Albako haizeak
Eskoziarrek, irailaren 18an, galdera bati erantzun beharko diote: Eskoziak estatu independente bat izan behar du? Blog honetan prozesu honetako gora-behera guztiak jorratzen saiatuko naiz, Euskal Herrian izan dezakeen eraginarekin ere lotuz.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Aitor Agirrezabal(e)k Soberania defizita bidalketan
- Xabier(e)k Soberania defizita bidalketan
- iker(e)k Euskal doinuak Edinburgon bidalketan
- Kalea da erronka | Albako haizeak(e)k Independentziarako hedabideak, hedabideentzako independentzia bidalketan
Erabakitzen duen herria herriago bihurtzen da
Atalak: Eskozia
Hilabete, 30 egun besterik ez eta Eskoziak bere biziko erabakia hartzeko eguna izango du. Ez daukat ideiarik egun horretan eman daitekeen emaitzaren inguruan. Eta esango nuke inork ez duela batere argi. Kontrakoa dioenak…
Mila aldiz erantzun diot galdera berari: “Zer gertatuko da?”. «Ez dakit». Erantzun argia. Inkestak bi norabide desberdinetan mugitzen dira, bi bide ezberdinetik datozen moduan. Alde batetik, hedabide unionista guztiek oraindik alde zabala ematen diote Ezezko bozari, nahiz eta Baiezkoa gerturatu eta gerturatu dabilen. Bestetik, Radical Independence Canpaignek burututako Mass Canvass edo atez-ateko galdeketetan, aldea nabarmena da independentziaren alde. Azkenik, Panelbasek egindakoak Ezaren alde agertzen dira oraindik ere, baina oso alde txikiarekin. Hauek izan litezke azken emaitzara gehien gerturatzen direnak, eta alde batera edo bestera izan, alde txikia izango dela eginen nuke apustu.
Alex Salmond eta Alistair Darling, abuztuaren 5eko debatean (Argazkia: express)
Baiezkoaren aldeko gorakadak bi pizgarri izan ditu azken aldian. Lehena, iragan abuztuaren 5ean Alex Salmond premier eskoziarrak eta kanpaina unionistako burua den Alistair Darlingek burututako telebista debatea (datorren astelehenean, hilak 25, bigarren bat izanen dute, BBCko kameren aurrean). Azkena, aste honetan bertan piztu den debatea, Osasun Zerbitzu Nazionalaren (NHS) inguruko eztabaida eta Ezaren garaipenak osasun zerbitzu publikoen galera ekar dezakeela.
Ezetza gailendu liteke? Noski. Hori diote inkesta gehienek. Eta Baiezkoa? Noski. Aurrera pauso handiak eman dituzte eta inkestetan agertzen ez den jende asko joanen da irailaren 18an bere bozka ematera.
Hala ere, ideia garbi bat atera daiteke. Ateratzen dena aterata, independentziak bere bidea jarraituko du. Bozka batekin edo bestearekin independentziaren bidea ez da irailean amaituko. Galdeketak jende berri asko erakarri du politikara eta bere herria eraikitzeko lanetara, eta masa horrek, 2014an ez baldin bada, 2016an eraikiko du independentzia. Argi daukadan gauza bakarra da hau. Eskoziak hartu duen bideak ez daukala atzera bueltarik eta lehenago edo beranduago estatu independente bat izango direla.
Gainera, legazpiar batzuen erruz (D-Pintxos) Euskal Herriak oihukatzen duen moduan, “Erabakitzen duen herria herriago bihurtzen da”.