AEBek bertan behera utziko dute “misilen aurkako ezkutua”

Gorka Bereziartua
0

AEBek ez dute misilik jarriko Polonian
AEBek ez dute misilik jarriko Polonian

Edo hori dirudi behintzat. Oraindik ez dute ofizialki baieztatu, baina albistea lau haizetara dabil, The Guardianetik, Reutersera. Abuztuan hasi ziren aurreneko zurrumurruak, Gazeta Wymborcza egunkari poloniarrak argitaratutako artikulu baten harira. Ez da gaur arte iritsi ohiko medioetara, baina Europaren ekialdeko gaietan interesa dutenek Interneteko medio independenteetan nahikoa bazka izan dute.
Proiektua Bushen administrazioak hasi zuen 2007an: Polonian hamar misil unitate jartzea zuen helburu, 600 kilometrora dagoen xedea erasotzeko modukoak; Txekiar Errepublikan berriz, irismen luzeko radar bat instalatu nahi zuten. Iran eta Ipar Korearen “mehatxuak” ziren instalazio militar berriak muntatzeko aitzakia. Aitzakia eskasa inondik ere, helburua bi herrialde horiek kontrolatzea izan balitz Turkia eta Japonia hurbilagoko aliatuak baitzituen Washingtonek.
“Misilen aurkako ezkutu”-ak kritika ugari izan zuen hasieratik: txekiar eta poloniar gehienak, esaterako, kontra agertu ziren inkestetan (poloniarren %57; txekiarren %67 ). Kritika gogorrenak, dena dela, Errusiak egin zizkion, azpiegitura horiek Europaren ekialdean AEBen eragina areagotzeko balioko zutela esanez. Vladimir Putinek 1962ko “Misilen krisia”-rekin parekatu zuen.
Aurtengo apirilean, Obama eta Medvedeven arteko lehen bileraren harira astekarian erreportaje bat argitaratu genuen, Errusia eta AEBen azken urteotako harremanez. Obamak presidente kargua hartuta, AEBak bigunago ariko zirela esaten genuen. Lehen bilera hartan ez zuten lortu akordiorik “misilen aurkako ezkutua”-ren aferan, baina gaur zabaltzen ari den notizia baieztatuko balitz, urrats garrantzitsua izango litzateke bi herrialdeen arteko tentsioaren baretzean.
PS: Hedabide gehienetan ez bezala, nahiago izan dut egitasmoaren izena komatxo artean jartzea (hau da, “misilen aurkako ezkutua”), argi gera dadin proiektuari AEBek eman zioten izena dela, ez nik jarriko niokeena. Ezkutuak defentsarako erabiltzen direla uste dut; misilek, aldiz, erasotzeko balio dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA