Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Zumaiako bertso eskola - Bertso Eskolak

Herriak

Zumaiako bertso eskola

ZUMAIAKO BERTSO ETA KANTU GIROA

Joanito Dorronsorok kontatzen du Zumaia herri oso kantuzalea izan dela, baina ez hain bertsozalea. Oikianbai, izan da bertsolaririk: Jauregi eta Munioso, eta Artadin, berriz, Baxakarte. 1970ean antolatzen hasi ziren jaialdi eta hitzaldietan ere garbi ikusten zen Itziar, Oikia, Askizu, Aizarna, Aizarnazabal eta inguruetako bertsozaleei esker betetzen zirela aretoak. Baina zorionez, tartean zumaiarrak ere gero eta gehiago ziren.

 

Franco osteko bertso giroan, ekintza garrantzitsu bat izan zen: 1970ean Urola Kostako txapelketa antolatu zuten Herri Gaztedikoek, bailarako bigarren mailako bertsolarientzat: Orio, Aia, Zarautz, Zumaia, Oikia, Zestoa eta Azpeitia-Azkoitia ingurukoentzat. Antolatzen Joxe Mari Iriondo, Erramun Ostolaza, Joxe Altzibar (Arantza I.a), Josu Iñaki Ieregi, Manuel Etxabe eta Tomas Etxabe aritu ziren. Gazteak motoan joaten ziren baserriz baserri, bertsolari bila. Horrela lortu zuten honako bertsolarion partehartzea: Patxi Etxeberria, Nikolas Zendoia eta Joxe Mari Lertxundi, Muniosoro, Baxakarte, Jauregi, Lilibe, Uztapide II, Zubizarreta, eta Ziolar. Baina ez zuen aurrera jarraitu, bertsolarien artean kexak hasi baitziren diru gutxi zela eta.

 BERTSOLARITZA LANDU ZUEN LEHEN IKASTOLA

Zumaiako ikastola izan zen lehena, klase ordutan bertsolaritza lantzen. 1975ean Joanito Dorronsoro hasi zen bertan bertsolari zaharren historia eta bertso zaharrak irakasten, etxeko pianoa Aita Mari auzoko gelara eramanda.

1981etik aurrera, fundizioa utzi behar izan zuen istripu baten ondorioz. Eta ikastolan hasi zen burubelarri. Egun erdiz administrazio lanak egiten zituen eta beste egun erdiz bertsolaritza irakatsi Arrangoletako ikastetxean. 5. mailatik 8. mailara arteko ikasleei astean ordubete ematen zien bertsolaritza.

 BERTSO ESKOLA

Ikastolan bertan sortu zen Zumaiako bertso eskola, gogo gehien zuten ikasleekin eskola orduz kanpo bilduz.

Irakasle aritu ziren Manuel Mari Garate, Manuel Bitarte, Joseba “Kantari”, Jose Mari Urain eta Joanito Dorronsoro.

Lehen ikasleak, berriz, hauek izan ziren, besteak beste: Josu Garate, Mikel eta Iñigo Berastegi, Anjel Etxaniz, Mikel Garate, Amaia Iribar, Iker Urain eta Andoni Aizpurua.

Eta laguntzeko prest beti bertso eskola inguruan ibili ziren: Josu Olalde, Baxakarte, Hilario Leturiondo, Pello Jauregi, Inaxio Iparre.

Helburua euskara eta bertsozaletasuna piztu eta indartzea zen, eta baita bertsolariak sortzea ere. Horretarako urteko programazio hau prestatu zuten:

-Ikastetxeetan bertsolaritza eman.

-Bertso eskola eman.

-Jaialdia antolatu bertsolari famatuekin.

-Herrian zabaldu giroa, kantatuz, bertsopaperak zabalduz...

-Eskolartekoan parte hartu.

-Bertsopaper sariketa antolatu.

-Gela bat prestatu, liburutegi gisa.

-Irakasleentzat antolatzen diren ikastaroetan parte hartu.

-Ibilaldi kulturala antolatu, bertsolari historikoen herrira. Lehen urteetan Uztapide, Enbeita eta Mattinen herrietara joan ziren ikasturte amaierako bidaian. Gero ohitura eten zen.

 PLAZARATZEA: ANADEKO TXAPELKETAK 1986-1990

1986-1990 urte artean, 5 txapelketa jokatu ziren Zumaiako bertsolarien artean. San Telmo festa ondorengo ostiralean egiten zen, Anade elkartean. Herriko bertsolari tradizionalak, bertso eskolatik zetozen gazteen kontra aritzen ziren, afalosteko giroan. Txapelketa batean beti nagusitzen direla eskolakoak arrazoitzen du Dorronsorok “beste bertsolariek eduki dezakete sekulako etorria, txispa, eta gehiago gustatuko zaizkizu. Baina objektibatzen hastean, akats teknikoak direla eta abar, puntuak beti eskolakoengana joaten dira”. Horrela, pixkanaka txapelketek zentzua galdu zuten.

Txapelketez gain, herri askotatik deitu zieten hasieratik, kantatzera joateko: Narrondo, Artadi, Arroa, Ibañarrieta, Aizarna, Zestoa, Azpeitia, Getaria, Zarautz, Elgoibar, legazpi, Mutriku, Oiartzun, Osintxu, Lizarra, Lesaka, Elizondo, Urruña, Basauri, Sestao, Iruñea...

 EGITURAKETA

Dorronsorok aitortzen du bertso eskolaren martxa ez dela oso egituratua izan, formalismo handiegirik gabea izan dela (kontuak, diruzaina, karguak...), Xabier Azkuek heldu zion arte. Bi perfilak direla beharrezko kontatzen du: “Jon Maiaren artista briloa, eta Xabier Azkuek beti egin duen lan metodikoa: udaletxeekin harremanak, Bertsozale Elkartearekin…”

Sorrerako irakasleez gain, gaur arte beste hauek aritu izan dira haurrak bertsozaletzen:

Felix Aizpurua, Xabier Sukia, Joxe Joakin Aizpurua, Xabier Azkue, Unai Gijarro, Eneko Dorronsoro, Gorka Iribar “Olalde”, Jon Maia, Mayi Gallastegi, Maialen Belarde, Markel Peñalba eta Jokin Guijarro.

1997tik Foronda kultur etxean du egoitza elegantea Zumaiako bertso eskolak.

 

 HERRI ARTEKO TXAPELKETA INDARGARRI 1999

1999ko Gipuzkoako Herri Arteko Txapelketak piztualdia ekarri zion Zumaiako bertso eskolari. Bertsolari taldea Jon Maia, Joxe Joakin, Olalde eta Lizarretak osatu zuten. Eta gaiak jartzeko, epailetzarako eta gainekoetarako ere talde handia bildu zen inguruan: Ibon Aizpurua, Josu Manzisidor, Xabier Azkue, Eneko Dorronsoro, Unai Gijarro, Manuel Mari Garate...

Txapelketa prestatzeko Tomasenean edo Inda Mendin biltzen ziren, lagunarteko afarietan eta autobus bete ikusle joan zen Bergarako kanporaketara. Lantaldea martxan jartzeko balio izan zuen.

Eta hori da, Joanito Dorronsororen hitzetan, herrian bertsolaritza bizia izan dadin klabea: “Herrian, bakoitzak bere inguruan, giroan, mailan, berea ematea. Soziedadeko giroan batzuk, errondetan… Bertsoa bizitzea”.

© 2007 Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
RSS sindikazioa 1.1

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan