Jazzaldia11 (II): Egun biribila

Beñat Sarasola
0

Abdullah Ibrahim atzo Trinian. Argazkia: Juan González Andrés

Egun ederra izan zen atzokoa; ikusitako kontzertu bakar batek ere ez zuen hutsik egin, eta hori dirudiena baino zailagoa izaten da jaialdi handietan.
Kursaaleko terrazetara gerturatuz hasi nuen arratsaldea eta han ikusi nuen Tucson Jazz Institute Ellington Band-en emanaldia. Hamalau eta hemezortzi urte bitarteko gazteez osatutako banda, jazzeko estandardak jo zituzten nagusiki -Count Basie, Duke Ellington, Love for sale…- eta aurreko mendeko 30-40. hamarkadetako Big banden doinuak ekarri zizkiguten XXI. mende honetara. Be bop-aren hastapeneko ezein musikariren biografia irakurtzen baduzu, beti azaltzen da haien gaztaroan banda handiren bat, beren teknika eta trebetasuna zailtzeko balio izan zitzaiena. Gazte hauei so, hemendik urte batzuen buruan bakarli bihurtuta imajina zenitzakeen. Guztien artean Max Goldschmid nabarmendu zen, saxo altoan, zeinak momentu batean bere konposizio bat ere jo baitzuen laukote formatuan.

Gazteez osatutako banda honetako kide batzuei zoratzen ikusi zitzaien gero Tea for 3ren kontzertuan. Egungo puntako hiru tronpeta-jotzailek osatzen dute egitasmo hau: Dave Douglas, Enrico Rava eta Avishai Cohenek -ez nahastu bihar Trinian joko duen izen bereko baxu-jotzailearekin-. Douglasek gidatzen duen taldean ere Uri Caine pianista dago, eta jakina, halako izenek nekez zapuzten dizute arratsa. Tronpeta jotzeko hiru estilo ezberdin ikusteko adibide ona izan zen, halaber. Douglas Miles Davisen ildoko tronpeta-jotzaile handieneko bat dela zioen berrikitan Jazzaldiko zuzendari Miguel Martin-ek, eta dudarik gabe, bizirik dirauten handienetakotzat jotzen dute aditu guztiek. Honekin batera, Cohenen abiada eta Ravaren zarata itoak ateratzeko gaitasun miresgarria ikusteko parada izan genuen atzo iluntzean Trinian. Hauen ondoren etorri ziren Abdullah Ibrahim & Ekaya. Atzo aipatu nuen nola haiena izan zen duela bi urteko Jazzaldiko emanaldi onenetakoa. Atzokoa aurrekoaren ildotik joan zen. Bakarrik hasi zuen kontzertua, maisuki egiten duen moduan, melodia diferenteak bata besteekin lotu eta nahastuz -tartean Blue Bolero bikaina-. Jarraian, baxu-jotzailea eta bateria-jotzailea batu zitzaizkion, eta apur bat beranduago, haize-sekzioa. Hortik aurrera, haizeek hartzen dute emanaldiaren zama handiena, luzeegiak ez diren soloak tartekatuz. Ibrahim eta enparauek egiten duten musika sotil bezain fina da eta entzulearen arima altxarazteko gaitasun harrigarria du. Entzuleriak zutik amaitu zuen txaloka, eta bi bis atera zizkien. Aparta, beste behin ere.
Azkenik, Lloyd Colen emanaldira joan nintzen San Telmo Museo berritura. Esperimentu berria da San Telmo Museoan kontzertuak programatzearen hau, eta ikusteko zegoen zertan geratzen zen kontua. Klaustroaren akustika benetan izugarria da, isiltasuna egonez gero, barrunbeetaraino sartzen zaio entzuleari nota bakoitza. Alta, hiru emanaldi eskaintzen dira ia aldi berean eta horrek jendearen joan etorriak eragiten ditu; honekin batera, barra bat dago klaustroan bertan. Honek guztiak zarata handiegia eragiten du isiltasuna kasik ezinbestekoa den atzoko Colen kontzertu bezalakoetarako. Izan ere, formatu rockero klasikoa alde batera utzita, hiru gitarrekin (tarteka baita banjoa eta mandolina ere) soilik jo baitzituen bere ibilbideko abesti ezagunak (Are You Ready To Be Heartbroken, Perfect Skin, Impossible Girl…) zein bere Broken Record azken disko bikaineko zenbait. Emaitza, gitarren arpegio zehatz eta klaustroak goratzen zuen Colen ahots itzela lagun, eder askoa izan zen orobat. Ea datozen egunetan ere zorte bera dugun.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA