Norena da biolentzia? Etxegabetzeen aurkako madrildarrek argi daukate

Axier Lopez
0

Periodismo Humano komunikabideari esker heldu zaigu bideo indartsu hau. Madrilgo Lavapieseko herritarrek Udaltzaingoa auzotik nola botatzen duten erakusten du. Grina eta amorrua darizkio bideoari. Pasa den ostiralean ezgaitasun kronikoa duen 54 urteko Antonio Argobiari etxea kendu zioten momentuko irudiak dira. Stop Deshaucios antolakundeak deituta, M15 taldearen laguntzaz, dozenaka lagun bildu ziren Argobiaren etxe inguruan etxegabetzea ekiditeko. Jabearekin batera Etxegabetzeen Aurkako Mugimenduko kide bat eta AEBetako Associated Press eta Italiako Nur Photo agentzietako argazkilari bana ziren etxe barruan. Lauak atxilotu zituen poliziak, kalean gurean ezagun egin den herri harresiaren gisakoa antolatu bitartean.
Autoritateari beldurra galdu dioten Lavapieseko lagunen jarrerak, 80ko hamarkadan Iruñeko udaltzainen eta gazteen arteko liskarren irudiak gogora ekarri dizkit. Aurpegia agerian dutela, zapatak, loreontziak, harriak, zabor-poltsak, latak… bidegabekeriaren aurrean herritarrek eskura zuten dena bota zioten Madrilgo poliziari. Egun Espainiako Estatuan etxegabetzearen gaitzak sortzen duen amorruaren erakusgarri. Biolentziaren erabilpenaren inguruko eztabaida korapilatsuaren gainetik, non eta “dena ETA da” teoria idatzi den bulegotik metro gutxira, praktikara eraman dute autodefentsaren aldarria. Ez gara blog honetan horren zilegitasunaz hitz egiten hasiko, Espainiako Auzitegi Nazionalaren itzala oso luzea baita oraindik ere gure artean. Kasu honetan bideoren 8 minutuek azalpen askorik ez baitute behar.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA