1981. urtean sortu zen Mungiako bertso eskola. Ordura arte Santutxuko bertso eskolan batzen zen zenbait jende bere inguru naturalera itzuli, eta Algorta eta Mungiako bertso eskolak sortu ziren. 1987. urtera arte talde finkoa elkartu zen Mungian: Karlos Ibarzabal, Bernardo Mandaluniz, Iñaki Sarriugarte eta Patxi Aranburu. Inguruko saioetan ere kantatu egiten zuten.
90EKO HAMARKADA: BEHERALDIA ETA BERRINDARTZEA
1990ean ordura arte biltzen zen taldea desegin egin zen, kide bakoitzak nahikoa lan egiten baitzuen, baita bertsolaritzan ere: Mandaluniz gai jartzen aritzen zen, Ibarzabalek irratsaioa zuen, eta tarteka biltzen ziren bertso arloko gaiak jorratzeko. Baina ez zen bertso eskolarik.
1992an Jon Lopategi (1994 arte) eta Asier Legarreta hasi ziren irakasle. Oraingo talde honen ezaugarria zera zen, kide denak gaztetxoak zirela.
1997an Taket Bertsolaritza Alkartea sortu zen, Mungiako bertsolari handienaren omenez. Taldeak bi taldeak batuko zituen: hasierako bertsozale taldea eta bertso eskola berria. Egun bertso eskola Taket taldearen zati da.
© 2007 Sareko Argia