Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Herritik mugimendua antolatzera - Bertso Eskolak

Historia

Herritik mugimendua antolatzera

irudia

LEHEN BERTSO ESKOLAK

1974-1983 urte artean sortu ziren Euskal Herriko bertso eskolak. Dozenatik gora ziren, eta horra zer herritan sortu ziren: Leintz (1974), Santutxu (1979-1980), Algorta (1980), Hernani (1981), Oiartzun (1981), Mungia (1981), Gasteiz (1982), Aiara (1982), Bergara (1982), Tolosa (1982), Iparraldea (1982), Goierri (1982), eta Oñati (1983).

GIROA

Francoren azken urte eta trantsizioko lehen urteak ziren, eta herrietan euskara zein bertso giroa oso apaldua zegoela gogoratzen dute bertso eskolen sortzaileek, bai Ordizin, Bilbon, Leintz bailaran zein Hernanin. Patxi Goikolea Almen bertso eskolaren sortzaileetakoa denak, adibidez, garai hartako Leintz bailara horrela definitzen du: “Teknologi eta burdina kontuez asko genekien, baina bertsolari mundua oso ezezaguna zen bailara honetan”.

Herriko bertsolariek eutsi zieten herri batzuetan bertsoei. Hernanin, esaterako, Santa Agedako errondan eta auzoetako festetan aritzen ziren bertako bertsolariak. Leintz bailaran, berriz, igandetan tabernaz taberna aritzen ziren, euren kasa.

Urtean saio nagusi bat edo beste izaten zen herrian, eta orduan bertsolari handiak aritzen ziren kantuan, Uztapide, Basarri...

Xanti Iparragirrek, saioen antolaketaz zer kontatua du Bertsolari aldizkarian (30.zenbakia): “Herrian bertso jaialdi bat antolatu behar zutela eta, ni enkargatu nintzen bertsolariei esateko. Hitz egin nuen beraiekin, eta zortzi egun falta zirela antolatzaileak etorri zitzaizkidan, herrian jendea ez zela batere mugitzen, ez zegoela berotasunik bertsolariak entzuteko, ez zela inor bilduko eta ez zela posible jaialdia egitea. Zortzi egun falta zirela berriz, Uztapideri deika ez etortzeko”.

Aldiz, ixileko lanean euskalgintzaren aldeko mugimendua bero-bero zegoen. Juanjo Uria Hernaniko bertso eskolaren sortzaileetakoa da, eta Franco osteko lehen alkatea izan zen Hernanin. Berak gogoratzen duenez: “Kezkatuta zegoen jendeak zerbait egin nahi zuen euskara, kultura esparruan... Mugimendu horren guztiaren atal bat izan zen bertsoarena. Egin beharra zegoen zerbait, kultur eta politika mailako kezkak zeudelako”.

Gau eskolak martxan ziren batean eta bestean, eta Santutxuko bertso eskolak bertan izan zuen sorrera. Goierriko bertso eskola ere euskalgintzaren aldeko ekintzak bultzatzen zituen Argi Berri elkartearen inguruan sortu zen. Mugimendu hauek, bertso giroan oso eragingarri izan ziren txapelketak antolatu izan zituzten, herriko bertsolarientzat. 1970ean Urola Kostako txapelketa antolatu zuten Herri Gaztedikoek, bailarako bigarren mailako bertsolarientzat. Eta Arrasateko Danok kultur elkarteak Deba ibarreko bertso txapelketak antolatu zituen, Goikoleak kontatzen duenez: “Gogoratzen naiz txapelketarako Azpillagari deitu eta ‘hi, baina ni gobernadoreak zigortuta nak, e!’ erantzun zidala”. Hala ere, irtenbidea Azpilagak berak eman zion: “Juan Arrilaga jarriko diagu! Eta ni etorri egingo nauk”.

 SORRERA

Bertso eskolak non sortu ziren ikusita, ez dirudi arrazoi geografiko, ez linguistiko, ez sozialik dagoenik. Herri kozkor zein hirietan, gune “euskaldun” usteko (sortzaileek aipatzen baitute garai hartan herri erdaldunak zirela) zein erdaldunetan, bertsolariak egon izan ziren zein izan ez zirenetan sortu ziren. Gehiago dirudi, beraz, pertsona ekintzaile eta euskaltzale jakin batzuk ziren herrietan sortu zirela, hori bai, euren inguruan talde bat sortuz.

