PC11 (III): Kasinoak eta 90eko harmakadarako bidaiak

Beñat Sarasola
0

Girls taldea (argazkilaria: Dani Cantó)

Poble Nou-ko Casino L’Aliança ramegantean hasi genuen atzoko eguna hiru kontzerturekin, Still Corners, St. Vincent eta Girls-ekin. Kontzertuak eserita ikusteko aretoa da eta iritsi ginenerako aski beterik zegoen lekua. Agerikoa zen batez ere St. Vicent eta Girlsen “tiradizoa”.
Still Corners poparen eta shoegazearen artean mugitzen den taldea da, estreinako diskoa —Creatures Of An Hour— aurten argitaratu du. Kantariaren aingeru-ahotsa lagun, taxuz ibili ziren; nire gusturako, hobeto dezibelioak igo eta gitarrak saturatzen zituztenean. Nahiko harrigarriro, tartean Bruce Springsteen-en I’m On Fireren bertsioa jo zuten gitarra elektrikoa eta ahotsaren laguntza bakarraz. Ordu erdiko atsedenaldiaren ondoren taularatu zen St. Vicent. Annie Erin Clark musikari amerikarraren bakarkako egitasmoak hartzen duen izena da eta orain arteko hiru diskoek harrena ona izan dute; batez ere azkeneko biek; indie musikako webgune erreferentziala den Pitchforkek, esaterako, 9koa jarri dio aurten plazaratu duen diskoari, Strange Mercyri. Ez ninduen diskoan sobera betetzen eta zuzenekoak ere ez zidan iritzia aldarazi. Clarkek ahots ederra duela ezin ukatu, gitarra ere abileziaz jotzen duela eta taula gainean aire bereziz mugitzen dela, baina abestiek ez didate deus apartekorik esaten. Gitarra-erasoaldi bortitzak gora-behera, kontzertuko zati handitan nahiko aspertu nintzen. Pare bat ordu beranduago joko zuen The Pop Groupen abesti baten bertsioak asebete ninduen gehien; noski, ez da seinale onegia kontzertuko abesti ederrena bertsio bat iruditzen zaizunean. Girls San Franciscoko taldea izan zen Casino L’Aliançan atzo agertu zen azkenekoa. Datozen urteetako lehen lerroko taldea bihurtzeko dena dauka taldeak: bi disko borobil —Album eta Father, Son, Holy Ghost—, abesti bikainak —Lust For Life adibidez, zeina euskal musika zutabegile ilustre baten esanetan “azken urteotako pop abesti onena” baita—, eta atzo ikusi ahal izan genuenez, taxuzko zuzenekoa halaber. Taldearen berezitasunetako bat da halako belus zantzuko pop klasikoaren oihartzunak jasotzea bere doinuetan; Beach Boys-ak aipatzen dira maiz beren eragin gisa, baina atzerago jotzea ere egokia litzateke agian —The Platters-eraino, esate baterako—. Udan itzuliko direla iragarri zuten, “nahiz eta ez den oraindik ofiziala”, eta beraz, adi egon beharko; taldea festibaletako ordutegi estuetatik kanpo ikusteko gogoa geratu baizitzaidan atzokoan.
Poble Noutik Apolorakoa egin genuen bizkor. Azkenean The Pop Group ezin ikusi —nahiz eta bertaratukoek ez zizkidaten iritzi onegiak eman— eta Stephen Malkmus & The Jicksen kontzerturako prestatu ginen, niretzat aurtengo festibaleko emanaldi markatuenetakoa. Izan ere, Malkmusen ahotsa eta gitarra-kolpeak entzutea 90eko hamarkadara itzultzea da niretzat. Indie musika inorekin lotzekotan, Pavement taldearekin lotzen da nire baitan. Mirror Traffic lan aipagarria besapean etorri ziren Malkmus eta konpainia eta bilduma horretako kantak jo zituzten batez ere —Tigers, Gorgeus Georgie, Senator…—. Aurrekoetatik, Dragonfly Pie, Jo Jo’s Jacket eta Animal Midnight nabarmendu ziren; faltan nabaritu nituen artean, Church On White eta Jenny & The Ess-Dog ederrak, baina esan gabe doa, kontzertu bat ez da jukebox bat. Arazo teknikoak tekniko —anpliak bota zituen Malkmussek kolpe batez halako batean eta mikrofonoak lanak eman zizkion emanaldiaren ia guztian zehar— ondo aritu ziren. “Malkmusek duela hogei urte egiten zuena egiten jarraitzen du” kexu zitzaidan lagun bat kontzertua amaitzean. Tira, egia da, dagoeneko ez du ezer berririk asmatzeko kaliforniarrak, baina aizue, egiten duena ondo egiten jarraitzen du.
Bukatzeko, Holy Other-en elektronika doinuak izan genituen. Topikoak dio elektronika festarako musika dela, eta festibaletan ere festa girorako programatu ohi dituzte halakoak. Ez da beti horrela izaten, eta atzokoan, Holy Otherren musika etxean entzungailuekin lasaitasunez aditzeko gogoa piztu zitzaidan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA