Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Taldea, almazena eta plaza - Bertso Eskolak

Metodologia

Taldea, almazena eta plaza

irudia

HELBURUAK

Hasierako helburua, bertso eskola askotan, euskarari lotuagoa zen bertsoari berari baino: Joxerra Etxebarriak Santutxuko bertso eskolaren helburuez azaltzen duenez: “Gure kezka ez zen hainbeste bertsoa, euskara baizik. Baina motibatzeko oso ona da, euskararekin gozatzeko aukera baduzu, hobe ikasiko duzu. Eta gauza praktiko bat zen bertsoa, euskararen arloan lan bat egiteko Bilbo inguruan”.

Beste bertso eskola batzuen helburua bertsozaletzea zen, Joanjo Uria Hernaniko bertso eskolaren sortzaileetakoak Anoetan emandako hitzaldian (1985-VI-14) esan zuenez: “Helburu nagusia (nerea behintzat) ez da lehen mailako eta punta puntako bertsolariak egitea; Helburua, bertsolaritza zer den jakin-araztea da eta, gero ikusiko dugun bezala, bertsoak egiten ikasteko bidean jartzea, bertso idatzia alde batetik eta bapatekoa (ahal duenak) bestetik”. Baina ez zuen bertsolariak ateratzeko aukera erabat alboratu, hitzaldi berean aurrerago esan zuenez: “Helburu nagusia ez bada ere, ezin da deskartatu bertsolari izatera iritsi daitekeenik. Bada azken urteotan adibiderik hori ondo frogatzen duenik”.

Beste bertso eskola batzuk, Zumaiakoak kasu, hiru helburuak biltzen zituzten: “Helburua euskara eta bertsozaletasuna piztu eta indartzea zen, eta baita bertsolariak sortzea ere” dio Zumaiako bertso eskola. 20 urte kantari liburuak.

Sorreran bertsolariak ateratzea helburu ez zuten batzuek, Almenek eta Santutxukoak adibidez, urte gutxiren buruan ikusi zuten bertsolariak ateratzeko aukera, eta horretara bideratu zituzten asmoak.

Oraindik ere, bertso eskolaren helburua bertsolariak ateratzeak izan behar duen eztabaidagai da. Xanti Iparragirrek bertsolariak ateratzea eta elitekoak ateratzea bereizi egiten ditu: “Ahal bada bertsolariak atera bai, baina eliteak utzi pakean. Erabakiak norberak hartuko ditu, baina elitea utzi bakean. Bertsolaria izatea edozertarako da ona, baina eliteko bidea garestia da eta gainera arriskutsua ere bai. Hor hartzen diren muturrekoak gogorrak dira eta. Aldea dago ikaslea behartu edo ez behartu. Txapelketa datorrela eta horretarako prestatzea... Gogorra da. Gaurko egunean ez nuke horrela jokatuko”.

 PROGRAMAZIOAK

Euskalzaletasuna, bertsozaletasuna edo bertsolariak ateratzea helburu izan, egia esan bertso eskola denek antzerako programazioa eramaten zuten aurrera. Bertso eskola askok, trebetasun eta zaletasun gehien zituzten umeekin lanketa handiagoa egiten zuten, beste ordu batzuetan talde murritzago hori bilduz.

Bertso eskola baten programazioak izaten zituen puntu orokorrak ikusteko, Zumaiako bertso eskolak hasieratik hainbat urtera arte eramandako programazioa hartuko dugu adibide:

1.-Ikastetxeetan bertsolaritza eman.

2.-Bertso eskola eman.

3.-Jaialdia antolatu bertsolari famatuekin.

4.-Herrian zabaldu giroa, kantatuz, bertsopaperak zabalduz...

5.-Eskolartekoan parte hartu.

6.-Bertsopaper sariketa antolatu.

7.-Gela bat prestatu, liburutegi gisa.

8.-Irakasleentzat antolatzen diren ikastaroetan parte hartu.

9.-Ibilaldi kulturala antolatu, bertsolari historikoen herrira. Lehen urteetan Uztapide, Enbeita eta Mattinen herrietara joan ziren ikasturte amaierako bidaian.

Bertso klaseak eta klasez kanpoko ekintzak hasieratik bertatik egin zituzten bertso eskolek, ikusten denez. Honekin, hainbat helburu betetzen zituzten: Plazako bertsolariengandik ikastea, alegia, bertsoa bere inguru naturalean jasotzea, eta taldea indartzea, besteak beste. Patxi Goikolea Almen bertso eskolako irakasleak argi du: “Inportanteena ekipoa da. Eurak beti bat eginda ibili daitezela. Afaria dela edo bestea dela, beti elkarrekin. Elkarren pozera gehiago ikasten da, ‘honek hori esateko zer egin du?’ aztertzen dute. Joanito Akixuk taldea nola egiten den azaltzen du: “Gu koadrilan etorri eta pilota zela, afaria zela, oso giro ona sortzen zen, eta hori zaindu egin behar da. Hori ez badaukazu, gaitza da”. Gaur ere oraindik, orduan ibilitako ikasleak 15 egunero edo elkartu egiten omen dira, eta hori da Goikolearentzat frogarik argiena.

Joanjo Uriak ere taldea asko landu zuen Hernaniko bertso eskolan. Bitxikeria modura, Langile ikastolako bertso eskolako 1986ko diru balantzea dugu: eginiko gastu bakarrak, kontzeptu hauen pean egin ziren: “Olazarren egun pasa eta bazkaria, 10.000 pezeta”, “Alkizako irteera, 5.000 pezeta” eta “Sagardotegia, 5.000 pezeta”. Hurrengo bi urtetako diru balantzean ere, “sagardotegia” da errepikatzen den kontzeptu nagusia.

 NOLAKOA ZEN KLASE BAT?

Bertso eskolen pedagogiaren oinarria horrela definitzen du Dorronsorok: “almazena bertsoz betetzea”. 1975ean, Elgoibarko ikastolan ikasleentzat zer material argitaratu aztertzeko egin zen bileran planteatu zen galdera: Bertso berriak sortu behar al ziren, ikasleei egokituta, edo historikoak ikasi behar ziren? Bigarrenaren aldeko hautua egin zen, Amurizak arrazoitu zuenez “Nik umetan bertso zahar pila ikasten nituen, zer esaten nuen ez banekien ere. Eta hori zerbaitengatik da. Bertso horiek badute zerbait, gustagarria”.

Bertso eskola denek bertso zahar mordoa ikastea izan zuten oinarri hasieran. Hala ere, hau ez zegoen berriak ikastearekin kontraesanean. Almen bertso eskolan adibidez, plazako bat-bateko bertsoak zintan grabatu, trasnkribatu eta klasean ikasten zituzten. Eta haurrentzat propio egindako bertsoak ere ematen zizkieten, hauek buruz ikasi eta jendaurreko saio bat egiteko. Goikoleak gogoratzen duenez: “Lasarteri omenaldia egin ziotenean Leitzan, izugarri bertso onak bota zituen. Leitzan igandean bertsoak bota, astelehenean nik eraman paperean, eta ‘datorren larunbaterako hauek ikasi’ agindu genien. Egunean bertan hiru bertsoak ikasita geratu ziren”.

 

Hernaniko Langile ikastolako bertso eskolan, Joanjo Uriak hiru ataleta bereizten zuen klasea:

1.-Klasea beti bertso zaharrak bere doinutan abestuz hasten ziren. Honekin hiru helburu bete nahi ziren: belarriak ohitzea, doinuak ikastea eta giroa alaitzea. Kantatu ondoren, bertso horiei buruzko azalpenak ematen zituen, hasieran oso xinpleak, eta pixkanaka informazio hau ematera iritsiz: Bertsoaren egilea zein zen, nongoa, zein garaikoa, bere beste anegdotaren bat, eta kantatutako bertsoen ezaugarriak: gaia, neurria, eiima, akatsak (potoa, etena...)...

2.-Idatzizko ariketak egiten zituen ondoren. Xabier Amurizaren “Zu ere bertsolari” liburua oso lagungarri egin zitzaion horretarako. Egin ahala teoria esplikatzen zuen, zer zen errima, zer bukaera, zer neurri zeuden...

3.-Bat-bateko ariketak. Idatzizkoan trebetasuna hartu zutenekin, talde txikiagoan bilduta, klasearen azken zatian lau oinak, azkena eta gaia emanda aritzen ziren bertsotan, baita librean eta puntuka ere.

 

Beste bertso eskolek ere antzera egituratzen zuten klasea. Egiteko modua zen gehiago aldatzen zena. Adibidez, Joserra Etxebarriak, honela banatzen zuen Santutxuko bertso eskolako klase bakoitza:

 

1.-Musika. Doinuak ikasten zituzten, doinu bakoitza bertso zahar batekin. Hartara, letrari esker doinuaz gogora zitezkeen. Xabier Lete, Juan Mari Lekuona, Antton Valverde eta garaiko beste musikarien zintak erabiltzen zituzten doinuak ikasteko. Baina gero konturatu ziren eurak ikasitako doinuak ez zirela plazan berdin erabiltzen, musikariek egindako aldaerak ikasi zituztela, alegia. Horregatik, bertso saioak grabatu eta doinuak plazatik ikasten hasi ziren. Horrela, bertsolari zaharrek nola egiten zuten ikasteko aukera zuten, gainera. Etxebarriaren hitzetan: “Zaharrenganako beti izan dugu errespetua”.

2.-Etxean prestatutako bertsoak kantatu: ikasle bakoitzak etxean pare bat bertso jarri behar zituen. Hauek kantatzeak balio zien jendaurreko lotsa galtzeko. Kantatu ondoren, hutsune teknikoak zuzentzen zituzten, alternatibak aztertuz.

3.-Alde teknikoaren azterketa teorikoa. Kontuan izanik helduen bertso eskola zela, teoria haurren bertso eskolek baino gordinago lantzeko aukera zuten. Atal honetan lantzen zituzten: doinuen ezaugarriak, errima (erabilienak buruz ikasi eta lege fonetikoen arauak ezagutu), bertsolaritzaren historia...

4.-Bat-batekoa, praktika. Puntuka egiten zuten. Hasieran klasearen azken ordu laurdenean, eta pixkanaka denbora gehiagoz.

 

 PRAKTIKARI LOTUA: TESTUINGURUA                   

Bertsoa bere inguru naturalean lantzea agindu zien bertso eskola batzuei senak. Honen adibide dira Santutxuko eta Almen bertso eskolak.

Santutxuko bertso eskolakoak, klasea bukatzean, tabernara joaten ziren pintxo batzuk hartu eta bat-bateko jardunarekin jarraitzera. Berehala jabetu ziren taberna giroan bertsotan errazago egiten denaz, eta horrela “praktika afariak” antolatzen hasi ziren Gernikesa tabernan, hiruhilero. Hasieran Xabier Amuriza eta Jon Lopategi joaten ziren laguntzera, denborarekin bertso eskolakoek bakarrik osatzen zuten afalosteko saioa. Etxebarriak aitortzen du askotan prestatutako bertsoak botatzen zituztela, “Bakoitzak egiten zuen ahal zuena”. Auzokideak ere joaten ziren ikustera, eta 30 lagun inguru biltzen ziren.

Almen bertso eskolak, bertsotan errazen egiten zuen 10 ikasle inguruko taldearekin, horrela antolatzen zituen ostiral iluntzeko klaseak: Apotzaga auzoko Auzo-Etxe elkartean biltzen ziren, afalostean, 20:00ak aldera. Lehenik pilotan egiten zuten, eta berotzean jarri mahaian, atera sagardoa eta tortila batzuk eta bertsotan hasten ziren.

 TEORIAK ETA MATERIALA

Joanito Dorronsorok “Zumaiako bertso eskola. 20 urte kantari” liburuan oso ondo du bilduta garai hartan argitaratu zen materialen zerrenda. Hona:

1.-1981ean “Hitzaren Kirol nazionala”, “Hiztegi errimatua” eta “Zu ere bertsolari”, Amurizak eginak.

2.-Bertsotan I (1789-1936). 1981ean Gipuzkoako Ikastolen Elkarteak argitaratua. Egilea, Dorronsoro. Bi zintetan bertako 38 doinu argitaratu ziren liburuarekin batera: Imanol Urbietak musikatuak eta, Axentxio Elustondo, Demetrio Esnaola, Manuel Mari Garate eta Antonio Mendiluzek kantatuak.

3.-Irakasleentzako Gida. Bertsotan liburuaren lagungarri. Hura nola erabili, klaseko orduak nola banatu, ikasturtean zehar zer helburu eta ariketa egin... azaltzen zituen. Baita bertsolari historikoen herriak bisitatzeko ibilbide kulturalak proposatu ere.

4.-Bertsotan II (1936-1980). 1986an argitaratua. Gipuzkoako Ikastolen Elkartea. Egilea, Dorronsoro.

5.-Mailaz maila egokitutako liburuak beren zintekin. “Bertsoz bertso”, egileak Josu Zelaia, Ana Aleman eta Junkal Irastorza. “Letrak bertsotan”, egileak Antton Kazabon eta Kontxi Begiristain. “Bertsolaritza saioka”, egilea Mikel Mendizabal. “Bapaterako jarriak” eta “Ahozkotasuna”, egileak Mikel Mendizabal eta Antton Kazabon.

6.- Bertsozale elkartea tarteko, 1988tik aurrera argitaratutako liburuak euren zintekin. “Bertso Trena”, “Bertso Galaxia” eta “Bertso Ostatua”, egileak Joxerra Garzia, Pake Garzia, Antton Kazabon eta Mikel Mendizabal.

Argitalpen hauek asko erabili ziren bertso eskoletan zein ikastoletan. Hauez gain, irakasle askok euren materiala sortu zuten, esaterako, bertsolaritzaren historia irakasteko bertsolarien biografia, anegdota eta bertsoen aukeraketa eginaz. Aipagarria da, Abel Muniategik 1975-08-14ko datarekin sinatzen duen dokumentua. Almen bertso eskolako irakasle Goikoleak aipatzen du lan hori oso baliagarria izan zitzaiela, “laburra baino oso zehatza” izanik. 15 orritan, bertsoaren arauak eta bertsolaritzaren historia lantzen dira bertan.

Esan liteke bertsoaren tripak aztertzeko teoriak orduan papereratu eta zabaldu zirela, eta gaur egunerako ere oinarria direla, alegia, ez dela maila horretan aldaketa handirik eman geroztik. Hona 1981ean Zarautzen irakasleentzat eman zen ikastaroan irakatsi zen teoria, oraindik oso gaurkoa dena:

1.-Bertsoaren nomenklatura: Zer da lerroa, puntua, errima, oina, neurria, etena, potoa, eta kopla.

2.-Bertsoen sailkapena: Neurri diferenteak (zortziko txiki, handi, sei puntuko...).

3.-Neurri arazoak konpontzeko baliabideak: betegarriak, atzizkiak, hitz konposatuak, sinonimoak, laburdurak, diptongoak eta elipsia.

4.-Errimaren sonoridadea, progresioa eta maila gramatikalak.

5.-Bertsolaritza irakasteko ariketak.

6.-Bertso eskola baten barruan egin daitezkeen ekintzak: besteak beste, bertsoak komentatu, herriko ekintzetan parte hartu, antzerkia egin, abesteko moduak landu...

 PLAZARATZEA

Bertsotan egiten ikasteak ekarri zuen klasez kanpo, jendaurrean kantatzeko beharra. Bertso eskolek hasieratik landu zuten eremu hau, batzuek besteek baino gehiago. Plazara atera aurretik klasean ikasi behar ziren kantakera, postura, jendaurreko jarrerak... Horregatik, hasieratik egon da bertso eskola askotan erratz kerten bat mikroa imitatuz. Hasieran ikasitako bertsoak kantatzen zituzten jendaurrean, hori bai, bat-bateko itxurak eginaz. Pixkanaka, konfiantza hartu heinean etorriko zen bat-batean eta jendaurrean egiteko saltoa.

Joxerra Etxebarriak kontatzen du zer hestuasun ekarri zizkion jendaurrean botatako lehen bertsoak: Santutxun, Basarraten egindako saio batean izan zen, euskararen astearen barruan. Bertso eskolako 10 lagun aritu ziren, Jon Enbeita, Jon Lopategi eta Xabier Amurizarekin. Prestatutako bertsoak ziren, baina ez zen gutxi 400 ikusleren aurrean kantatzea. Hasi zen Etxebarria prestatutako agurra botatzen: “-Aia zuen errima, eta hirugarren puntuan blokeatuta geratu nintzen. Lopategik ondotik ahopeka bota zidan “Bizkaia, Bizkaia!” eta zelan edo halan borobildu nuen bertsoak hark esandako errimarekin”.

Baina Santutxuko bertso eskolarentzat plazaratze garrantzitsuena Euskaltzaindiak antolatutako 1982ko Txapelketa Nagusia izan zen. 10 bat ikaslek hartu zuten parte. Etxebarriak kontatzen duenez: “Heldutan bertsotan hasi ginenontzat txapelketan ateratzea bakarrik gauza handia zen. Eta gure harridurarako, lehen sailkapena 4k pasatu genuen”! Bertso eskolatik ateratako bertsolariek parte hartu zuten lehen Txapelketa Nagusia izan zen, eta Etxebarriaren hitzetan: “Horrek erakutsi zuen eskolak funtzionatu egiten zuela, eta guretzat hori izan zen garrantzitsuena”.

Patxi Goikoleak ere gogoan du nola prestatzen zituzten Almen bertso eskolako lehen ikasleak: “Plazan nola egon irakasten ari ginen, horrela, plazara irtetean bazekiten zer egin behar zuten, patxada pixka batekin irteten zuten”. Berriatua, Oiartzun, Hondarribi, Markina, Errenteria, Mendexan aritu ziren, besteak beste. Aretxabaletan Xalbadorri kantatu ziotenekoa da gogoan duten istorio politenetako bat. Hil zen urte berean kantatu zuen Xalbadorrek Aretxabaletan, Xalbador, Mattin, Lazkano, Agirre, Lasarte eta Lopategirekin. Bertsolarien aurretik Almengo ikasle talde osoak kantatu zuen, 20 gaztetxo edo izango ziren. Hiru sail kantatu zituzten, azkena, Inozentzio Oleak Xalbadorri jarritako bertsoetatik hiru. Xalbador negarrez aritu omen zen atzetik begira, eta saioaren ostean afaldu ere ez omen zuen egin.

Eskolarteko Txapelketa izan zen beste egun klabe bat Leintzko gaztetxoen plazaratzean. 1981eko maiatzean jokatu zen lehen eskolarteko txapelketa. Sekula bertso bat bota gabeak ere baziren parte hartzaileen artean, eta Almenekoek, berriz, ordurako sei urte zeramatzaten bertso eskolan. Gainera, txapelketak motibatuta 4 hilabete lehenago umeek serio hartu zutela du gogoan Goikoleak, eta sarriago biltzen zirela prestatzeko. Jendaurrean ere buruz ikasitako bertsoekin saioak eginda zeuden, bazekiten nola jarri publikoaren aurrean. Bistan zena, ia sari guztiak Almenek eraman zituen.

© 2007 Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
RSS sindikazioa 1.1

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan