1.000 ikusle gauzak bestela egin daitezkeela pentsatzeko

Gorka Bereziartua
4

Ander Lipus 'Hamlet' antzezlanean.
Ander Lipus ‘Hamlet’ antzezlanean.

Hamletek sarrera guztiak saldu ditu Donostian joan den larunbatean eta igandean. Ostegunean eta ostiralean ere ia beteta zegoen Gazteszena Artedrama, Dejabu eta Le Petit Theatre du Painen obran. Datu ofiziosoak izan arren, hortxe-hortxe ibiliko da kontaketa: 1.000 lagun inguru.

Nire printzipioen kontra dago obra bat erakarri duen jende kopuruaren arabera bakarrik baloratzea eta Hamletek saio bakoitzean 15-20 lagun bildu izan balitu ere, ez zuen gutxiago balioko. Arrisku handiak hartu dituzte, testua gaur egunera ekarri, publikoari parte hartzeko atea zabaldu eta spoilerrak saihesteko kontatuko ez ditugun beste zenbait kontu.
Erronka ez zen nolanahikoa eta garaile atera dira. Duela urte batzuk Viktoria Eugeniatik pasa zen Hamlet konbentzional eta handiustekoa baino askoz ere interesgarri eta lortuagoa iruditu zait (hari buruz Roberto Herrero kritikariak Diario Vascon idatzi zuenarekin bat egiten dut).
Baina itzul gaitezen asteburu honetako ikusle kopurura, antza denez arrakasta baita artistaren lanaren termometroa ideologia nagusiaren arabera. Harrera beroa ideologia horrek markatzen duen bidetik aterata lor daitekeela erakusten du Hamlet honek ordea, maila artistikoan kontzesiorik egin gabe, errazkerian erortzea saihestuz, publikoa gutxietsi ordez hari eskua eman eta ezagutzen ez dituen terrenoetara eramanez.
Eta gertakari puntual honetatik harago, antzerkia ulertzeko modu bat erdigunea irabazten ari da azken urteotan. Asteburuko 1.000 ikusle horiek sinestarazten dute gauzak bestela egin daitezkeela. Abangoardia eta publiko zabala ez direla termino ezkonezinak. Eta polita litzatekeela hori antzerkiaren eremutik gainontzeko arteetara ere estrapolatu ahal izatea.

4 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA