1983ko udaberrian udaletxeko Euskara Zerbitzuak helduentzako bertso ikastaroa antolatu zuen. Larunbat goizetan bildu ziren, Mikel Mendizabal irakasle zutela. Mendizabalek animatu zituen bertso eskola sortzera, eta hurrengo ikasturtean martxan jarri zuten Oñatiko bertso eskola.
Sortzaileak jose Mari Agirrebengoa (kultur arduraduna udaletxean), Isidro eta Xabier San Migel anaiak (Eskoriatzako Apotzaga auzokoak, Oñatin bizi zirenak), Benito Barrena eta Emilio Urzelai izan ziren. Ordurako martxan zeuden bertso eskoletatik ikasi nahian, Leinzko bertso eskolarekin harremanetan jarri ziren, euren esperientzia ezagutu eta zer urrats eman jakiteko.
Bi ataletan banatu zuten lana: Batetik, herriko ikastetxean haurrekin bertso zaharrak kantatzen zituzten, eta bestetik, nahi zutenei eskola orduz kanpo bertso eskola eman. Lehen urtean, 60 haur aritu ziren.
Jose Mari Agirrebengoa aritu zen irakasle hasi berriekin, eta Xabier eta Isidro San Migel, Benito Barrena eta Emilio Urzelai bat-batekoekin.
Lehen ikasleak hauek izan ziren, besteak beste: Iosu Igartua, Iker Agirre, Lander Diaz de Gereñu, Joseba Lasagabaster, Egoitz Aizpuru, Iñaki Olalde eta Joseba Agirre.
1994-1995 ikasturtean hartu zieten euren ikasle izandakoek erreleboa: baina hasieran aurreko maisuekin eman zituzten klaseak, ikasteko.
© 2007 Sareko Argia