XABIER AMURIZAREN IKASTAROA OINARRI
Nafarroan eskola orduz kanpoko bertso eskolak beranduago sortu baziren ere, hasieratik landu zen herri batzuetako ikastetxeetan. Lontxo Aburuza (Bidanian jaioa, Gipuzkoa) izan zen ekimen horren bultzatzaile. Ordura arte langile mugimenduan burubelarri ari zela, jakinmina piztu zion Eusko Ikaskuntzak antolatutako bertsolaritzari buruzko ikastaroak. Xabier Amurizak eman zuen ikastaro hau Iruñean eta bertsoaren tripak deskubritu zituen bertan.
Ondoren, Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartean jarraitu zuen bertsozaletasuna lantzen, eta ikastetxeetan bertsolaritza irakastearen garrantziaz jabetu ziren.
IKASTETXEEI PROPOSAMENA
Euskaraz irakasten zen ikastetxeetan, OHOko 5. mailatik gorako ikasleei bertsolaritzari buruzko jakintza orokorra eskaintzea hartu zuten helburu. Baina horretarako jakin beharra zegoen zein zen ikastetxeen jarrera. 25 ikastetxetara bidali zuten galdetegia, Nafarroako Gobernuaren, Nafarroako Ikastolen Federazioaren eta "Nafarroako Bertsolarien Lagunak" elkartearen sinadurapean. Horrela kontatzen du Lontxo Aburuzak Nafarroako Bertsolaritza liburuan: "Elkarteak bultzatuko zuen asmoa, baina sarrerazi behar genituen euskarazko irakaskuntzan zebiltzan bi aldeak: ikastolak batetik, eta eskola publikoak, bestetik. Bestera erranda, Ikastolen Elkartea eta Nafarroako Gobernua". Nafarroako Gobernuaren sinadura erraz lortu omen zuten: "baietz erran zuten garbi, ados zirela, baina Kultura Sailetik eraman beharrean, Hezkuntza Sailetik eraman behar zela. Orduan, irakaskuntza ez erregulatuaren arduradunarengana abiatu ginen, eta Guillermo Herrerok oneritzia eman zion proposamenari, eta segituan komenioa sinatu zen".
Ikastetxe denek erantzun baikorra eman zioten galdetegiari, eta lau herri euskaldun hautatu zituzten klaseak ematen hasteko: Goizueta, Lesaka, Bera eta Leitza, eta baita erdaldun bat ere, Lizarra. Lontxo Aburuza aritu zen irakasle hauetan.
HERRIETAKO BERTSO ESKOLAK
1991n sortu zen Bortzirietako bertso eskola (Lesaka, Arantza, Igantzi, Etxalar eta Berako jendea elkartuz). Manolo Arozena eta Bittor Elizagoien bertsolariak izan zituzten maisu bertako gazteek.
Goizuetan, garai beretsuan, Joxe Manuel Oiartzabalek ekin zion bertso eskolari.
Leitza, Arbizu eta Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartean ere sortu ziren bertso eskolak, eta Manu Gomez bertsolaria aritu zen bertan irakasle.
© 2007 Sareko Argia