Euskara bultzatzea zuten helburu bertso eskola gehienek sorreran. Bertso eskola batzuk ikastolan bertan sortu ziren. Honen adibide da Zumaiakoa, bertako ikastola izan baitzen klase ordutan bertsolaritza lantzen lehena, 1975ean. Joanito Dorronsorok etxeko pianoa eskolara eraman, eta bertsolarien historiak eta bertso zaharrak irakasten zizkien ikasleei. Zumaiako bertso eskola, zaletuen ziren haurrak eskola orduz kanpo bilduta sortu zen, ikastolan bertan.

Ikastolan sortu zen Oiartzungo Haurtzaro bertso eskola ere, eta baita Leintz bailarako Almen bertso eskola ere, larunbat goizetan ikasleei eskainitako ekintzen artean. Joanito Akixu, Patxi Goikolea eta Xanti Iparragirre jarri ziren irakasle, kooperatiban larunbata jai egiten hasi izanari esker. 1974an sortua, Xabier Amurizak bere teorizazioak zabaldu baino lehenagokoa da. Hala ere, izan zuten Amurizaren ekarpenen berri, Abel Muniategi Bizkaiko bertsolariaren bidez, hau Arrasaten bizi baitzen.

Beste bertso eskola asko Xabier Amurizak emandako hitzaldietatik sortu ziren. Horietan lehena Santutxuko bertsolari eskola izan zen. Txapeldunak bertsolaritzari buruzko ikastaroa eman zuen Bilbon, egun Euskal Museoa den lekuan. Amurizak berak aitortzen duenez, talde hau izan ziren bere “esperimentutarako kuiak”: Hitzaren Kirol Nazionala eta Hiztegi errimatua idazten ari zen, eta praktikan non jarria izan zuen. Ikastaroa bukatzean, Santutxuko gau eskolako kideek bertsolaritza lantzen jarraitu zuten, Joxerra Etxebarria maisu hartuta: “pentsatu genuen bertsotan egiten ikastea izan zitekeela euskara maila hobetzeko motibazioaren giltza. Amurizak ikastaroan irakatsitakoa praktikan ipini nuen Santutxuko eskolan”.

Amurizaren hitzalditik sortutako beste bertso eskola bat da Hernanikoa. Udaletxean Juanjo Uria alkate zela, udaletxeak antolatuta, Amurizak 1981eko azaroaren 11n eman zuela lehen klasea. Ondo gogoan du “Anatx” orduan gaztetxo zen bertsolariak: “erreziboa ere jasoa nuen, 2.000 pezetakoa”. Ikastaro horren ondoren herriko bi ikastolek bakoitzak bere eskola sortu zuen, eta helduek ere biltzen jarraitu zuten, euren kasa.

Amurizaren ikastaro gehienek ezaugarri berak zituzten: kopuruz oso handiak ziren, edade eta mota desberdineko jendea biltzen zen, bertsoa zer zen ez zekienetik bat-batean zerbait egiten zuenera. Amurizak “apoteosiko”tzat du garai hura, oso giro beroa sortzen zela du gogoan, herriz herri hainbat jende ezagutzen zuela, eta ikastaroek beti afaritan bukatzen zutela.

Beste bertso eskola batzuk elkarteen inguruan sortu ziren, hala nola Goierrikoa. Argi Berri elkarte gastronomikoaren babesa izateak lagundu zien udaletxeekiko harremanetan, zein azpiegituran. Aldiz, klase barruko kontuak irakasleen esku geratzen ziren. Beste bertso eskolen berri ere zabaltzen zen, eta hala, Goierriko bertso eskolako sortzaileetakoa den Joxe Mari Barandiaranek Almen eskolako Goikolearengana jo zuen bertso eskola sortu aurretik, haien esperientziaz galdezka.

Azkenik, baziren beste bertso eskola batzutan aritu ondoren euren herrian sortu zituzten kasuak ere. Horietakoak dira Mungia eta Algortako bertso eskolak, 1981ean sortuak: Ordura arte Santutxuko bertso eskolan batzen zen zenbait jende bere inguru naturalera itzultzean sortu ziren.

Bertso eskolen artean bereizi daitezke haurrei irakasteko sortutakoak, gehienak izan ziren hauek, eta helduentzako bertso eskolak. Helduentzako lehen bertso eskola Santutxukoa izan zen, eta geroago sortu ziren Mungia, Gasteiz, Aiara, Tolosa, Oñati (Mikel Mendizabalek emandako ikastaroa) eta Bergarakoak (Egileor II.ak emandako ikastaroa). Azken bi hauek, ordea, hurrengo urtean gaztetxoekin lantzea erabaki zuten, haurrentzako bertso eskola bihurtuz.

IRAKASLE ETA IKASLEAK

Orokorra izan zen lehen urteetan ikasle mordoa bildu izana, ia bertso eskola denetan. Horietako batzuk gerora ezagun egingo ziren, ez denak bertso kontuengatik. Hona herriz-herri zein izan ziren lehen belaunaldikoak, orain arte jakin ditugun datuen arabera:

Almen. 125 ikaslek eman zuten izena. Besteak beste: Jon Sarasua, Aitor Sarasua, Xabier Sarasua, Jon Iñaki Izarzelaia, Arantzazu Loidi, Danel Goikolea, Felix Iñurrategi, Mikel Uribetxebarria, Joseba Urkia, Agurtzane Mujika eta Gabilondo anaiak. Bertso eskolaren sortzaile eta irakasle izan ziren Patxi Goikolea, Juanito Akixu eta Xanti Iparragirre.

Hernani. Euren kasa biltzen jarraitu zuen helduen taldea: Anatx, Iñaki Aranzadi apaiza, Usurbilgo Juan Mari Etxabeguren eta Nikolas eta Joxemari Izeta, Pablo Joxe Aristorena, Jon Eizmendi, Julian Aterpe eta Antton Garin, Otaño... Langile ikastolan Juanjo Uria aritu zen irakasten, eta Urumean Joxemari Gabiria.

Goierri. Igor Eguren, Aranburu, Joxeramon Elorza, Juan Ramon Gerriko, Joxe Munduate eta Martin Aramendi. Mikel Mendizabal aritu zen irakasle.

Bergara. Euren kasa biltzen jarraitu zuen helduen taldea: Aitor Aginagalde, Maite Aristegi, Marian Zubizarreta, Jexux Elorza eta Pello Txintxurreta. Ikastolan, Koldo Alberdi, Aitor Aginagalde eta Jexux Elorza aritu ziren irakasle.

Gasteiz. Bertako kideak: Abel Enbeita, Rikardo Gonzalez de Durana, Patxi Aizpurua, Xabier Rico, Karmele Madinabeitia eta Jose Luis Ormaetxea.

Aiara. 1982an sortu zen. Bertan bildu ziren, besteak beste, Juanjo Respaldiza, Karla Santisteban, Jon Gerrero, Serapio Lopez eta Pedro Bizkarguenaga.

Algorta. Andoni Iriondo eta Trino Azkoitiak sortu zuten.

Mungia. Bertako kideak: Karlos Ibarzabal, Bernardo Mandaluniz, Iñaki Sarriugarte eta Patxi Aranburu.

Oiartzun. Ikasleak: Juan Mari Lopez, Iñaki Pikabea, Jagoba Larburu, Karlos Aizpurua, Aitor Etxebeste, Aitor Arbelaitz, Asier Bergaretxe, Kerman Kortajarena eta Andutz Labandibar. Irakasle Antton Kazabon aritu zen.

Oñati. Sortzaileak: Jose Mari Agirrebengoa, Isidro eta Xabier San Migel anaiak, Benito Barrena eta Emilio Urzelai. Ikasleak: Iosu Igartua, Iker Agirre, Lander Diaz de Gereñu, Joseba Lasagabaster, Egoitz Aizpuru, Iñaki Olalde eta Joseba Agirre.

Tolosa. Sortzaileetakoa: Kike Amonarriz. Irakasleak: Anjel Mari Peñagarikano eta Millan Telleria. Bertan ikasitakoak: Felix Irazustabarrena, Joxepa Madariaga, Martin Rezabal “Olaso”, German Meabebasterretxea, Jose Antonio Sasiain.

Santutxu. Irakaslea: Joxerra Etxebarria. Bertako kide izandakoak: Begoña Iturriza, Maria Angeles eta Agurtzane Alberdi, Xabier Zorrotza, Xanti eta Goio Jaka, Trino Azkoitia, Koldo Tapia, Karmelo Landa, Jose Mari Pastor, Karlos Ibarzabal, Iñaki Lasa, Xabier Txertudi, Iñaki Antiguedad, Bittor Uraga, Juanjo Basterra, Jose Ramon Bilbao...

MUGIMENDUA ANTOLATZEN

Joanito Dorronsorok hau dio bertso eskolen mugimenduaren sorreraz galdetuta: “Historian gertatzen diren gauza batzuk, itxura guztien arabera ematen du kasualitatea direla. Hau nondik sortu da hemen? Baina gero konturatzen zara antzeko zerbait sortu dela han, beste bat haruntzago… Mugimendua zerbait bizia da, baina nola sortu eta eragiten duen? Ez da erraza aztertzen”.

Bertso eskola bakoitzak bere herrira begira egin zuen sorreratik lan, bere helburua horixe baitzen, herriko harrobia lantzea. Ordea, elkarrekin edo denentzat antolatu zituzten hainbat ekintza, Foru Aldundi eta Ikastolen Elkartearekin elkarlanean, hasieratik: Ikastoletan bertsolaritza irakasteko egitasmoa, Eskolarteko Txapelketak, han eta hemen bertso irakaskuntzaz ematen ziren ikastaroak eta materiala. Egitura honek ahalbidetu zituen bertso eskoletako arduradun zein irakasleen arteko harremanak. Bertso eskolen arteko sare bat antolatzea, alegia.

Banaka aztertuko ditugu segidan ekintza hauetako bakoitza.

ERAKUNDEETAKO ORDEZKARIAK

Gipuzkoako Ikastolen Elkartean Antonio Campos, Paulo Agirre eta Xabier Garagorri aritu ziren bertsolaritza irakasteko proiektua bultzatzen. Eta Gipuzkoako Foru Aldundia, berriz, Joxe Manuel Odriozola euskara batzordeko burua, eta Imanol Murua diputatu nagusia.

BERTSOLARITZA IKASTOLETAN

1977ko azaroaren 28an idatzita utzi zituen Patxi Goikoleak bertsolaritza Leintz bailarako ikastoletan lantzeko lehen pausoek zein izan behar luketen: Ikastola bakoitzeko irakasle bertsozaleenekin elkarrizketak egin, ikastolako maila bakoitzean zer eman daitekeen aukeratuz testu bat prestatu, Amurizaren apunteetatik errima errazenak aukeratu, eta doinu zaharrak grabatzea. Grabatutako bertsoen transkrizpioekin testu bat osatuz, irrati emisio bat planteatzen zuten, horretarako Joxe Mari Iriondorekin hitz eginda. Hona ideia: “Egunean gehienez 10 minutu inguru astean lau egunetan eta ordu berean ikastoletara zabaldu lezakeela uste dugu. Irakasle guztiak aurrez jakinean jarri, eta ikastoletan atseden aldia izaten duten unetxo bat aukeratu, adibidez, goizeko hamarretatik hamarrak eta hamar artean, esanaz textoko zein bertso edo abesti emango den, hau da zein horrialditan dagoen; orduan letrea aurrean dutelarik eta doinua irratiz entzuten dela, oso lan bikaina egin lezakeela uste dugu”.

Elgoibar, 1975.

Zergatik ez zen eskolan bertsolaritza landuko, gure kultura eta poesiaren zati den heinean? Patxi Goikoleak Abel Muniategi bertsolariari proposatu zionean, “Goazak ikastolen federaziora” esanda jarri ziren martxan. Elgoibarren egin zuten bilera Ikastolen Elkartekoekin. Euren planteamendua azaldu eta interesgarria zela erantzun zieten arren, giro hotza du gogoan Goikoleak: “denak ixilik geratu ziren”. 15 egunera berriro elkartzekotan geratu ziren. Itzuleran ez zihoan lasai Goikolea, eta Muniategiri esan zion: “Ez dugu ondo azaldu, edo ez dakit, zer hotz bilatu dudan! Derrotatuta nator!”. Muniategik zuhur erantzun zion: “Itxoin, itxoin, horrek heltzeko denbora behar du”.

15 egunera bigarren bileran batu, eta a zer poza Goikolearena bertsolaritzako ordezkaritza handiarekin topo egin zuenean: Paulo Agirre (Gipuzkoako Ikastolen Elkartea), Xabier Amuriza, Imanol Lazkano, Anjel Ugarteburu (Elgoibarko irakaslea) eta Joanito Dorronsoro (Zumaiko irakaslea). “Imanol Murua zegoen garai hartan Gipuzkoako Foru Aldundian, eta hark ere norbait bidali zuen bilerara.

Han sortu zen Eskolarteko Bertsolari Txapelketa egiteko ideia. Eta bertsolaritza nola irakatsi lantzen hasi zirenean, galdera bat planteatu zen: ikasleei egokitutako bertso berriak sortu behar ziren ala bertso historikoak irakatsi? Bigarrena hautatu zen, Amurizak bota zuen arrazoiagatik: “gizarteak gogoan gordetakoek inongo zalantzarik gabe frogatua dute kalitatearen galga”. Horregatik, bertso historikoen antologia egitea erabaki zen. Horrela sortu zen

“Bertsotan I eta II” liburuak eta kasetea egiteko proposamena. Joanito Dorronsorok 1979an fundizioa utzi behar izan zuen osasun arazoengatik, eta bera jarri zen antologia hori egiten burubelarri.

Bertsolaritza irakaskuntzan landu behar zela erabakita, lurralde bakoitzean honako irakasle edo koordinatzaileak aritu ziren: Gipuzkoan Mikel Mendizabal, Aldundiaren diru laguntzaz. Ikastolaz ikastola klaseak emanaz hasieran, Eskolarteko Txapelketak koordinatzen, irakasleentzat ikastaroak prestatzen, material berriak lantzen...

Bizkaian Jon Lopategi hasi zen liberatu ikastoletan, Araban Abel Enbeita, eta Nafarroan Lontxo Aburuza. Iparraldean, horretarako liberatu gabe, Xanti Iparragirre, Ernest Alkat, Jexux Arzallus eta Aitor Sarasua.

IKASTAROAK

Batetik, irakasleak prestatzeko ikastaroak antolatu zituen Ikastolen Elkarteak, 1981-1984 urte artean. Garai hartan honako galderak planteatzen ziren ikastarotan: ikasleak nola hurbildu bertso mundura, nola programatu klase bakoitza eta ikasturtea, zer ariketa egin, nola aberastu euskara bertso bidez, nola landu musika... Bestetik, hainbat herritatik deituta eman ziren bertsolaritza irakasteari buruzko ikastaro zein hitzaldiak. Hona guk bildu ditugunak.

Donostia, 1978ko abenduaren 2a.

Santo Tomas Lizeoan hitzaldia eman zuen Patxi Goikoleak, 50 irakasle ingururentzat: Almengo bertsolaritzaren esperientzia azaldu zuen, ikastola barruan bertsolaritzari eman behar litzaiokeen garrantzia, eta abar.

Beste gauza askoren artean honakoak esan zirela du bildua apunteetan Goikoleak (euskararen erabileraz dihardutenek, oso gaur egungo diskurtsoa aurkituko dute): “Ikastolak hamar urte hontan daraman maila berean beste hamar urtean jarraitzen badu bere irakasgintza, ia euskara behera joango dela betiko eta ez duela, gehiago igotzerik izango. Baita ere aipatu zen kaleko erdal giroak eta batez ere telebistak egiten dituzten kalteak”.

Oñati, 1981eko uztaila.

Aste osokoa izan zen, eta Mikel Mendizabalek eta Joanito Dorronsorok eman zuten.

Zarautz, 1981eko uztailaren 13tik 18ra.

Irakasleen prestakuntzarako, astebeteko ikastaroa antolatu zuen Gipuzkoako Ikastolen Elkarteak, Eusko Jaurlaritzak babestuta: bertsozaletasuna zuen edozein irakaslerentzat zegoen zuzenduta, batez ere OHOko 5. mailatik COU bitartekoentzat. 22 ikasle batu ziren Monte Albertia albergean. Jan eta lo bertan egiten zuten eta denera 4.500 pezeta kosta zitzaion bakoitzari.

Patxi Goikolea Almen bertso eskolako irakaslea ikastaroa hartzera joan zen: “Fabrikan astebete opor hartu, eta nire ikasle Iñaki eta Jon Sarasuarekin joan nintzen aste osoa han pasatzera. Bertso zaharrak irakasten bagenekien, baina teoria hor ikasi genuen”. Irakasteko oso baliagarri egin zitzaiela dio Goikoleak.

Ikastaroa hiru zatitan banatzen zen: Batetik bertsolaritzaren oinarrizko kontzeptuak lantzen ziren goizetan, lehenengo orduan (9:00-10:00etara). Ondoren, bertsolaritza irakaskuntzan nola txertatu aztertzen zen, eguerdira arte. Hirugarrenik, bertsolaritza ezagutzeko eta bertsozaletzeko hitzaldiak ematen ziren iluntzeko 19:00etatik 21:00etara, bertso saioz osaturik. Iluntzeko saio hauetako batean Sarasua eta Amuriza elkarri bertsotan nola aritu ziren gogoan du Goikoleak: ”Sarasua gaztetxoak nahiko poliki egiten zuen bertsotan. Gogoratzen naiz Amurizari sekulako desafioa bota ziola hiru bertsotan, baina lotsagabe, e! Amuriza harrituta utzi zuen ‘hau duk mutila!’”.

Ikastaroan irakasle aritu ziren Jose Ramon Etxebarria, Joanito Dorronsoro, Imanol Lazkano, Xabier Amuriza, Jon Lopategi eta Juan Mari Lekuona. Bertan aurkeztu zen, baita ere, Joanito Dorronsorok argitaratu berri zuen “Bertsotan” liburua.

Udako Euskal Unibertsitatea, 1980.

1980ko Udako Euskal Unibertsitatean, antolatzaileek gauero edozein txokotan bertsotan hasten ziren Santutxuko bertso eskolako kideei saio bat egitea eskaini zieten. Antton Olariagak “bertso saio amateurra” iragartzen zuen afixa egin zuen. Aretoa jendez lepo zela, Santutxuko esperientziaren berri eman zuten, eta bertsoa egiteko oinarrizko zenbait azalpen ere bai. Ondoren bat-bateko saioa osatu zuten, eta eman zuen gerora ere zer esanik, Zeruko ARGIAn Joxerra Etxebarria galtza motzetan kantari atera baitzen. Etxebarriak ez zuen atzera egin: “Errespeto falta zela idatzi zuen norbaitek… A bai? Ba hurrengo urteko UEUn beste bertso saio bat egin genuen, ordukoan mozorrotuta”. Etxebarria pirataz jantzita aritu zen “Zergatik ez genuen horrela egingo bertsotan? Gainera guk maite genuen, lan bat egiten ari ginen bertsoaren alde”.

1981ean, beraz, saio mozorrotua egin zen eta 1982an jada bertsolaritza ikasgai bihurtu zen. Handik datoz gaur egun arte UEUn egin diren bertsoaren inguruko hitzaldi, saio esperimental eta gainerakoak.

Hondarribi, 1982ko iraila.

Astebeteko ikastaroa, Joxe Ramon Etxebarria eta Joanito Dorronsorok zuzendua.

Loiola, 1983.

Karmelo Etxegarai ikastolako irakasleentzat antolatutako ikastaroa.

 Anoeta, 1985eko ekainaren 14a.

Besteak beste Juanjo Uriak eman zuen hitzaldia, eta idatzitako hitzaldi horretatik honako pasarte hauek egin zaizkigu azpimarragarri:

 ESKOLARTEKO TXAPELKETAK

1981eko maiatzean jokatu zen lehen Eskolarteko txapelketa. Lehen hura Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatu zuen, hurrengo urtetik aurrera, berriz, Ikastolen Elkarteak. Lehenengo txapelketan dena egun berean egin zen: aurrena idatzien saioa Zabalegi nekazal eskolan (Hernani) eta arratsaldez Donostiako Karmelo Baldan bat bateko txapelketa. Goizean idatziriko bertso paper denak arratsalderako zuzendu behar izan zituen epai-mahaiak, beraz.

Joanito Dorronsorok idatziriko “Zumaiako bertso eskola. 20 urte kantari” liburuan, kontatzen du nola Eskolarteko Txapelketa antolatzeak hasieratik piztu zuen eztabaida: “Konpetentzian oinarriturik dagoen gizarte kapitalista honetan, umeak txiki-txikitatik norgehiagoka gogorrean erabiltzea ez ote zen heziketa pedagogiaren aurkako jokabide gaiztoa izango. Baina, arriskuak arrisku, hala ere txapelketen antolaketa hau, bazter ezineko ekimentzat jo genuen, bertsolari berriak sortu ahal izateko”.

Patxi Goikoleak parte-hartze ikaragarriak sortutako anabasa du gogoan: “40 haurrek eman zuten izena bat-batean egiteko. Hura zen desastrea. Batzuek inoiz kantatu gabekoak ‘hura apuntatu da? Ni ere bai!’ esanda izena eman zutenak. Almenekoek, berriz, ordurako sei urte zeramatzaten bertso eskolan. Gainera, txapelketak motibatuta 4 hilabete lehenago umeek serio hartu zutela du gogoan Goikoleak, eta sarriago biltzen zirela prestatzeko. Jendaurrean ere buruz ikasitako bertsoekin saioak eginda zeuden, bazekiten nola jarri publikoaren aurrean.

Txapelketa hartako egoera xelebreak gogoan ditu Goikoleak: “Gure bat jartzen zuten behin ere egin gabeko batekin puntuka, eta gureak puntua jarri eta besteak beste errima batekin erantzun... Gureak zer egin behar zuen? Haren errimarekin jarraitu...”.

Bistan zena, ia sari guztiak Almenek eraman zituen. Txikien mailan Jon Iñaki Izarzelaia (Almen) izan zen txapelduna, eta Josu Garate (Zumaia) txapeldunordea. Handien mailan, berriz, Jon Sarasuak ez zion uko egin txapela janzteari.

Baina bigarren urterako etorri zela buelta kontatzen du Goikoleak: “Zumaiakoak askoz hobeto aritu ziren. Euzkitzek ere lehen urtean ez zuen ezer egin, normala, baina bigarren urtean jada nahiko ongi eta berak atera zuen txapela”.

Eskolartekotan lagun egin zinen Zumaiakoekin, Azpeitikoekin, Hernanikoekin... Talde handi baten sentsazioa genuen, harremana ere bageneukan...” dio Goikoleak.

 EGITURAKETA

Bertso eskola bakoitza erabat ezberdina izanik ere, oso antolaketa txukuna izan zuten, eta lanaren eguneroko jarraipena. Besteak beste Juanjo Uriak eta Patxi Goikoleak oraindik artxibatuta dituzte lehen urteetako programaketak. Bertan ikusten da klasea nola antolatzen zuten eta zer ariketa egiten zituzten. Joxe Mari Barandiaranek garajean Goierriko bertso mugimenduari buruzko artxiborik osoena du, bertako saioen grabazio, kartel, balorazio eta argazkiak biltzen dituena, baita bertso eskolan hartutako erabaki denen aktak, ikasleen izenak, eta gainerakoak ere. Metodologia atalean landuta daude puntu hauek sakonago, baina Almen bertso eskolak bertsolariak ateratzeko 10 urteko plan bat diseinatu zuen, garai hartan enpresetan egiten zituztenen antzera.

Legalki ere, Santutxuko bertsolari eskola izan zen bertso munduko lehen elkarte juridikoa. Bizkaiko Bertsolari Ikasleen Elkartea (BBIE) sortu zuten. Gobernu zibilak ekintza asko debekatzen zituen garaian, saio mordoxka antolatzeko aukera izan zuten, izaera juridikoari esker. Bizkaiko Bertsozale Elkartea sortu zenean desagertu zen.

Denek bereizten zituzten lan multzo desberdinak, batzuk pedagogia izaerakoak: kurtsoa programatzea, klaseak prestatzea eta ematea. Eta besteak antolakuntzari zegozkionak: Irteerak eta bertso saioak antolatzea, eta abar. Bertso eskolaren ardura zeraman taldearen arabera, pertsona berak egingo zituen lan denak, edo izaeraren arabera banatuko ziren. Goierriko bertso eskolarena da behar bada, karguak bereizien zituen bertso eskola. 1982an bertso eskolaren ardura izango zuen taldea aukeratu zuten: Argi Berri elkarteko batzordetik Juan Mari Garmendiak izango zuen ardura. Ikastetxetako irakasleen artetik Santi Garmendia, Arantxa Sarriegi eta Jesus Goikoetxeak. Bertsolarietan Mikel Mendizabal, Eusebio Igartzabal eta Iñaki Muruak. Argi Berru elkarteko bazkideetatik, Pedro Irastorza eta Joxe Mari Barandiaranek. Argi Berriko ordezkariak arduratzen ziren udaletxeko harremanez eta haurren garraioaz. Ikastetxeetako ordezkariak ikasleak bertso eskolara bideratzeaz, eta bertsolariak irakasleak lotu eta klaseko metodologiaz.

Baliabideen aldetik, ikastoletako azpiegiturak izan zituzten eskura hasierako bertso eskola batzuek. Esaterako Zumaiako bertso eskolak, non bertako irakasle Joanito Dorronsorok egun erdiko dedikazioa zuen bertso eskolak emateko. Udaletxeen laguntza ere izan zuten beste batzuek, esaterako Goierrikoak. Hauek izan ziren udaletxeei eskatutako baliabideak: Ordiziako Barrena Jauregian gela bat; gelarako altzari, irrati-kasete, liburu eta gainerakoak; irakasleei ordaintzeko laguntza: orduko 1.000 pezeta. Goierriko udaletxe denek sinatu zuten akordioa: Ataun, Beasain, Itsasondo, Idiazabal, Lazkao, Ormaiztegi, Segura, Ordizi, Zaldibi eta Zerainek. Eusko Jaurlaritzaren laguntza ere jaso zuten bertso eskola batzuek, Hernanikoak 1986tik 1989ra jaso zuela behintzat badakigu. Eta autofinantzazio bideak ere bilatu zituzten. Esaterako, Santutxuko bertso eskolakoek idatzitako artikuluan kontatzen dutenez (Jakin, 17/18 aleak): “(Saioak egindako) leku guztietan zerbait kobratu dugularik (ez guk eskatu dugulako), nolabaiteko lana egiten hasi garela uste dugu; honek ere bere garrantzia du. Esan beharra dago, bestalde, diru hori praktiketako afariak egiten gastatu dugula”. Goierriko bertso eskolak, oraindik ere Santio festetan jartzen duten tonbola bat jarri zuten martxan.

 ERRELEBOA

Hau da bertso eskolen sortzaileekin mintzatzerakoan sarri ahotsa mikazten dien puntua. Bertso eskola batzuk, nola Santutxukoak, Hernanikoak eta beste hainbatek, hurrengo irakasle-antolatzaile taldeari erreleboa pasatzea lortu zuten. Sorreran oso indartsu aritutako beste batzuek, Almenek tarteko, katea eteten ikusi zuten. Eta Zumaiakoak, Goierrikoak eta beste hainbatek, oraindik sortzaileen laguntzarekin dihardu, alegia, hurrengo belaunaldi batek erabat beregain hartu gabe.

Erreleboa ematerakoan aipatzen diren arazoak honakoak dira: bertso eskolako ikasleak unibertsitatera edo kanpora ikastera irtetean desegiten direla talde asko. Eta taldea egitea ezinbestekoa dela, bestela ikasleek ez dutela behar beste motibaziorik izaten jarraitzeko. Taldea egiteak, berriz, dedikazio handia eskatzen du, irakasleek klaseak emateaz gain saioak antolatu, irteerak egin eta haurrekin denbora asko eman behar baitute.

© 2007 Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
RSS sindikazioa 1.1

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan