Hasiera »
ARGIAren barrenak
Etxe barruan egositakoak plazaratzeko gunea da hau. Irakurlearekin harreman zuzena izateko beste molde bat. Gurea adierazteko, zurea jasotzeko txokoa.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Kepa M. --> Solasaldien multimedia kanala gogoetarako materiala biltzeko
- Naiara --> Sortu, sailkatu, eskaini


Ireki nahi al duzu ARGIAn zure bloga?
2013-06-05 // Webgunea // Iruzkinik ez
Zer kontatua daukazu eta bloga irekiko zenuke? ARGIAn blog komunitatea zabaltzen jarraitu nahi dugu eta bertako kide izateko aukera eman nahi diogu edozein pertsona edo kolektibori.
Eta zergatik ireki bloga ARGIAn? Gairen batean interes berezia duzulako, bidaia baten ingurukoak kontatu nahi dituzulako, ikastera kanpora joan eta hango esperientzien berri eman nahi duzulako, hainbat albiste, burutazio, analisi eta gogoetekin eztabaida sustatu nahi duzulako, parte hartzen duzun talde edo kolektiboaren berri eman nahi duzulako…
Oso erraz egingo dugu. Zuk blogaren izenburua eta bertan zer egiteko asmoa duzun pentsatu behar duzu. Teknikoki ez duzu ezertaz ere arduratu behar, guk sortuko dizugu, eta nahi izanez gero, hasieran irizpide batzuk emango dizkizugu blogaren abentura hau abiatzen laguntzeko, bai idazketa aldetik, bai estilo aldetik…
Denoi interesatzen zaigu sarean ere jende euskalduna aktibatzea, eta horretarako blogak tresna eraginkorrak dira. Orain arteko euskal blogosfera indartzen laguntzeko apustua da hau, eta iruditzen zaigu, honekin euskal komunitate osoa ateratzen dela irabazten.
Gainera, aniztasuna ere ekarriko du horrek, garrantzitsua baita bakoitzak berea kontatzea, bere ikuspegi propiotik. Gainera, nork daki, bloga abiatzea interes bereko pertsonekin harremanetan jartzeko aukerak biderkatzea da.
Formatu guztiak onartzen ditu: Testu labur eta luzeak, argazki-bloga, bideoak… kontua behin hau abiatzean, koherentzia mantentzea da.
Lehenengo gure erredakzioko kazetari gutxi batzuk hasi ziren blogintzan, gero erredakzio osoa, 2012an hamaika kolaboratzaile ere bildu zen taldera eta dagoeneko euskal blogosferako komunitate sendoenetakoa dugu. Badakizu beraz, euskaraz komunikatu nahi baduzu ARGIAn lekua duzu.
Animatu eta jar zaitez gurekin harremanetan ondorengo helbidean:
blogak@argia.com
ARGIA Ikastolen aldeko festekin bat
2013-05-09 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Herri Urrats, Ibilaldia, Araba Euskaraz, Kilometroak eta Nafarroa Oinez festak bultzatzeko erabiltzen diren hedapen euskarrietan publizitatea trukatzeko konpromisoa hartu dute Euskal Herriko Ikastolak Europar Kooperatibak eta Komunikazio Biziagoak, ARGIA plazaratzen duen enpresak. (gehiago…)
ARGIA eta LABORARI elkarlanean
2013-04-05 // Elkarlanak // Iruzkinik ez
Euskal Herriko Laborarien Batasuna (ELB) sindikatuaren ahotsa izateaz gain Iparraldeko nekazaritzaren albiste iturri baliosa den Laborari astekariak eta ARGIAk elkarlanari ekin diote.
Hemendik aurrera ARGIAren webguneak azalduko ditu paperezko Laborariren euskarazko eduki nagusiak. Ziur gaude denok aterako garela irabazle elkarlan honetan, eta gehiena Euskal Herri osoko irakurleak, nekazaritza eta elikadura burujabetzaren inguruko aktualitate eta iritziak gertutik segitu nahi dituztenak.
Artikuluek Laborari sinadura eramango dute, eta bertan klik eginez gero, argitaratu ditugun bertako artikulu guztiak kontsultatu ahal izango dira.
Solasaldien multimedia kanala gogoetarako materiala biltzeko
2013-02-14 // Elkarlanak, Webgunea // Iruzkin bat
Multimedia kanalean Solasaldien kanala ireki dugula jakinarazi nahi dugu. Bertan hitzaldi, mahai-inguru eta eztabaidak topatuko ditu erabiltzaileak. Gai zehatzen inguruan euskaraz egindako gogoetarako materiala bilduko dugu kanal berri honetan.
Elkarlan berri baten albistea ere eman nahi dugu. Kontra eztabaida programarekin adostasunean, hauek euskaraz egiten dituzten debateak bertan biltzen joango gara, beste material askoren artean.
Kontra orain urtebete sortu zen eurek azaltzen dutenez ”egungo komunikabideetan eta hezkuntzan dagoen hutsune bat betetzeko beharrari erantzuna emateko”. Euskal gizartearen intereseko diren gaiekin eztabaidak antolatzen dituze eta Internet bidez emititu. Zai Zoi Bele ekoiztetxe independenteak ekoizten du eta hilero aktualitatearekin lotura duten gaiak jorratzen dituzte. Azken urteotan publikoki eztabaidatu ez duten alderdien ordezkariak aurrez aurre jartzea lortu dutelako nabarmendu da, besteak beste. Nerea Alias aritzen da moderatzaile lanetan.
Solasaldien kanalera pasa dugun material asko orain arte “Ekitaldiak” atalean biltzen joan gara, baina bertan hitzaldi eta halakoez gain, musika kontzertuak, poesia errezitaldiak, eta bestelako ekitaldiak ere bazeuden. Horregatik, erabiltzaileak kanal batera edo bestera jotzeko helburuak ezberdinak izan daitezkeela ulertuta, bereizketa egitea erabaki dugu, materiala topatzea erraztu asmoz. (gehiago…)
Deabruaren Abokatuari adio
2013-01-16 // Aldizkaria // Iruzkinik ez
Ohartuko zineten, ARGIAren 2013ko lehen aleak esku artean erabiltzen hasi ahala, azken urteetan aldizkariari hasiera eman izan dion Deabruaren Abokatua saila desagertu dela.
2007ko apirilaren 29an argitaratu genuen lehen aldiz –Markos Zapiaini egin genion elkarrizketa orduan (pdf)–, eta joan den abenduaren 30era bitartean 262 elkarrizketa eman ditugu bertan. Behin baino ez zuen huts egin atalak, 2011ko urriaren 30ean, ETAk jarduera armatua betiko uzteko erabaki historikoak aldizkarian “leku” egitera behartu zuenean. Oraingoan, baina, haren hutsa ez dagokio momentuko beharrari: behin-betikoa da. (gehiago…)
Webgune berriari buruzko saioa Ttan Ttakun irratian
2012-12-14 // Webgunea // Iruzkinik ez
Joan den ostegunean Donostiako Ttan Ttakun irratiko Taosa saioan ARGIAko webgune berriari buruzko saioa egin zuten. Lander Arbelaitz webguneko erredaktore-burua gonbidatu gisa hartuta, ia ordubeteko saio atseginean, azken aldaketa honetan hartutako erabakiak xehetu zituzten. Gorka eta Unai esatariek webguneari buruz esateko dutena ere entzun ahal izan genuen.
Hemen entzun dezakezue saio osoa, eta webgunearen nondik norakoetan sakondu nahi duenak, saio hau aukera ona du egindako lanaren atzean dagoen arrazonamentua ulertzeko.
Iturria: Ttan Ttakun irratia.
Sortu, sailkatu, eskaini
2012-12-03 // Webgunea // Iruzkin bat
Zeri erantzun behar dio nagusiki azal berriak? Galdera egin eta erantzun bila abiatu ginen duela urtebete, Interneteko azal berria behar genuela pentsatzen hasi ginenean. Eta erantzuna zera izan zen: “Argian egiten dugun guztia gaur egun baino hobeto bildu behar du. Era ikusgarriagoan, erabilgarriagoan eta gure Interneteko kazetaritza moldean sakonduz”. Gaur aurkezten dugun atariarekin abiatzen gara helburu horien bila. (gehiago…)