Amurizak bere bertsokerarekin eta teorizazioarekin iraultza ekarri zuela esaten da, eta iraultza denetan ezinbestekoa dena, gaurko egunean nagusitua dena, bere garaian oso kritikatua eta gaitzetsia ere izan zen. Eta noski, gero eta gehiago aldekoak izan zituen.
1968tik aurrera, zortzi urtez kartzelan eduki zuten preso Amuriza. Orduan ekin zien seminario garaian bertsolaritza lantzerakoan sortu zitzaizkion hainbat ideia lantzeari. Hiztegi Errimatua eta Hitzaren Kirol Nazionala liburuak lau ormen arteko denbora geldituan eta ixiltasunean bakarrik egin zitezkeen.
Bertsotan egiten ikasi egin zitekeela, horra Amurizaren planteamendu iraultzailea. Teologia bezalako karrera luzea ikasten ari zenak ikusten zituen mila alor nola teorizatu eta ikas-irakats zitezkeen, hala nola hizkuntzak, zientzia, eta baita arte alorrekoak ere, zergatik ez? Musika, literatura... Zergatik ezingo zen, bada, bertsoa aztertuz ikasi-irakatsi? Natural eta logiko bizi zuen Amurizak planteamendu hau.
Bestalde, Gabriel Arestik ere izan zuela planteamendu honetan eragina kontatu digu: "Aresti euskaldun berria zen, eta berak esaten zuen: Bada nik demostratuko dut bertsolaritza ikasi daitekeela. Bertso asko idatzi zituen, gainera bertsoaren sen osoz, maila handikoak”. Amurizak, seminariotik atera berritan, Bilboko Arriaga antzoki ondoan zegoen Euskaltzaindian ezagutu zuen Aresti. Poetak Basarrirekin izan zituen polemikak gertutik jarraitu zituen, tartean euskara batua eta bertsotan ikasi-ez ikastearena.
Basarriren jarrera honela ulertzen du Patxi Goikolea Almen ikastolako irakasleak: “Basarriren arabera, berak bakarrik zeukan Jainkoak emandako doaia, berak eta beste bik, Jainkoa ez zen gogoratu beste inorekin”.
Amurizak bere teoriak plazaratu baino lehen, Almen bertso eskola martxan zegoen jada. Bertako irakasleek ere entzun zituzten hainbat bertsolarirengandik gehiegi animatuko ez zituzten hitzak. Goikoleak kontatzen duenez, Lasartek hau esan zien Apotzagara bertsotara joan zen batean, “je! Hor ari zarete zuek eskolan, baina, hori berezkoa behar da, berezkoa”. Goikoleak ez du iritziz aldatu, ordea: “Lasartek berak eduki balu bertsotan egiteko eskola, oraindik hobea izango zen!”. Xalbadorrek ere gauza bera esan omen zien, berezkorik ez duenarekin alferrik ari zirela.
Bestalde, berezkoa, gaitasuna, inork ez zuen gutxiesten, eskolaren aldekoek ere ez. Berezko hori landu egin behar dela zen arrazoitzen zutena, Xanti Iparragirre Almen bertso eskolako irakasleak esaldi batean borobildu digun bezala: “Zenbat gelditu ote da, berezkoa zeukana, landu gabe?”
Amuriza txapelketara zihoala zabaldu zenean ere oso aldekoak eta kontrakoak izan zituen. Goikoleak kontatzen duenez: “ ‘Horrek zer egin behar du ba! Hori ez da bertsolaria!’ esan zidan Inozentzio Olea bertso jartzaile eta bertsolariak. Ni orduan hasarretu egin nintzen: ‘Inozentzio, horrek gauza bereziak dituela, nik inoiz entzun gabekoak’, esan nion. Ordurako Durangoko saioan entzuna neukan. Doinu berriak, kantatzeko postura... ‘kontuz horrekin!’ esan nion. Eta hara: txapela!” kontatzen du talentua igartzen dakien irakaslearen pozaz.
Joxerra Etxebarriak kontatzen du Xabier Amurizak jantzitako txapelarekin erabat identifikatuta sentitu zirela Bilbo inguruko euskalzaleak: “Behar bada Amurizaren fenomenoari esker deskubritu genuen bertsolaritza. Beste maila bat, edo estilo bat, beste zerbait ikusten zen”.
Egun bertsolari diren hainbat Amuriza entzunda zaletu ziren, Andoni Egaña bera, besteak beste.
Amurizak 1981ean hasita hainbat ikastaro eman zituen makina bat herritan. Santutxuko taldea izan zen bere “esperimentutako kuia”, eta hortik aurrera bere teorizazioa eta materiala sozializatu zuen ikastaro hauen bidez.
Ikastaroko lehen egunean beti galdera bera sortzen zela aitortzen du: bertsotan ikastea posible ote zen, horretarako jaio egin behar zela... Amurizak arrazoi ematen zien hasteko, baietz, jaio egin beharra zegoela, eta ikastaro horretan zeuden denek, behintzat, baldintza hori betetzen zutela, jaio izanarena, alegia. Ondoren debatea mozten zuen, esanaz, bertsotan ezin zitekeela ikasi garbi zeukanak, libre zela hurrengo klasera ez joateko. Baina zalantza izpirik zuenak hobe zuela, bada ezpada ere, hurrengo klasera joatea, ez zedin gertatu bere ikaskide denek bertsotan ikasi izana, norbera klasera joan ez zen bitartean. Horri esker debate antzua moztu eta ikastaroaren benetako helburuari heltzea lortzen zutela dio Amurizak, praktikan bertsotan egitea, alegia.
Lehen bertso eskoletako irakasle askok ere aitortzen dute hasieran ez zutela espero benetan bertsolariak sortuko zituztenik. “Bertso eskola martxan hasita ere, bertsotan ikasi ote zitekeenaz jende askok duda handiak izan genituen urte askotan”, aitortzen du, adibidez, Hernaniko irakasle Juanjo Uriak. 1985ean Anoetan Uriak berak eman zuen hitzaldia da horren lekuko. Bertan irakurri zuen idazlanean argi zioen ez zuela bertsolaririk ateratzea espero, baina edonola ere mesede zela bertsolaritza lantzea: “Bada jendea Bertsolari-Eskola hauen aurka dagona, edo oso begi onez ikusten ez duena behintzat. Nik, egia esan, ez dakit zergatik. Dena den, aurretik esan dezadan, nere iritziz, esperientzi guzti hauek mesedegarri direla eta haurrei ez diela inolako kalterik egiten. Ez dakit tajuzko bertsolaririk sortzeko haineko egitura eta giroa lortuko den; hala bada hobeto eta ez bada ez dio ajolik. Behar bada haurrak ez dira bertsolari izango baina bertsolaritzaren munduaren berri zabala eta zehatza jakinda bukatuko dute”.
Ikasgelak lepo, eta klase berean adin eta maila denetako jendea: hasi idazten ikasi berri zuten umeetatik, eta 40 urtetik gorakoetara, bertsoa zer zen ez zekitenetatik bat-batean aritzen zirenetara. Horra Amurizak eman zituen ikastaro gehienetan errepikatu zen egoera. Baina hori dena ez zela arazo kontatzen du Amurizak, talde txikiagotan jarriz lortzen zuela denen interesak batu eta klaseak ez ahanzteko moduko esperientzia bihurtzea.
Hernaniko ikastaroan parte hartu zutenei galdetuta, bitxia da nola 25 urte beranduago hitzez hitz gogoratzen dituzten maisuak emandako azalpenak. Bertsoa zer den horrela azaldu omen zuen, ikastaroaren antolatzaile eta gerora Hernaniko bertso eskolaren sortzaileetakoa izango zen Uriak gogoratzen duenez: “Bertsoak arau batzuk ditu eta horiek bete behar dira ahalik ondoen. Arauak betez esan daitezke oso zentzu gutxi duten gauzak, eta zentzu handia dutenak. Zentzu gutxi dutenak esatea errazagoa izan liteke, baina hala eginda ere jada osatu duzu bertsoa. Noski, hurrengo pausoa izan behar du onak osatzea”. Amurizak baieztatzen du lehen egunetik bere helburua izaten zela denen arteak kopla edo bertso bat osatzea, “lehen egunetik ikus zezatela gai zirela, bertsoa osatzea posible zela”. Lehen urrats hau ematea ez dela hain zaila eta oso espektakularra dela gaineratzen du, hori zela arrakastaren klabea, eta gehienak hurrengo klasera joateko pizgarria.
Baina hasiberrientzat bakarrik ez, ordurako bertsotan egiten zutenentzat ere erabakiorra izan zen Amurizaren ikastaroa. “Anatx”ek, esaterako, bere kasa jardunda ikasi zuen bertsotan, baina beretzat ere Amurizaren ikastaroa erabakiorra izan zela kontatzen du: “Amurizak lotsa galtzeko sistema ekarri zuen: bota arrazoia. Ez zuen errimak eta neurriak justua beharko, baina kantatuz eta erantzunaz aritu behar zen”. Francoren garaian Hernanin bertsolaritzari heldu zion Julian Ezeiza “Aterpe” herri bertsolariak ere aitortzen duenez: “Amurizak asko erakutsi zigun, bukaerak nola prestatu, eta bertsoaren mamia izaten zen erdiko zatia ez edozer gauzarekin betetzea, baizik gauza justuarekin”. “Aterpe”ren kantulaguna izan zen Antton Garin herri bertsolariak laburbildu du Amurizaren ekarpena: “Guk berez, konturatu gabe egiten genuena, berak azaldu egiten zuen nola eta zergatik”.
Hasierako urteetan ikusi zituzten aurrerapenek, helburu zailagoak jartzera eraman zituzten hainbat bertso eskoletako irakasleak. Hauek artean daude Almen bertso eskola, zeinak 1978-1988 epealdirako bertsolariak ateratzea jarri zuen helburu. Eta berdin egin zuen Santutxuko bertsolari eskolak ere. Hala kontatzen du Joxerra Etxebarriak: “Guk irakaskuntzan sinisten genuen, eta erronka moduan planteatu genuen: ba gu bertsolari izango gara. Guretzat ilusio bat zen frogatzea hori posible zela. Euskaldunberriak ere aritu ziren gure bertso eskolan, eta erakutsi genuen euskaldun berriek ere ikasi zezaketela bertsotan, egun normala den arren”.
Bi bertso eskola hauek euren helburua beteta ikusi zuten, Jon eta Aitor Sarasua, Arantzazu Loidi eta Ainhoa Agirreazaldegi bezalako bertsolariak atera baitziren Almenetik. Eta Santutxuko 10 ikaslek hartu zuten 1982ko Euskal Herriko Txapelketan, hauetatik 4 aurrera pasatu zirelarik. Etxebarriaren hitzetan: “Horrek erakutsi zuen eskolak funtzionatu egiten zuela, eta guretzat hori izan zen garrantzitsuena”. Santutxuko eskolakoek hainbat plaza egin zituztela eta garaiko bertsolari onenekin gaineratu du.
Helburutzat bertsolariak ateratzea jarri ez zuten beste batzuek ere ikusi dute bertan bertsolaririk hazitzen, eta bertsolari hauek dira teoria konfirmatzen dutenak.
© 2007 Sareko Argia