Off-eko maitasuna

Gorka Bereziartua
0

Jose Sacristan, filma aurkeztu aurreko argazki-saioan

Minbiziak jota dagoen gizon baten istorioa da Javier Rebolloren El muerto y ser feliz. Argentinako eremu dekadenteak erakusten dituen road-movie esperimental samarra egin du zuzendari espainiarrak eta, François Ozonen Dans la maisonekin batera, Sail Ofizialean orain arte ikusi ditugun filmetatik zuzendariaren eskua gehien ikusten den lana da. Onerako, zorionez.
Hasieratik bukaerara protagonistei laguntzen joango den off ahotsa da filmaren bereizgarri nagusia. Istorioa irekitzen duen Buenos Airesko plaza baten aireko planotik hasten da deskribapena eta, aurreneko zenbait eszenatan ematen dituen azalpenak soberan zeudela iruditu zaidan arren —“kaka” gehiegi esplikatzen duela uste dut—, aurrera egin ahala baliabide interesgarria bihurtzen da.
Irudietan erakutsi duenaren kontrakoa esaten du narratzaileak sarri, eta horrek dislokatze moduko bat eragiten dio ikusleari, bietako bat hautatu beharra, bere begiek diotenaren eta narratzailearen autoritatearen arteko tentsioa.
Zuzendariak erabili dituen baliabide narratiboez gain, istorioa ere badauka: José Sacristanek ondo antzeztutako agureak ehunka pertsona hil ditu diru-truke eta horrek eragindako mamuak gainetik kentzen saiatuko da, autoa hartuta noraezean abiatuz. Errepidean aurkituko duen emakume bat izango du laguntzaile, gaitzak eragiten dizkion minak baretu eta bere buruarekin bakeak egiten saiatzerako orduan.
Beharbada ez dio pertsonaiari ateratzen ahal zitzaion zuku guztia atera, amaiera luze samarra egiten da eta martxa hartzea ere kostatzen zaio, baina ni konbentzitu nau off-ean kontatutako bidaia iniziatiko eta era berean terminal honek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA