Garai bateko bideojokoen nostalgia, eta haien arrakastaren arrazoiak

Gorka Bereziartua
0

"Vintage Games" liburuaren azala
“Vintage Games” liburua.

Bideojokoen fededunok: hemen da zuen Biblia. Vintage games Bill Loguidice-ek eta Matt Barton-ek idatzia, historiako joko garrantzitsuenez ari da. Hatz-markarik uzten ez dutenen espeziekoentzat ezinbesteko irakurgaia, goitik behera eta ezkerretik eskuinera aztertu ditu 1960ko hamarkadatik hona zeresana eman duten jokoak: Pac-Man-etik Final Fantasy VII-ra; Tetris-etik Super Mario 64-ra; Spacewar!-etik Tony Hawk’s Pro Skater-era…
Ez da, hasieran pentsatu litekeen moduan, nostalgia ariketa hutsa. Ados, hori ere bada (Atari-ren 2 dimentsiotako skate joko hori ikusi dudanean zerbait arraroa sentitu dut… oh, ez naiz negarrez ari, zerbait sartu zait begian); baina liburuak batez ere balio du ikusteko zertan aldatu diren bideojokoak urteekin. Jabetzeko, sarritan irudien ikusgarritasunean sos asko gastatzen den arren, pauso bat harago joan diren jokoek bestelako aldaketei esker lortu dutela arrakasta: jokalarien beharrak zein ziren igarrita, jostagarriago bihurtuz, ez derrigorrez alferrikako argi eta koloreak sartuz.
Internet bidez eska liteke liburua. Horrelako totxoa (408 orri ditu) irakurtzeko gai izango ote zaren ez dakizula? Lasai, egileek kapitulu batzuk jarri dituzte sarean (liburuan sartu ez diren atalak dira). Nik horiei bota diet begiratua. Gero, aspaldiko partez, Tetris partida bat jokatzera joan naiz: jokoei buruz irakurtzea baino entretenigarriagoa baita jostatzea. Eta zein entretenigarriak diren 80ko hamarkadako joko horiek!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA