Patxi Goikoleak Leintz baila horrela definitzen du: “Teknologi eta burdina kontuez asko genekien, baina bertsolari mundua oso ezezaguna zen bailara honetan”.
Bailarako bertsolariak ere bakanak ziren: Joxemari Errota esaten ziotena bat, euren Osina baserria errota zelako. Beste bat Aita Demetrio Garmendia frailea. Apotzagan ere, auzo txiki bat izateko lau anai bertsolari daude, San Migel anaiak, eta Jose Ramon Beitia “Txarrualde”. Igandetan tabernetan bertsotan egiten zutela kontatzen du Goikoleak: “San Migel zaharrena eta Txarrualderen igandetako festa izaten zen irten etxetik, meriendatzeko txuleta eder bana jan, eta gero tabernaz taberna bertsotan ibili. Bolada bat izan zuten oso popularrak izan zirenak. Jendea inguratu egiten zen eurengana. Arrasaten ibiltzen ziren arratsalde batez, hurrengo Eskoriatzan, hurrengo Aretxabaletan... txandaka”. Baina Xanti Iparragirre errenteriarra Arrasatera etorri arte beste bertsozalerik ez omen du gogoratzen.
Xanti Iparragirrek, berriz, Francoren azken urteetan bertsozaletasuna ahul zegoenaren adibidea kontatua du Bertsolari aldizkarian (30.zenbakia): “Herrian bertso jaialdi bat antolatu behar zutela eta, ni enkargatu nintzen bertsolariei esateko. Hitz egin nuen beraiekin, eta zortzi egun falta zirela antolatzaileak etorri zitzaizkidan, herrian jendea ez zela batere mugitzen, ez zegoela berotasunik bertsolariak entzuteko, ez zela inor bilduko eta ez zela posible jaialdia egitea. Zortzi egun falta zirela berriz, Uztapideri deika ez etortzeko”.
Dena ez zen lehortea, ordea. Danok kultur elkartean ixileko mugimendu handia zegoen. Danok hau “Juventud deportiva Mondragon”en barruan zegoen atal bat zen. Goikoleak gogoratzen duenez: “Euskal kulturari buruzko ezkutuko lanak han egiten genituen. Deba ibarreko bertso txapelketak ere antolatu genituen”. Txapelketa horietan ere bazen zer ezkutaturik, noski: “Gogoratzen naiz txapelketarako Azpillagari deitu eta ‘hi, baina ni gobernadoreak zigortuta nak, e!’ erantzun zidala”. Hala ere, irtenbidea Azpilagak berak eman zion: “Juan Arrilaga jarriko diagu! Eta ni etorri egingo nauk”. Azpilaga, Gorrotxategi, Egileor anaiek eta Xanti Iparragirrek hartu zuten parte, besteak beste eta bi aldiz behintzat egin zuten txapelketa. Gau eskolatan euskara irakasten ere aritu zen Goikolea Danoken eta “Almenen ere guraso denak inplikatuta zeuden... Dena zegoen bero bero” gogoratzen du. Euskalzaletasuna, behintzat, gori gori zegoen.
SORRERA: 1974KO OTSAILA.
Eskoriatzako Almen ikastolan, larunbatetan ez zela eskolarik ematen-eta, irakasleek egun horretarako hainbat ekintza prestatzea nahi al zuten galdetu zieten gurasoei: eskulanak, pelota, sukaldaritza, mendi ibilerak... Xanti Iparragirre, Patxi Goikolea eta Joanito Akixuk, berriz, bertsolaritza lantzea proposatu zuten. Goikoleak kontatzen duenez: “Kooperatiban genbiltzan, eta larunbata jai egiten hasi berriak ginen”. Abel Muniategi Bizkaiko bertsolaria ere, Arrasatera etorri berri zen, kooperatibara lanera. Harengana jo zuen Goikoleak eta sorrerako bileretan lagundu zuen Muniategik.
125 ikaslek eman zuten izena, irakasleek eta gurasoek motibatuta. Lehen belaunaldiko kideak dira, besteak beste: Jon Sarasua, Aitor Sarasua, Xabier Sarasua, Jon Iñaki Izarzelaia, Arantzazu Loidi, Danel Goikolea, Felix Iñurrategi, Mikel Uribetxebarria, Joseba Urkia, Agurtzane Mujika eta Gabilondo anaiak.
Lehen egunean gurasoek hitz bat bakarra esan zietela du gogoan: Kontuz ibiltzeko, politikarik eta ez sartzeko... “Eskerrak ez zekiela gure berri” egiten du barre Iparragirrek. Goikoleak jarraitzen duenez: “Politikazko bertsoak irakasten genizkien, baina disimuluz. Iparragirrek politak jarri zituen, Segobiako ihesaz”.
METODOLOGIA: ARRAKASTAREN KLABEAK
Hasieran Bertsozaleak egitea zen helburua, ez bertsolariak. Eta bertso zaharrak ikastea izan zen lehen urratsa, almazena ondo betetzeko. Baina bertso zaharrekin batera, jendaurreko saioetan kantatzeko bertsoak jartzen zituzten, ikasleentzat propio. Aktualitateari edo kantatuko zuten plazari zegozkien gaien inguruko bertsoak ziren, ofizioka edo bakarka kantatzeko. Iparragirre zen bertso hauek prestatzen zituena. “Nik eta Akixuk ere egiten genituen batzuk, baina gehiago kostatzen zitzaigun. Xantirenak onak ziren, hura zen bertsolaria. Gu zaleak ginen, baina ez ginen maila horretara iristen” aitortzen du Goikoleak. Andres Gabilondo Elosukoak ere prestatzen zituen bertsoak: “Esaten nion, Andres, prestatu hurrengo asterako sei bertso, 3 eta 3, A jarriko dugu katua eta B kaiolan dagoen txoria. ‘Nire kontu!’ erantzuten zidan. Eta erraz egiten zituen”.
Eta plazako bapateko bertsoak ere ikasten zituzten buruz, asko gainera. Plazara bertara eramaten zituzten askotan ikasleak: “Haiek entzunaz joan daitezen ohituaz nola ziren bertsolariak...”. Edo plazako bertsoak papereratuta eramaten zizkieten klasera: “Saio bat entzutera joatean beti eramaten nuen grabagailua eta bertso onenak transkribatu, idazmakinaz pasa eta hurrengo astean klasean kantarazten genizkien. Lasarteri omenaldia egin ziotenean Leitzan, izugarri bertso onak bota zituen. Leitzan igandean bertsoak bota, astelehenean nik eraman paperean, eta ‘datorren larunbaterako hauek ikasi’ agindu genien. Egunean bertan hiru bertsoak ikasita geratu ziren”. Amurizak kartzelatik irten berritan Durangon egin zuen jaialdia ere gogoan du Goikoleak: “Juanito Akixu eta biok joan ginen. Guretzako nobedadea zen, sekula entzun gabe geunden Amuriza. ‘Aita izena’ doinu berrian kantatu zituenak, nolako bertsoak! Kopiatu, klasera eraman eta ikasi egin genituen”.
Iparragirre oso pedagogo ona dela diote klasean ezagutu zutenek. Berak ez zuen eskolara joaterik izan, eta Txirritaren bertso liburuarekin ikasi zuen irakurtzen: “hura izan zen nire eskola” dio. Baina irakasle on baten oinarrizko jarrera du: “Ez jakinean hasi ginen, eta ikasi genuen apurra haurrei entzunaz ikasi genuen: Zer jaso zezaketen eta zer ez, zer entzun nahi zuten eta zer ez... Umeei gustatzen zaizkie entzun ahala ulertzen diren bertsoak, bertso sakonak ez, eta bizitasuna duten bertsoak. Haurrekin esku berezia behar da, haurren neurrira ibiltzen jakin behar da”.
Ehundik gora hasi baziren ere, selekzio naturalak taldea gutxitzen duela diote hiru maisuek. Hilabete batzuen buruan batzuek aspertuta utzi egin zuten eta 40 inguru geratu ziren. Aurrerago ere taldea nola murrizten den kontatzen du Akixuk, batez ere nesken kasuan: “Adin batetik aurrera, plazaratzea datorrenean, egiten dute atzera batez ere neskek, eta mutil batzuek ere bai. Ikusten dutenean ez direla apartekoak, badirela hobeto egiten dutenak, askok atzera egiten dute. Taldea murriztu berez egiten da orduan”. Iparragirrek nesken kasuan zailtasun handiagoak zeudela dio: “Garai hartan neskak bertsotan aritzea arraroa ere bazen, ez zen neskarik ikusten plazan kantuan”.
Talde handian hasi eta 3 bat urterako jabetu ziren ikasle batzuek eman ahala ikasten zutela. 10 ikasle inguru bereizi zituzten eta bertsolariak ateratzeko saiakera bat egitea pentsatu. Goikoleak kontatzen du nola kooperatibako esperientzia aplikatu zuen bertso eskolan: “Orduan enpresetan planak egiten ziren, epe laburrera eta epe luzera. Guk ere antzerako zerbait egin behar eta, epe luzerako jarri genituen 10 urte. Eta egin genuen plan bat, 78-88 urteetarako izango zena. 10 urteren barruan bertsolaririk ateratzen ez bagenuen frakasoa zen eta bestela, bada aurrera”. Goikoleak kooperatiban kalitate sailan egiten zuen lan, eta bertso eskolan ere bera arduratu zen egiten zuten dena artxibatu eta koordinatzeaz.
Eta talde txikiago honekin ostiral iluntzen biltzen hasi ziren. Hasieran Iparragirreren tabernan, eta ondoren Apotzagako Auzo-Etxe elkartean. Afalostean, 20:00ak aldera eramaten zituzten kotxez. Lehenik pilotan egiten zuten, eta berotzean jarri mahaian, atera sagardoa eta tortila batzuk eta bertsotan hasi. Goikoleak argi du zein den metodorik onena: “Inportanteena ekipoa da. Eurak beti bat eginda ibili daitezela. Afaria dela edo bestea dela, beti elkarrekin. Elkarren pozera gehiago ikasten da, ‘honek hori esateko zer egin du?’ aztertzen dute”. Akixu zen maisuetan espezialista giroa jartzen: “Gu koadrilan etorri eta pilota zela, afaria zela, oso giro ona sortzen zen, eta hori zaindu egin behar da. Hori ez badaukazu, gaitza da”. Gaur ere oraindik, orduan ibilitako ikasleak 15 egunero edo elkartu egiten omen dira, eta hori da Goikolearentzat frogarik argiena. Akixuk kontatzen duen istorioan, giroak ikastera nola bultzatzen duen ondoriozta dezakegu: “Nik arbelean bertsoa idatzi eta ikasle denak atzetik barrez hasten ziren. ‘Zeini egiten diozue barre?’ eta haiek ‘hasi’ h-rekin hasten zela, ‘hezi’ z-rekin zela... beti horrela. A bai? Mekauen dio, 300 orduko ikastaro batera apuntatu nintzen, euskaraz ondo idazten ikasteko”.
Apotzaga auzoko giroa ere oso zen bertsozalea. Bertsolari belaunaldi oso bat zegoen, heldua, taberna giroan aritzen zena: Jabier San Migel, Isidro San Migel, Jose Luis San Migel, Anjel San Migel, Julian Oianguren, Felix Oianguren “Zubizte”, Kepa Urain, Jose Ramon Beitia “Txarrualde”, Maximo Letona eta Iñaki Plazaola. Bertsolari hauek ikasle gaztetxoekin teman aritzen ziren, eta 1980tik aurrera, hainbat urtez Apotzagako Txapelketa ere egin zen, zaharren eta gazteen arteko desafioa. Baina urteak aurrera joan ahala, apotzagarrei txapelketarako bakarrik prestatzea gero eta gehiago kostatzen zitzaien, eta gaztetxoek aise xamar irabazten zutenez, egiteari utzi zioten.
Bat batean egiten ikasteko, puntuak, lau oinak eta gaiak ematen zizkieten ikasleei. Baina metodologian aurrerapen handia jaso zuten: Garai hartan bertan lortu zituzten Amurizaren apunteak, kartzelatik atera berria zela. Eta Abel Muniategik eman zien laguntza ere asko eskertzen du Goikoleak: “Bertsolaritza nola eman azaltzeko idazlan bat eman zigun: oso laburra zen baina zehatza, garai hartarako hura zen nobedadea! Etena zer zen, eta abar, guk orduan arrastorik ere ez! Teoria ari zen garatzen poliki poliki”. Lan harekin eta Hiztegi Errimatuarekin txoratzen geratu zinen: “Errima Hiztegiarekin hasi eta lau oinak errepikatu eta errepikatu, bereahala hasi ziren bertsotan!”. Pauso batek bestea zekarren, ordea: “Eta hauekin guk bakarrik moldatu behar dugu? Zer egin behar dugu, motibazio bat behar dute!” izan zen irakasleek sentitu zuten beharra. Herriz herri egindako saioek eta Eskolarteko Txapelketak ase zuen behar hori.
PLAZARATZEA: HERRIETAKO SAIOAK
Buruz ikasitako bertsoekin jendaurrean saioak egiten hasi ziren, herriz herri, “plazagizon egiteko”, Goikolearen hitzetan. Kantakera, jendaurreko jarrera ere lantzen zuten klasean, mikroa bailitzan erratz kertena jarriz: “Plazan nola egon irakasten ari ginen, horrela, plazara irtetean bazekiten zer egin behar zuten, patxada pixka batekin irteten zuten”. Berriatua, Oiartzun, Hondarribi, Markina, Errenteria, Mendexan aritu ziren, besteak beste. Bat-bateko planta oso ondo egiten omen zuten, pentsatzeko denbora hartuz eta gora begirako keinuekin, eta jendea harrituta uzten omen zuten.
Aretxabaletan Xalbadorri kantatu ziotenekoa da gogoan duten istorio politenetako bat. Hil zen urte berean kantatu zuen Xalbadorrek Aretxabaletan, Xalbador, Mattin, Lazkano, Agirre, Lasarte eta Lopategirekin. Bertsolarien aurretik Almengo ikasle talde osoak kantatu zuen, 20 gaztetxo edo izango ziren. Hiru sail kantatu zituzten, azkena, Inozentzio Oleak Xalbadorri jarritako bertsoetatik hiru. Xalbador negarrez aritu omen zen atzetik begira, eta saioaren ostean afaldu ere ez omen zuen egin. Hona hiru bertso haietako bat, “Maite bat maitatzen det” doinuan.
Hatoz hatoz Xalbador
ez izan kezkik,
gu ez gaitu nekatzen
zenbait eguzkik
bihotzez gabiltz,
hain sarritan gurekin bazenbiltz
ezer nahiago
nahiko ez genuke
ziur nago
sinistu zazu,
gure maite kuttuna zera zu (bis)
Ikasleak kozkortzen joan ahala, eurei deitzen zieten zuzenean herrietatik kantatzera joateko. Eta lehen festak ere ezagutu zituzten. Goikoleak kontatzen duenez, “San Isidrotan Musakolara joaten ginen, festetara, gaztetxoak hartuta, bertsolariak entzutera. Rikardo Gonzalez de Durana gasteiztarra etortzen zen orduan, eta berak ere laguntzen zigun kotxez mugitzen. Behin Rikardo joan da hiru gaztetxo hartuta. Goizeko 3:00ak aldera edo, telefonoa gure etxean: ama bat zen ‘zu, gure neskatila ez da etorri eta...’, ‘lasai, leku honean daude, eta gaur ez ezaiozu hasarrerik egin, e, gaur extra da, eta laster joango dira etxera’ erantzun nik. Horrelakoak zenbat? Bat baino gehiago!”.
Irteerak ere egiten zituzten, Aiako Laurgainera, Donostiara txapelketa ikustera, Uztapide bixitatzera, Mattin bixitatzera...
IKASTOLETAN LANTZEKO
Eskolan bertsolaritza landu behar zela argi zuen Goikoleak, gure kultura eta poesiaren zati den heinean. Abel Muniategiri proposatu zionean, “Goazak ikastolen federaziora” esanda jarri ziren martxan. Elgoibarren egin zuten bilera Ikastolen Elkartekoekin. Euren planteamendua azaldu eta interesgarria zela erantzun zieten arren, giro hotza du gogoan Goikoleak: “denak ixilik geratu ziren”. 15 egunera berriro elkartzekotan geratu ziren. Itzuleran ez zihoan lasai Goikolea, eta Muniategiri esan zion: “Ez dugu ondo azaldu, edo ez dakit, zer hotz bilatu dudan! Derrotatuta nator!”. Muniategik zuhur erantzun zion: “Itxoin, itxoin, horrek heltzeko denbora behar du”. 15 egunera bigarren bileran batu, eta a zer poza Goikolearena bertsolaritzako ordezkaritza handiarekin topo egin zuenean: Paulo Agirre, Xabier Amuriza, Imanol Lazkano, Anjel Ugarteburu eta Joanito Dorronsoro. “Imanol Murua zegoen garai hartan Gipuzkoako Foru Aldundian, eta hark ere norbait bidali zuen bilerara. Han sortu zen Eskolarteko Bertsolari Txapelketa egiteko ideia”.
ESKOLARTEKO TXAPELKETAK
1981eko maiatzean jokatu zen lehen eskolarteko txapelketa. Patxi Goikoleak parte-hartze ikaragarriak sortutako anabasa du gogoan: “40 haurrek eman zuten izena bat-batean egiteko. Hura zen desastrea. Batzuek inoiz kantatu gabekoak hura apuntatu da? Ni ere bai!’. Sekula bertso bat bota gabeak ere baziren parte hartzaileen artean, eta Almenekoek, berriz, ordurako sei urte zeramatzaten bertso eskolan. Gainera, txapelketak motibatuta 4 hilabete lehenago umeek serio hartu zutela du gogoan Goikoleak, eta sarriago biltzen zirela prestatzeko. Jendaurrean ere buruz ikasitako bertsoekin saioak eginda zeuden, bazekiten nola jarri publikoaren aurrean.
Txapelketa hartako egoera xelebreak gogoan ditu Goikoleak: “Gure bat jartzen zuten behin ere egin gabeko batekin puntuka, eta gureak puntua jarri eta besteak beste errima batekin erantzun... Gureak zer egin behar zuen? Haren errimarekin jarraitu...”.
Bistan zena, ia sari guztiak Almenek eraman zituen. Orduko titularretan “Amurizaren eskola dutenak” eta antzerakoak idatzi omen ziren.
Baina bigarren urterako etorri zela buelta kontatzen du Goikoleak: “Zumaiakoak askoz hobeto aritu ziren. Euzkitzek ere lehen urtean ez zuen ezer egin, normala, baina bigarren urtean jada nahiko ongi eta berak atera zuen txapela”.
Eskolartekotan lagun egin zinen Zumaiakoekin, Azpeitikoekin, Hernanikoekin... “Talde handi baten sentsazioa genuen, harremana ere bageneukan...” gogoratzen du Goikoleak.
IPARRAGIRRE GABE
Urte hartan bertan, 81ean, ETAren armategi bat aurkitu zuten Xanti Iparragirreren baserrian. Sendi osoa atxiloturik eraman zuten eta Iparragirrek ihes egin zuen Iparraldera, 47 urte zituela. Baina Eskolarteko lehen txapelketa jarraitu ahal izan zuen irratiz. Apotzagako txapelketa ere elkarte kanpotik entzun omen zuen. “Denek alde egin zutenean barrura sartu nintzen, giltza baneukan eta, ea han zer jango. Ez zuten asko utzi!” kontatua du Bertsolari aldizkarian (30. zenbakia). Ikasleekin gutun bidezko harremana gorde zuen, nola ez, bertsozko gutunak ziren maisuari bidali eta honek erantzuten zituenak.
Akixuk kontatzen duenez: “Iparragirrek alde egin zuenean ahalegin denak egin genituen aurrera jarraitzeko, nahiz eta bere falta sumatu. Hirurok ginen zaleak, baina bertso kontuan gidaririk onena Iparragirre zen. Berak zekien inork baino hobe nondik joan behar genuen. Gainera Iparraldera joaten ginen eta harremana beti gorde genuen”.
Xanti Iparragirrek Iparraldean bertsolaritza irakasten jarraitu zuen, hainbat ikastoletan abiarazi zituen bertso eskoletan.
BIGARREN BELAUNALDIA
Patxi Goikoleak landu zuen bigarren belaunaldian, denak neskak izan ziren: Amaia Agiriano, Agurtzane Iñurrategi, Arantzazu Fernandez de Arroiabe, Saioa Arando, Leire Basauri, Ainhoa Agirreazaldegi, Maider Osa, Larraitz Iparragirre, Maier Velez, Naiara Olabarria... Baina gehienek, unibertsitatera iritsi ahala utzi zuten bertsoa.
ERRELEBOA
Puntu hau da ondo lotu gabe ikusten dutena hiru maisuek. Akixuk kontatzen duenez: “Guk lagundu genien ikasleei habiatik atera arte, edo euren kasa ibili arte. Eta ahalegina egin genuen pixka bat eurek har zezaten erreleboa, baina bat alde batera joan dela eta bestea bestera... Ez da erraza, horrek bestelako jarraipen bat behar du, bestela desegin egiten da. Gure kasuan behintzat horrela izan da”. Goikoleak argi du gakoa: “Ez bada talderik osatzen, bakarrik ezin da jarraitu. Kritikoegia izango naiz beharbada, baina Almenen joan den urtetan oso lan gutxi egin da taldea sortzen. Lehen belaunaldiaren inguruan badago bertsozale taldetxo bat. Baina hortik beherakoetan, nik uste dut hoztu egin dela gauza”.
© 2007 Sareko Argia