Kontsulta bat behar dugu

Gorka Bereziartua
6

Gauza bakarra daukat argi: argazkiko kontsulta honi bai eta bai erantzungo diot Bartzelonara noan hurrengo aldian.
Gauza bakarra daukat argi: argazkiko kontsulta honi bai eta bai erantzungo diot Bartzelonara noan hurrengo aldian.

PPko eta PSOEko zenbait kidek ere kontsulta bat behar dute. Psikologoarenean. Kataluniako zikloia orraze batekin gelditu nahian ari dira eta gaizki ateratzen zaien bakoitzean egiten duten espantuak antza handiegia du dibortzioa onartu nahi ez duen senar jeloskor batek egingo lukeenarekin: niri egin nahi didazu hau? NIRI? Zuk ez dakizu norekin ari zaren! Eta abar eta abar.
Rubalcabak esan du kontsultak “kale itsura” daramala. Marko konstituzionala aldiz, esperantzaz betetako bulebarra da, noski.
Independentziak ez ditu Kataluniako problema gehienak konponduko; are, Masi primeran etortzen ari zaio tentsio soziala aldarri nazionaletan gorpuztea eta ez, adibidez, bera gillotinatzeko mugimendu zibil eta zabaletan. Baina kontrako oferta egiten duten enpresak Canovas eta Sagasta direnean, nork ez luke produktuz aldatzeko tentaziorik?
Berandu da kontsultan galdera gehiago sartzeko tamalez. Adibidez honakoa: nahi duzu Katalunia independentean Mosso astazakilek hiltzen segitzea? Baiezkoa bada, hilketa horiek inpunitatez gertatzen jarraitzea nahi duzu?
Berantetsita daude halaber euskaldun asko, katalanen abiadura ikusita. “Euskal Herriaren independentziaren erreferenduma 2084rako!” aldarrikatzen dute ausartenek.
Inbidia, uste orokorraren kontra, oso sanoa izan daiteke, baldin eta zure gutxiagotasun sentsazioa zerk eragiten duen aztertzeko gai baldin bazara. Alderdi abertzaleei mugitzen hasteko eskatzen diete independentziaren alde dauden herritar askok; egin dezatela erreferenduma adostu duten alderdi katalanek bezala.
Horrela funtzionatzen dugu Euskal Herrian: gure pentsamendu politikoa kontzesio publikoan jartzen dugu eta dagokion alderdiari esleitu ondoren (orain txerokiei, orain zipaioei), zerbitzua nola ematen diguten begira geratzen gara. Gehi: ondokoak aukeratu duen enpresari tatxak ateratzen. Beste alderdiko gorbata itsusi, norberarena ez ikusi.
Guk ere kontsulta bat behar dugu. Bai, psikologoarenean.

6 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA