Artista “outsider”-ak eta “outside!” aginduak

Gorka Bereziartua
0

outsider-markers
Margo outsiderra mundua desafiatzen

Prentsari errepaso goiztiar bat ematen aurkitu dut Bruce Nauman aipatu eta aupatu egiten duen artikulu bat. AEBetan Andy Warholez geroztik gehien eragin duen artista, hau, hura eta bestea, datu biografiko asko, besterik gutxi, testuak zuritik baino ez zeukala pentsatuta aldizkaria uztekotan egon naiz, baina hara, parrafo batek harrapatu. Zer zioen? Funtsean Nauman outsider bat dela: 1969an Los Angelesera joan, eta artista gehienek bezala Venice Beach-en bizi ordez, Pasadenan hartu zuela ostatu; nazioartean ezagun egin zenean ere, Manhattaneko giro frenetikoan sartu ordez New Mexicorantz abiatu zela.

Eta pentsatzen duzu artistarentzat garrantzitsua behar duela bizi den espazioak. Horrek obran eragiten duela, ziur. Naumani behintzat lagunduko zion ikuspuntu orijinal bat edukitzen, esaten duzu zure baitarako.
Baina kontu hau, nik uste nuenez, obra egin aurretik zen garrantzitsua. Inola ere ez obra bukatuta. Are gutxiago obra saritu ondoren. Akabo: saria irabazi, jasotzera joan eta argazkia atera behar diotenean, artistak bere kokagunea du oraindik buruan. Ea hor egon beharko lukeen. Ea argazki horretan atera nahi duen. Zerbait gaizki dabilenaren seinale. Zuhar Iruretagoienak azaldu du aste honetan, Ertibil lehiaketako saria jasotzera joanda ez zeukala argi halako argazki batean atera nahi ote zuen, kultura diputatuarekin, Rekalde aretoan izan den saltsaren ondoren.
Baina tira, beharbada hau guztia Aldundian ingelesarekin dagoen arazoa baino ez da izan: Nauman eredu hartuta outsider izan nahi zuen Rekalde aretoak; Aldundiak berriz, ez du azken r hori entzun… Eta klaro, denok dakigu ez dela gauza bera zure borondatez outsider izatea, eta zure borondatearen kontra outside! entzutea.
Nahastea argitu dugunez gero, pentsatzekoa da Pilar Mur berriro hartuko dutela Rekalden.

A, ezetz esaten didate…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA