Ander Perez
"Eta gu libro gabiltza kaleetan, tirantezko galtza laranjak jantzirik, libro-libro". Iruñea, 1988. Politika, jendarte eta kultura gaiak, batik bat. Baina baita agian besteren bat. Libre gabiltzan heinean, behintzat.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Iñigo Ruiz(e)k Bideoa: Radical Independence Campaign, kaleko kanpaina bidalketan
- estitxu eizagirre(e)k Bideoa: Radical Independence Campaign, kaleko kanpaina bidalketan
- Santi Leoné(e)k Irrati bat etxeko balkoian bidalketan
- Ibon Meñika(e)k Eta grabatu izan ez balitz? bidalketan
- Ander Perez(e)k Eta grabatu izan ez balitz? bidalketan
Irlandarrak, Eskoziara begira
Atalak: Komunikazioa
Moyleko itsasoak Eskozia eta Irlanda banatzen ditu. Hogei kilometro baino ez dira bere tarterik estuenean. Gertutasun geografikoak, halabeharrez, behin eta berriro jarri ditu harremanetan bi nazio zaharrak, historian zehar. Herritarrek bi norabidetan migratu dute, baina XIX. mendetik aurrera, irlandarren emigrazio nabaria izan zen Alba zaharrera. Batez ere, 1845 eta 1849 urteen artean Irlandak bizi izan zuen Gosete Handiaren ondorioz. Bertakoek An Gorta Mór izenez ezagutzen dute orduko tragedia. Miloi bat pertsona hil ziren gosearen ondorioz, eta beste horrenbestek hartu zuen atzerrirako bidea.
Horietako askok Eskozia hartu zuten bizitoki. Egungo erroldetan irlandar etnia dutenen kopurua 50.000koa bada ere, irlandar jatorria duten 1.500.000 eskoziar daudela uste da, populazio osoaren laurdena, alegia. Eta hala ere, sufrimendua eta diskriminazioa pairatu izan dute irlandarrek Eskozian, han bizi direnetik. Glasgowko Rangers eta Celtic —irlandar etorkinek sortutako taldea— futbol taldeen arteko partidek erakutsi dute hori nabarmenen. Are gehiago, epaileek Rangerseko zaleen hainbat kanta debekatu dituzte, irlandarren aurkako mezu arrazistengatik. Bestelako adibideak ere ugariak dira. Eskoziako irlandarrek 1991rarte ez zituzten bertakoen lan baldintza berdinak eskuratu. Eta gaur egun ere, urtero izaten dira Eskozian irlandarren kontrako arrazismoarekin bukatzeko manifestazioak.
Irlandar etorkinak Eskozian, XX. mendearen hasieran.
Eskozian bizi diren irlandarrek, ordea, beste edozein eskoziarren modura bizi dute erreferenduma. Eta horietako asko —errepublikazaleak bederen bai— baietzak irabaz dezan desio dute. Horietako bat da Jim Slaven, “eskoziarra nazionalitatez baina irlandar etniakoa”, bere hitzetan. Edinburgoko James Connolly Society-ko burua da. Irlandar abertzale eta sozialista historikoaren oroimena bultzatzea dute xede, non eta bere jaioterrian, Edinburgon bertan. Eta gertutik bizi dute Eskoziako prozesua, “mundu osoko Estaturik gabeko nazioentzat eredu delako”.
Slavenen ustez, “baiezkoaren aldeko emaitzak Irlandan gatazkari irtenbide demokratikoa emateko lanean ari direnei bultzada emango lioke”. Argi dauka erabakia eskoziarrei baino ez dagokiola, baina presente dauka erabaki horren dimentsioa: “Erabakia Erresuma Batuko estatuaren etorkizunari buruzkoa ere bada”. Eta hor agertzen zaigu Irlanda.
Argi baitago Eskoziako erabakiak, lehenago ala beranduago, eragina izango duela alboko irlan. Pasa den astelehenean, unionisten kanpainako azken ahaleginean, emozioei bide eman nahi izan zien Britainia Handiko lehen ministro David Cameronek, Aberdeeneko bere hitzaldian. “Nazioen familia” ez apurtzea erregutu zien eskoziarrei. Eta familia horretan, Ingalaterra, Eskozia eta Galesekin batera, noski, Iparraldeko Irlanda ere sartu zuen. Izan ere, Slavenek gogorarazten duenez, “Erresuma Batuak Irlandako ipar-ekialdeko sei konderri okupatzen jarraitzen du. Irlandar errepublikazaleei dagokie Erresuma Batuarekiko apurketa bultzatzea”. Eta horretarako, gaur egun Irlanda bateratzeko erreferendum baten aldeko kanpaina martxan dagoela nabarmentzen du.
Eskoziako independentziak izan dezakeen eragina urduri jarri ditu Irlandako unionistak. Horren erakusgarri da orangistek pasa den larunbatean ehunka kide mobilizatu izana Irlanda iparraldetik Edinburgora, hango kaleetan batasuna aldarrikatzera. Slavenen iritzi, Orange Ordena “iragana irudikatzen du. Euren mentalitate inperialistari tinko heltzen diote. Baina haien inperioa desagertu da, eta errealitateari aurre egin behar diote”.
Baikor mintzo da Slaven. Eta bozka bakarrean bere bi aberriei lagundu diezaiekeela uste du. Eskoziako independentziak, bere ustez, “Erresuma Batuaren bukaeraren hasiera ekarriko baitu”. Izan ere, “Eskozia hasiera baino ez da”. Baina hasieratik harago joateko, gaur gaurkoz, independentziak irabazi beharko du Eskoziako erreferenduma. Eta hori, oraindik, ikusteke dago.
Eskoziako James Connolly Societyko irlandar errepublikarrak, independentziaren aldeko manifestazio batean, Edinburgon.