoan arkitektoaren egoa ikusten dut, baina hemen ez”.
Tokion jaiotako arte izarrak ia inoiz kentzen ez dituen eguzkitako betaurrekoek oso ilunak izan behar dute Frank Gehryren itsasontzi titanikoan arkitektoaren egoa ez ikusteko, baina tira, horrek ez du gehiegi inporta. Yoko Onok Bilbori buruz egindako edozein goraipamen nabarmenduko zuen prentsak, haren bisitak eta antzera antolatutako guztiek helburu nagusi bakarra baitute: hiria saltzea.
(Kontent egon beharko dugu beraz, arkitektura kontuez aritu delako eta ez Zazpikaleetako pintxo eskaintzaz).
“Bilbon baditugu New Yorken baino gauza hobeak eta ez diogu guk, Yoko Onok baizik”. Hori da mezua, ingelesez emana munduan enteratu daitezen.
Zibilizatuen klubean sartzea irrikatzen duen jendearen gauzak dira. Onoren atzera begirakoan interesa dutenek, txorradak aparte utzita, irailaren 1era arte dute ikusteko aukera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA