Orson Wellesek film berria estreinatuko du

Gorka Bereziartua
0

‘Too much Johnson’ filmeko eszena bat

28 urte daramatza hilda Orson Wellesek baina horrek ez dio galaraziko datorren urrian film berri bat estreinatzea. Too much Johnson izeneko film bat aurkitu dute, Wellesek Citizen Kane baino hiru urte lehenago grabatutakoa eta denek, baita zuzendariak ere, galdutzat ematen zutena.
“2004an bidalketa enpresa bat zeukan lagun batek deitu zidan biltegi batean gainetik kendu nahi zituen kaxa batzuk zeuzkalako”, azaldu dio El País egunkariari Piero Colussik Italiako Pordenone herriko Cinemazero elkarteko kideak. Han aurkitu dute Wellesen lan estreinatu gabea, “ozpin usaina” zeukan kaxa horietako batean. “Lagunak esan zidan: ‘Zuei film zahar horiek gustatzen zaizkizue, ea interesatzen zaizun Erromatik iritsi zaidan zinta hau, ez naiz gogoratzen noiz jaso nuen ere’. Egurrezko kaxa jasotzera joan nintzen, nahiko higatua zegoen, erroiluei begiratu nien, zortzi, eta gure sotoan gorde nituen. 2004an izan zen. Hainbeste gauza iristen dira!”.
Urteak pasa ditu kaxak gordeta. Ozpin usaina jasangaitza egin zen arte (nitratozko filmek “sindrome azetikoa” edukitzen dute zahartzean, Elsa Fernández-Santos eta Lucia Magi kazetariek azaltzen dutenez). 2008an gaude eta azkenean erabaki du Colussik kaxa irekitzea. Zera irakurri du bobina batean: Welles. Gertuko unibertsitate batera eramatea bururatuko zaio eta han egongo da beste puska batean, Colussi ostera ere galdezka joan arte. 40 minutuko filma dela, Joseph Cotten oso gazte agertzen dela, baina ez dakitela zein den filma.
Ezin jakin, nola ba, mundu guztiak uste zuen Too much Johnsonen ale bakarra erre egin zela Wellesen Madrilgo etxeko sute batean. Pordenoneko zinezaleek Ciro Giorgini adituari deitu zioten misterioa argitzeko eta hortik aurrera hasi da filma estreinatu bitarteko historia. San Franciscoko (AEB) National Film Preservation Foundationek lagundu du pelikula zaharberritzen eta materialaren %96 berreskuratu ahal izan da.
Filmaren erreskatean parte hartu duen Paolo Cherchi Usaik dio amaitu gabeko obra dela, “lanerako kopia bat”, zenbait momentutan muntaketa poliki egina badago ere, beste batzuetan antzematen delako lan gehiago behar zuela. “Narrazio aldetik ez du funtzionatzen, baina ikusten dena Welles da, bete-betean”, azaldu du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA