Gure Gamonalak

Gorka Bereziartua
2

Gamonaleko bulebarraren kontrako manifestazioa.
Gamonaleko bulebarraren kontrako manifestazioa.

Ez hitz egin gehiago “Amets hautsien bulebarrez” (Joaquin Sabina eta Green Day, ugh!), Gamonaleko auzotarrek gauza askoz originalagoa asmatu dute: “Bulebar hautsiaren ametsa”.
Burgosen egin nahi zuten obra garestiak alimaleko istiluak eragin ditu eta azkenean PPko alkateak belauna hondarretan jarri: badirudi Udalak lan talde baten bidez moderatu nahi dituela auzotarren animoak (PP ere ETA dela erakusteko froga bat gehiago, “tregua tranpak” iragartzen dituzte).
Batek baino gehiagok pentsatuko zuen egunotako irudiak ikusirik ea hiri horretako agintariak erotu ote diren tamainako etsaitasunak pizten dituen proiektu urbanistikoa martxan jarrita.
Barka kontra egitea. Ez dut uste Francisco Javier Lacalle sheriffak gure herri eta hirietan azken hamarkadetan praktikan jarri diren politika urbanistikoen aldean ezer anomaloa egin duenik. Begiratu bestela liskarraren bulebarra iragartzeko udalak egin zuen spota:
 
Modernotasuna, bidegorriak, arbolak eta ondo jantzitako jendea, hiriari muturra garbitzen dion zerbait a priori. Garbitu, bistan dena, turismo gidetan inoiz erakutsiko ez zenukeen pertsona mota horren zikinaz: etorkinak, pobreak, langileak; etorbide zabaletatik udaltzainek kale estuetara ostikatzen dituzten elementu toxikoak.
Ez gaitezen engaina, hemen horrelako apo asko irentsitakoak gara, igel hankak ziren ustean. Are gehiago 1997tik hasi zen “Guggenheim efektua”-rekin, sinetsi genuenean Europa azpiegituretan hasten zela eta ez bizi baldintzetan, kultur mailan edo oraindik inor gutxiren agendan dauden gerokoak-geroko-utziko kontuetan. Gamonal asko egin dizkigute politika beste gauza batzuk zirela pentsatzen aritu garen bitartean.

2 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA