Xabier Amurizak jantzi berri zuen txapela, eta Bilbo inguruko euskalzaleak erabat identifikatuta sentitu zirela aitortzen du Joxerra Etxebarriak: “Behar bada Amurizaren fenomenoari esker deskubritu genuen bertsolaritza. Beste maila bat, edo estilo bat, beste zerbait ikusten zen”. Txapeldunak bertsolaritzari buruzko ikastaroa eman zuen Bilbon, egun Euskal Museoa den lekuan. Amurizak berak aitortzen duenez, talde hau izan ziren bere “esperimentutarako kuiak”: Hitzaren Kirol Nazionala eta Hiztegi errimatua idazten ari zen, eta praktikan non jarria izan zuen.
Ikastaro hartan parte hartu zuten Santutxuko gau eskolan alfabetatzen zebiltzanek, eta Joxerra Etxebarriak kontatzen duenez: “Gure kezka ez zen hainbeste bertsoa, euskara baizik. Baina motibatzeko oso ona da, euskararekin gozatzeko aukera baduzu, hobe ikasiko duzu”. Ordurako gau eskolan Euskaltzaindik banatzen zituen D eta B tituluak prestatzen arituak ziren, eta euskara maila hobetzen jarraitzeko beste motibazio bat behar zuten. Amurizaren ikastaroa bukatzean pentsatu zuten bertsotan egiten ikastea izan zitekeela motibazioaren giltza.
Horrela, 1979-1980 ikasturtean eman zen lhen kurtsoa eta Joxerra Etxebarria zen alfabetatzeko irakasle, eta bera jarri zen bertso irakasle. Amurizak ikastaroan irakatsitakoa praktikan ipini zuen Santutxuko eskolan, eta horrela sortu zen Santutxuko eskola.
Santutxuko bertso eskolako kide izan ziren, besteak beste, Begoña Iturriza, Maria Angeles eta Agurtzane Alberdi, Xabier Zorrotza, Xanti eta Goio Jaka, Trino Azkoitia, Koldo Tapia, Karmelo Landa, Jose Mari Pastor, Karlos Ibarzabal, Iñaki Lasa, Xabier Txertudi, Iñaki Antiguedad, Bittor Uraga, Juanjo Basterra, Jose Ramon Bilbao... Gehienak herri txikietatik Bilbora etorritako euskaldunak ziren, baina bertso mundua ordura arte gertutik ezagutu gabeak. Etxebarriak bertso eskola bilgune izan zela definitzen du: “behar genuen elkartzeko leku bat. Betiko lagunak egiteko, koadrila bat osatzeko lekua. Eta gauza praktiko bat zen bertsoa, euskararen arloan lan bat egiteko Bilbo inguruan”.
PRAKTIKA AFARIAK: GERNIKESA
Klaseak ematen hasi eta pixkanaka bat-batean erraztasuna irabazten joan ziren. Klasea bukatzean, berriz, tabernara joaten ziren pintxo batzuk hartu eta jardunarekin jarraitzera. Hasieran Etxaniz tabernara joaten ziren, ondoren beste batzuetara.
Taberna giroan bertsotan errazago egiten denaz jabetuta, Gernikesa tabernan hiruhilero “praktika afaria” antolatzen hasi ziren, bertako nagusia oso bertsozalea baitzen. Hasieran Xabier Amuriza eta Jon Lopategi joaten ziren laguntzera, denborarekin bertso eskolakoek bakarrik osatzen zuten afalosteko saioa. Etxebarriak aitortzen du askotan prestatutako bertsoak botatzen zituztela, “Bakoitzak egiten zuen ahal zuena”.
Auzokideak ere joaten ziren ikustera, eta 30 lagun inguru biltzen ziren.
Gernikesa bertsotan egiteko bilgune bihurtu zen, ez Santutxukoentzat bakarrik, baita inguruko herrietakoentzat ere: Mungiako koadrilatxo bat hasi zen inguratzen: Karlos Ibartzabal, Bernardo Mandaluniz… Galdakaoko bertsolari batzuk ere bai...
PLAZARATZEA
Urte bukaerarako nahiko egiten zuten bat-batean eta bertso saioak antolatzen hasi ziren: Batak bestea zekarren!
Lehen plaza Santutxun egin zuten, bertso eskolako kide batzuk bilera antinuklear batean prestatutako bertsoak bota zituztenean, Iberdueroren kontra sekulakoak esanaz.
Bigarren plaza ere Santutxun egin zuten, Basarraten, euskararen astearen barruan. Bertso eskolako 10 lagun aritu ziren, Jon Enbeita, Jon Lopategi eta Xabier Amurizarekin. Prestatutako bertsoak ziren, baina ez zen gutxi 400 ikusleren aurrean kantatzea. Etxebarriak gogoratzen du saio horretan bota zuela bere lehen jendaurreko bertsoa: “Prestatutako agur bat zen. -Aia zuen errima, eta hirugarren puntuan blokeatuta geratu nintzen. Lopategik ondotik ahopeka bota zidan “Bizkaia, Bizkaia!” eta zelan edo halan borobildu nuen bertsoak hark esandako errimarekin”.
Hirugarren plaza Uribarriko auzoan egin zuten, poteo euskaldunean.
UEU. BERTSOLARITZA KARRERA
1980ko Udako Euskal Unibertsitatean Santutxuko bertso eskolako kideek euren ordura arteko karreran beste urrats bat eman zuten. Gauez edozein txokotan aritzen ziren bertsotan, egunez ikasitakoak hitz neurtuz zirikatzen. Antolatzaileek saio bat egitea proposatu zieten eta Antton Olariagak “bertso saio amateurra” iragartzen zuen afixa egin zuen. Aretoa jendez lepo zela, Santutxuko esperientziaren berri eman zuten, eta bertsoa egiteko oinarrizko zenbait azalpen ere bai. Ondoren bat-bateko saioa osatu zuten, eta eman zuen gerora ere zer esanik, Zeruko ARGIAn Joxerra Etxebarria galtza motzetan kantari atera baitzen. Etxebarriak ez zuen atzera egin: “Errespeto falta zela idatzi zuen norbaitek… A bai? Ba hurrengo urteko UEUn beste bertso saio bat egin genuen, ordukoan mozorrotuta”. Etxebarria pirataz jantzita aritu zen “Zergatik ez genuen horrela egingo bertsotan? Gainera guk maite genuen, lan bat egiten ari ginen bertsoaren alde”.
1981ean, beraz, saio mozorrotua eta 1982an jada bertsolaritza ikasgai bihurtu zen. Handik datoz gaur egun arte UEUn egin diren bertsoaren inguruko hitzaldi, saio esperimental eta gainerakoak.
1982, EUSKAL HERRIKO TXAPELKETAN
Euskaltzaindiak antolatutako txapelketan parte hartu zuten Santutxuko bertso eskolako 10 bat ikaslek. Etxebarriak kontatzen duenez: “Heldutan bertsotan hasi ginenontzat txapelketan ateratzea bakarrik gauza handia zen. Eta gure harridurarako, lehen sailkapena 4k pasatu genuen”! Koldo Tapia, Jon Aurre, eta Joxerra Etxebarriak egin zuten aurrera, hurrengo faseraino.
Bertso eskolatik ateratako bertsolariek parte hartu zuten lehen txapelketa izan zen, eta Etxebarriaren hitzetan: “Horrek erakutsi zuen eskolak funtzionatu egiten zuela, eta guretzat hori izan zen garrantzitsuena”.
BIZKAIKO LEHEN BERTSOLARI ELKARTEA
Bizkaiko Bertsolari Ikasleen Elkartea (BBIE) sortu zuten, juridikoki legeztatua. Gobernu zibilak gauza asko debekatzen zituen garaian, saio mordoxka antolatzeko aukera izan zuten, izaera juridikoari esker. Bizkaiko Bertsozale Elkartea sortu zenean desagertu.
1987, ERRELEBOA
Unibertsitatean eta politikan burubelarri zebilen Etxebarria, eta ezin denera iritsi, bertso eskola eta publikoan kantatzeari uztea erabaki zuen. Jose Ramon Bilbaok hartu zuen lekukoa, eta oraindik indartsu jarraitzen du Santutxuko bertso eskolak, 1979tik hasi bezala, ostegunero iluntzeko 20:00etan biltzen.
© 2007 Sareko Argia