Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Hernaniko bertso eskola - Bertso Eskolak

Herriak

Hernaniko bertso eskola

GERRAOSTEA: ETXEAN TRANSMITITU ZEN BERTSOZALETASUNA

Ereñotzu auzoko Latxe baserrian jaio zen 1860an Jose Manuel Lujanbio Txirrita bertsolari handia. 1936an hil zen, gerra hastear zela, bertsolarien Txapela jantzita, eta Hernanik geroztik ikur duen jenioa galdu zuen.

Franco garaian abertzaletasunak, euskarak eta bertsoak kontu handiz agertu behar izaten zuten jendaurrean. Antton Garin bertsolariak gogoratzen du nola “beti bi Guardia Zibil egoten ziren bertso saioak entzuten, ezer ulertzen ez bazuten ere”. 1945 urte inguruan Paulo Zubiarrain, Hernani Txikia zen Hernaniko bertsolari ia bakarra, baina ez nolanahikoa, Txirritarekin umetan kantatutakoa eta Uztapiderekin eta gainerako bertsolari handiekin makina bat saio egindakoa baitzen. Hernaniko Fernando Iturraldek laguntzen zion herriko festetako saioetan, baina gainerako bertsolariak beti kanpokoak izaten ziren, herrikoen faltan.

Bertsolaritzak herritarren oroimenean sendo iraun zuen urte hauetan. Julian Aterpe bertsolaria da memori aberatseko belaunaldi horren ereduetako bat. Berak kontatzen duenez, “Santa Jenobebarenak izan ziren buruz ikasi nituen lehenengoak, 9-10 urterekin. 1.000 bertso inguru ikasiko nituen buruz nire bizitzan, gehienak liburuetatik”. Hernanin bertsolaritza sustatzen lan handia egindako Juanjo Uriak ere, Txirrita ia bertatik bertara bezala bizi izan zuela kontatzen du, bere aitona Juan Joxe Zubiarrainek haren bertso eta istorio denak erakutsi baitzizkion “Gure aitonak bertsotan ez zuen apenas egiten, ez zen bapatean ausartzen. Baina oso kontalari ona zen, eta Txirritaren bizitza ikaragarri ondo ezagutzen zuen, hargina zelako, haren laguna eta lanean leku askotan egokitutakoa. Paulo Ttikiaren lagun handia ere bazen”. Juan Joxe Zubiarrain Txirritarekin bizi izandakoa izaki, Antonio Zabalak Txirritari buruz ateratako liburuari ere zuzenketak egiten omen zizkion. Uriak liburua erosi eta aitonari kantatzen zionean, hark: “Ez, bertso hori ez dago ondo, Txirritak kantatzen zuen nik esaten dudan bezala!”. Aterpek ere, bere aitaginarreba zuen Juan Joxe Zubiarraini behin baino gehiagotan entzun omen zion Txirritaren filosofia “lan asko ez dek earra, eta gutxi’re ez dek-ba earra, hobena batez!”. Bertsolari handiaren bertso eta istorio horretatik piztu zitzaion Uriari bertsozaletasuna: “asko gustatzen zitzaidan Txirritak zer gauza esaten zituen, haren kutsu politikoko bertso batzuk entzun, eta kontrakoak, zirikakoak entzun, eta harrituta geratzen nintzen, nola zen posible hain lerro gutxitan hainbeste gauza esatea”. Antton Garin bertsolariak ere etxetik jaso zuen bertsotarako “bedeinkapena”: bere aitonak egiten zuen bertsotan, eta aitonaren aitak, berriz, ikaragarri: Olegario Garin berbera zen, Pello Errotarekin eta Txirritarekin aritutakoa.

FRANCO HIL ZEN, ETA SAIOAK BERPIZTU

Santa Agedako errondak Hernaniko bertsozaletasuna mugiarazteko garrantzi handia izan zuen garai hartan: Tturko eta Mikel Arozamena aritzen ziren bertsotan errondan eta ondoren Euxebio Igartzabal aritu zen, 7 urte baino gehiagoz. Antton Garinek aitortzen duenez, “lan handia egin zuen Igartzabalek. Aterpek eta biok haren ondoan kopla kantatzen genuen, eta bertsoa berak”. Pixkanaka herriko biek mikroari beldurra galdu zioten eta bertso osoak kantatzen hasi ziren. Hala, handik urte batzutara Igartzabalek txanda ematea erabaki zuen, “Hernaniko lanak egiteko biak nahiko zirela eta”. Garinek argi du bertsolaria kalea ateratzea zein garrantzizkoa den: “Mikrofonoari beldurra kendu behar zaio, eta gainera kaleak asko irekitzen du pertsona”. 1975-76an hasi ziren Aterpe eta Garin Santa Agedako errondan, eta Aterpe 1992 arte ibili zen, 15 urtez beraz. Oso oroimen ona du: “Zinkoenean urte osoan izaten zuten ardorik onena orduan ateratzen ziguten”.

            Urteko beste zita jakinak Hernaniko ia auzo denetan egiten ziren festak ziren, eta euskal kutsua emateko herrikiroletan eta bertsotan arituko zen koadrila elkartu zen: Aizkoran Larrabide eta Arkaizpe, harri-jasotzen Kinito eta Pakito, bertsotan Argiñarena, Joxe Anjel Tapia, Xanxanategi, Otsua, Aterpe eta Garin... Joxe Mari Arrieta aritzen zen hauei gaiak jartzen, normalean. “Festetako eguerdia guk betetzen genuen” gogoratzen du Garinek. Herriko festa denak pasatzen zituzten: Santa Barbarako San Inaziotan 1978an kantatu zuten lehen aldiz Aterpek eta Garinek, Antziola, Portu, Karabelen behin ere bai, Florida, Elkano, Zikuñaga... Anatx gaztea ere 17-18 urterekin gehitu zitzaion aurreko belaunaldiari erronda eta festetan. Ereñotzun eta Txintxuanean, aldiz, bertsolari onak izaten ziren: Lazkao Txiki eta Manuel Lasarte... Baina Aterpek kontatzen duenez, “Guk ere noizbehinka kantatzen genuen zerbait haiekin. Joxe Mari Arrietaren ezkontzan, esaterako, Joxe Agirre eta Manuel Lasarterekin kantatu genuen”. Juanjo Uriak ere, orain Hernaniko saioetan herriko zenbat bertsolarik kantatzen duten ikusita, orduko egoera erabat desberdina zela gogorarazten du: “Pentsatzen genuen Hernanin bertso saioak egiteko beti kanpoko bertsolariekin aritu beharko genuela. Aterpek eta Garinek bete zuten ondorengo belaunaldia etorri arteko hutsunea”.

            Hernaniko 2 txapelketa ere egin ziren, bertsozaletasuna mugitzeko. 1979ko azaroaren 3an jokatu zen lehena, Elurtxori elkartean. Antton Garin, Julian Aterpe, Xanxanategi, Tapia, Marraka (“berezkoa handia zuen, eta oso ahots ona”, Aterperen hitzetan) aritu ziren kantuan, Joxe Fermin Argiñarena gai-jartzen eta Joxemiel Argiñarena, Juanjo Uria, Iñaki Aranzadi apaiza eta Bixente Zubiria epaile. Aterpe izan zen Hernaniko lehen txapelduna. Bigarren txapelketa, berriz, 1980an jokatu zen Peña Otaño elkartean, eta Argiñarenak irabazi zuen. Urte berean, Usurbilen kontrako desafioa jokatu zuen Hernanik. Galarretan izan zen saioa, eta 1.000tik gora entzulek frontoia bete zuten. Gai-jartzen Joxe Mari Iriondo aritu zen eta Hernani defendatzen: Aterpe, Olano, Garin, Tapia eta Argiñarena bertsolariak. Usurbilen izenean Antton Aranburu, Lertxundi, Aiaola, Pana eta Oiloki aritu ziren eta Usurbilek irabazi zuen.

            Hortik kanpo, Zinkoenea zen bertsozaleen elkargune garrantzitsuena. Aterpek famatzen duenez: “Zinkoeneako Inazio, tabernako aitonak berak ere poliki egiten zuen bertsotan”. Garinek gogoan du nola “Zinkoenean balkoitik balkoira aritzen zen Azpeiti deitzen zitzaion bertsolari bat, lehen pisuan bizitzen zena, eta Carrocerias Hernani gaineko terrazatik besteak erantzuten zion”. Garai hartako bertso giroa tabernari eta festari lotua zegoela berresten du Anatx bertsolariak ere: “15-16 urte nituen nik eta tabernan bertsotan hasi eta meriendatuz, jende asko izaten zen entzuten atzetik. Ostegunetan Xamalbide etortzen zen azokara eta Zinkoenean eta Juxton aritzen ginen bertsotan. Baita ere Azurmendin, Egañanean, Amerikanuaenean... Noiznahi aritzen ginen, iluntzetan, lanetik etorrita. Astebukaeretan leku askotatik etortzen zen jendea: Oiartzungo Xalbador Tapia, Lasarteren semea...”. Garinek ere ez ditu ahazteko ibilera haiek: “Tturkok tabernan harrapatzen bazintun gaueko 23:00etan, 2:00ak arte bertsotan aritu beharra zegoen!”.

Baina bertsoa taberna girotik prentsara eraman zuen Basarri bertsolari eta kazetariari ere bidaltzen zioten hernaniarrek bertso jarririk, Diario Vasco egunkariko “Nere bordatxotik” atalean atera zezan: Aterpek gogoan du nola Usurbilgo Panak, Joxe Mari Arrietak eta hirurek bertso paperak idatzi zituzten, elkarri erantzunez. Egunkari berean, Aterpek Hernaniko jende askori buruz ere jarri zituen sailak: Don Eusebiori, Uztargileari, Agirretxe fraileari, Eltzekondori...

1981, AMURIZAREN IKASTAROA: BERTSO MUGIMENDUAREN SORRERA

1981ean, Juanjo Uria Hernaniko alkate zela, udalak Xabier Amurizaren ikastaroa antolatu zuen. Ikastaro hura izango zen bertso eskolaren oinarria. Ez Hernanin bakarrik, Euskal Herri osoan ere garai horretan sortu ziren lehen bertso eskolak, besteak beste Amurizaren hitzaldien ondorioz.

Frankismo osteko lehen urte haiek ziren eta ez zegoen egiturarik ezertarako. Uriak gogoratzen duenez: “Kezkatuta zegoen jendeak zerbait egin nahi zuen euskara, bertso, kultura esparruan... Mugimendu horren guztiaren atal bat izan zen bertsoarena. Egin beharra zegoen zerbait, kultur eta politika mailako kezkak zeudelako. Ikastaroan ikusi zen herriko jendeak zuen nahi bat eta ilusio hori”.

Amurizak 1981eko azaroaren 11n eman zuela lehen klasea ondo gogoan du Anatxek: “erreziboa ere jasoa nuen, 2.000 pezetakoa”. Amurizak klasea astero eman zuen, bi hilabetez. Bildutako jende kopuruaz galdetuta oso zifra diferenteak jaso ditugu, baina denek gogoratzen dute Udaletxeko goiko aretoa gainezka. Oso maila, edade eta mota desberdineko jendea bildu zen, eta herrikoak ez zirenak ere bai.

Bitxia da nola ikastaro hartan egondako edonori galdetu, eta oso garbi dituzten gogoan maisu haren azalpenak, ia hitzez-hitz. Amurizak ikastaro horretan azaldu zuen teoriak bertsolaritza irauli zuen. Izan ere, berak bertsotan egiten ikasi daitekeela defendatu zuen, eta ordura arte barneratuta zegoen bertsolariak baserri girotik etortzen zirela, berezkoa zutela... Amurizak oso ondo esaten zuen: “jaio egin behar dela? Gu jaio gaituk, bentaja hori bazeukeagu!”. Bertsoa zer den horrela azaldu omen zuen, Uriak gogoratzen duenez: “Arau batzuk ditu eta horiek bete behar dira ahalik ondoen. Arauak betez esan daitezke oso zentzu gutxi duten gauzak, eta zentzu handia dutenak. Zentzu gutxi dutenak esatea errazagoa izan liteke, baina hala eginda ere jada osatu duzu bertsoa. Noski, hurrengo pausoa izan behar du onak osatzea”.

Ez pentsa ikastaro bakarrean bere teoriaz komentzitu zituenik. “Bertso eskola martxan hasita ere, bertsotan ikasi ote zitekeenaz jende askok duda handiak izan genituen urte askotan”, aitortzen du Uriak berak.

Teoria mailan bakarrik ez, ordurako bertsotan egiten zutenentzat ere erabakiorra izan zen Amurizaren ikastaroa: Anatx, esaterako, Gaimur eskolan aritu zen ikasten, eta Xabier Agirre maisuak lagunduta, jendaurreko lehen bertsoak han kantatu zizkion jubilatutako maestrari. Bere kasa jardunda ikasi zuen bertsotan, baina beretzat ere Amurizaren ikastaroa erabakiorra izan zen: “Amurizak lotsa galtzeko sistema ekarri zuen: bota arrazoia. Ez zuen errimak eta neurriak justua beharko, baina kantatuz eta erantzunaz aritu behar zen”. Aterpek ere aitortzen duenez: “Bertsotarako bidea Amurizak jarri zigun. Amurizak asko erakutsi zuen, bukaerak nola prestatu, eta bertsoaren mamia izaten zela erdiko zatia ez edozer gauzarekin eta zaborrarekin betetzea, baizik gauza justuarekin”. Garinek garbi du zertan lagundu zien lehendik aritzen ziren bertsolariei Amurizak: “Guk berez, konturatu gabe egiten genuena, berak azaldu egiten zuen nola eta zergatik”.

 Ikastaroa izan zen txispa bertsotarako giroa eta mugimendua pizteko. Horrela, Amurizaren ikastarotik etorri ziren gaur egun oraindik Hernaniko bertsolaritzaren bi zutabeak direnak: ikastoletan eta eskoletan ematen ziren bertso klaseak, eta gazteek euren kasa bilduz Udaletxean egiten zituzten asteartetako bilera edo saioak. Gaur herriko bertso eskola dago, ez ikastetxe bakoitzeko eskola bat. Eta astearteko bilerak ere oraindik bizi-bizirik dirau, Iraulio Panttalone izenarekin.

Umeei bertsotan irakatsi, eta behin ikasi dutenean jarduteko eta antolatzeko talde bat izatea formula eraginkorra dela ikusi da Hernanin. Bertso eskola falta balitz, belaunaldi berrien falta sumatuko genuke, eta Iraulio Panttalone gabe bertsotan egiten duten askok ez lukete jarraitzeko motibaziorik izango, inguruan koadrilarik eta girorik ez balute. Zer-esanik ez, bertso eskolaren eta Iraulio Panttalone taldearen arteko zubia ondo lotzea ezinbestekoa da, bertsolaritzaren transmisio zikloa betetzeko.

1982-Gaur arte. ASTEARTETAKO BILERA

Amurizaren ikastaroan bildu ziren gazteetako batzuek, ondoren ere biltzen jarraitu zuten. Udaletxean elkartzen ziren, eta goiko geletako batean sartuta aritzen ziren: Anatx, Iñaki Aranzadi apaiza, Usurbilgo Juan Mari Etxabeguren eta Nikolas eta Joxemari Izeta, Pablo Joxe Aristorena, Eizmendi, Aterpe eta Antton Garin, Otaño... Mahaiaren bueltan jarrita, txanda etortzean kantatzea zen hango legea “baina txanda pasa eta bi aldiz segida ere maiz izaten zen” kontatzen du Anatxek. Batere gairik gabe, librean aritzen ziren, eta gaiekin sariketa eta txapelketa boladan bakarrik aritzen ziren, entrenatzeko.

            Denborarekin, taldea gutxituz joan zen eta bolada handia egin zuten Aristorenak eta Anatxek bakarrik bilduz. Anatxen hitzetan, “Askotan egin ditugu 3 orduko saioak, nazkatu arte. ‘Jendea etorriko dek, hasiko dek jendea bai, eta ez diagu galdu behar’ pentsatuta eusten genion astearteroko martxari”. Eta etorri ziren, bai, belaunaldi berriak astearteko bileretara. Sorozabal eta Oiartzabal hasieran eta geroago, 1991 aldera Manu Gomez, eta gaztetxoak ziren Iñaki Zelaia, Joxe Luis Urdangarin, Unai Agirre, Jexux Mari Irazu, Aitor Mendiluze, Juanjo Usarraga, Maialen Lujanbio, Laxa... Jende asko pasa da bilera horietatik, Koldo Aldalur eta Pello Zubiria ere bai, esaterako.

            Joxe Urdangarinek ederki gogoratzen ditu mahaiaren bueltan eseri eta txanda iristean kantatu beharrak gaztetxoei ekartzen zizkien hestuasunak: “Ez zen azalpenik ematen, eta denak begira zenituenez, edozer gauza baina bota egin behar zen. Gu ohituta geunden ikastolako perfekzionismoarekin, eta iruditzen zitzaigun ez baziren 7-6 silabak ondo neurtzen eta errima asko hestutzen ez zela bertsoa; eta hor ikusten genuen bertsotan egitea ez zela hori. Hestuasun handiena zera izaten zen: 5-7 lagun izanik denbora izaten genuen bertsoa pentsatzeko, baina zure txanda iristerako gaia aldatu egiten zen, eta erabat desentonatzen zuen zure bertsoak”. Saio ostean beti tabernara joaten zirela ere gogoan du Urdangarinek: “helduei ardoa eta gaztetxoei mostoa aterata, etxera joaten ginen”. Noizean behin enbidoak ere izaten omen ziren “Sagardotegira joango al gara?”, eta momentuan erabakitzen zuten, ez ziren bi aste lehenago planifikatutako afariak izaten.

Udaletxeko saio horien artean bat bereziki du gogoan: balkoitik Joseba Tapiak trikitixa jo eta besteek “Egun da Santi Mamina” doinuan plaza osorako kantatu zutenekoa.

Lehenengo belaunaldiak (Anatx, Aristorena, Sorozabal...) utzi eta belaunaldi berriak (Urdangarin, Zelaia, Irazu, Agirre, Mendiluze...) eutsi zion astearteko bilerari. Belaunaldi hau bertso eskolatik pasatakoa zen, lehendik ere elkar ezagutzen zuten, eta talde bezala funtzionatzen hasi ziren, bertsotarako ez ezik, beste plan batzuk egiteko ere elkartuz. Horrela, 1991n taldeari izena jarri zioten. Tilosetako frontoi atzean, pilotako lokala zen hartan egiten zituzten afariak Gipuzkoako Txapelketa prestatzeko. Afari horietako baten ostean sortu zen Iraulio Panttalone izena. Eta baita bere imno edo kopla ere:

 

                                                                                               Iraulio Panttalone

hori da izena, ene!

Gure ondoan dabiltzan danak

ibil daitezela erne

 

Udaleko Euskara Batzordearen ekimenez eta Iraulio Panttalonek antolatuta, Errege Eguneko lehen bertso saioa egin zen 1992an: Anatx, Lazkao Txiki, Jon Lopategi, Jon Sarasua, Iñaki Murua eta Joxe Luis Urdangarin aritu ziren. Ordura arte Hernanin ez zen festaz kanpoko saiorik eta geroztik saio hori urtero egin izan da. Gainera, 1995etik gaur arte saio horren inguruan bertso aste bat, Bertso Lata osatu da. Horrez gain, Iraulio Panttalone koadrila, “bertso kabiya” edo taldeak hainbat modu aurkitu ditu kalea aztoratzeko: Hernaniko Txapelketa, sagardotegitan saioak, bertso antzerkiak eta bertso musikatuak, helduentzako bertso eskola...

Bertsotan bizitzeko aukera eskaintzen du Iraulio Panttalonek. Bertso eskolatik ateratzen diren gazteen biltzeko gunea da. Jada irakaslerik gabe, elkarrengandik ikasteko. Peña Otaño, Ur-Mia eta Aranoko San Roke elkarteetan biltzen dira urte osoan. Elkartetan gustura afaldu eta nahi adina kantatzen dute. Besterik gabe gozatzeko biltzen dira, momentua disfrutatzea baino hurrunagoko helbururik gabe. Horrela, bertsoa bizitza osoan lantzen dute, bertsoa astean behingo klase izatetik, afizio izatera pasatzen da, pertsona bezala garatzeko modu.

1983-1988. IKASTOLA ETA ESKOLETAKO BERTSO ESKOLAK.

Ikusi dugu Amurizaren ikastarotik nola sortu zen asteartetako bilera, egungo Iraulio Panttalone bertso kabiya. Amurizaren ikastarotik atera zen beste zutabea, ikastoletan sortu ziren bertso eskolak, ezagutuko ditugu jarraian. Urumean, Langilen, Jauregin eta Ereñotzun hasi ziren bertsolaritza lantzen, eta garai hartan oso garrantzitsua izan zen irakasle eta gurasoen lana ere.

            Urumea ikastola.

Urumean Maritxu Mariezkurrena zuzendariak ahalegin berezia egin zuen bertsolaritza lantzeko. Joxemari Gabiria izan zen lehen irakaslea lehen ikasleak Pablo Joxe Aristorena eta Jon Eizmendi, besteak beste. 4. eta 5. mailan hasten ziren Gabiriarekin bertsolaritza lantzen: bertso zaharrak kantatzen eta puntuka jartzen zituen ikasleak, beste inolako azalpenik eman gabe. Ikasle denen artean bahea pasa eta erraztasun gehiena zutenak eta euskara maila ona zutenak zirikatzen zituzten, 6., 7. eta 8. mailetan klasez kanpo egiten ziren bertso entrenamenduetara gonbidatuz: hauek asteazkenetan ikastolan geratzen ziren bazkaltzen, eta fideo zopa eta patata tortila jandakoan, Mikel Mendizabal bertsolaria etortzen zen talde honi klasea ematera. “Mikelek metodologia egituratuagoa ekartzen zuen, eta teknika lantzen genuen. Batez ere idatziz egiten genuen, oso maila desberdineko jendea biltzen ginelako” kontatzen du Joxe Luis Urdangarinek. Beranduago Manuel Beraza apaiza aritu zen klase osoari bertsolaritza ematen, euskara klasearen barruan. Bertsolaritzaren historiari eta doinuei ematen zien garrantzia handia, bertsotako kultura zabaltzeko. Don Manueli Gregorio Olasagastik hartu zion txanda. Urdangarinek kontatzen duenez, “Gregoriok asko lagundu zigun, beste ikastoletara eramaten gintuen kantatzera: gure lehen saioetakoa Adunako eskolan izan zen, bera hangoa zen-eta”. Ikastetxez-ikastetxe kantuan aritzen ziren bertsolari gaztetxoak zirkuko animaliatxoak bezala aurkezten zituztela kontatzen du: “orain ikusiko duzue, lau hitz emango dizkiegu eta bertso bat kantatuko dute! esaten zieten ikasleei”. Asteazken eguerditan biltzen ziren gazteek gero eta gehiago egiten zuten bertsotan eta aparteko laguntza behar zutela ikusita, 1986an Pablo Joxe Aristorena ikaslea jarri zuten gazteagoen irakasle Urumea ikastolan. Oarson biltzen ziren, ostiral arratsaldetan, baina klase osoa bapatean egiten zuten, lehen aldiz. Aristorenak utzi beharra izan zuenean, Eizmendik hartu zuen bere lekua. Urdangarinek aitortzen duenez: “Urumea ikastolan horrelako bultzadarik izan ez bagenu, guk ez genuen bertsotan ikasiko. Guri erraztasun guztiak ematen zizkiguten”.

            Langile ikastola.

Langile ikastolan, berriz, Juanjo Uria aritu zen irakasle, eta Anatx ere laguntzera joaten zitzaion: “Uriak bazekien umeak eramaten. Ez zen batere erraza, baziren elementu ederrak, Gorka Tolosa, adibidez, oso azkarra, geldi egon ezin duten horietakoa” dio Anatxek. Klasez kanpo ematen zuen Uriak bertsolaritza, ostiral arratsaldetan. Sorrerako urte hauetan Ixiar Otamendi, Ixiar Egiguren eta Eli Igartzabalen ekimena eta lana ere oso garrantzitsua izan zen, haurrei bertsolaritzarekiko zaletasuna bultzatzeko, bertso eskolan izena eman zezaten animatzeko... bertsolaritza klasera ere askotan joaten ziren irakasle hauek, arduratuta, jarraipena gertutik egiteko. 20-30 haur izaten ziren klase horietan, eta bigarren urtetik aurrera, idatzizko klase horren segidan, bapateko saioa egiteko 4-5 ikasle geratzen ziren, idazten erraztasuna lortu zutenak. Garai hartako ikasleak izan ziren, besteak beste, Unai Agirre eta Eñaut Agirre, Gorka Tolosa, Aitor Mendiluze, Iker Osa, Jon Iraola, Iratxe Apaolaza, Itziar Eizagirre...

Auzoak.

Auzoetako eskoletan ere bertsolaritza lantzen hasi ziren 1983 inguruan: Jauregiko eskolan irakasle aritu zen Anatx. Ereñotzun, berriz, Juanjo Uria hasi zen, eta bigarren urtean Anatxek hartu zion erreleboa. Beranduago Joxe arituko zen, 91tik 93ra. Ondoren, Ereñotzun bertsolaritza sustatzen lan handia egindako Florian Oiarbide bertso jartzailea aritu zen auzoko bertsolari gazteak ateratzen eta 2000. urte inguruan hartu zioten erreleboa Ibon Miner eta Aritz Zerainek.

 Lehen metodologia.

Garai hartan ez zegoen bertsotan irakasteko metodologiarik teorizatuta, eta liburu, zinta eta gainerakoak oso urriak ziren. Juanjo Uriak bere kasa programatu behar izan zuen urte osoa, ordurako ikastoletan bertsolaritza lantzen hasi zen Mikel Mendizabal bertsolariaren orientabideekin. Hona klaseak nola antolatzen zituen: Hasiera beti bertso kantari egiten zuen, fotokopiatutako bertso zaharrak banatuta eta lehenik doinua ikasten jardunda. Ondoren bertsolaritzaren historiari buruzko azalpen batzuk ematen zituen, garai bakoitzean zein bertsolari izan ziren nagusi, bakoitzaren ezaugarriak, bertsorik ezagunenak... Ondoren bertsoak osatzeko ariketak egiten zituzten, xinpleenetatik hasita: errima zerrendak idatzi, kopla txikiak idatzi, kopla handixeagoak, bertso txikiak, gero handixeagoak... Anatxek kontatzen duenez, “Paperean bertsoak betetzea, errima zerrendak osatzea... Hori berria zen, lehen ez zegoen”.

 

Egindako lanaren ordainetan, oso gustura zegoela gogoratzen du Uriak: “lan bat egiten ari ginelako eta jendea astero-astero etortzen zelako. Baina hemendik Lazkao txiki bat edo Uztapide bat ateratzea... Inork ez zuen espero eman dituen emaitzak ematerik”. Baina lehen kurtsotik hartu zituen zorioneko ezuste txikiak: “konturatu nintzen haur batzuek bazutela erraztasuna bertsoak logika batekin idazteko”. Poliki poliki joan zen konfirmatzen Amurizaren teoria. Bapateko taldea pausoak ematen hasi zenean, lehenik kopla osatzen eta gero bertso osoak kantatzera iritsi zirenean, jabetu zen Uria: “hau posible da”. Horrek eraman zuen klasea hobeto prestatzera, kanpoko materiala eskuratu eta klasera eramatera... “Urteekin ikusi da posible ez zena bentzutu dugula” dio Uriak egungo ikuspegitik “Baina betikoa: ikasi daiteke, baina berezkoa daukanak ikasi egiten badu, askoz gehiago egingo du. Nabaritzen da soilik ikasi duenaren eta berezkoa ere baduenaren arteko aldea”.

 Badatoz bertso eskolako lehen bertsolariak.

Hernanin, besteak beste Anatx, Pablo Joxe Aristorena eta Jon Eizmendi izan ziren plazaratutako bertso eskolako lehen belaunaldia (nahiz eta Anatxek bere kasa ikasi zuen, bertso eskolarik jaso gabe). Anatxek jada Eskolarteko lehen txapelketan, 1981ean, kantatu zuen. “Eskolarteko txapelketak antolatzen aritzen zen Mikel Mendizabal bertsolariak lan handia egin zuen gu plazara ateratzeko” gogoratzen du Anatxek. Handik aurrera plazan kantulagun izan zituen Aretxabaletako Almen bertso eskolatik ateratako Jon Sarasua eta Arantzazu Loidi, Azpeitiko Xabier Euskitze... Lehen saioa San Inaziotan Altzon egin zuela du gogoan Anatxek eta geroztik, Lizartzan, Oiartzunen... inguruko herrietan aritu zirela. Kartelak eta denak ateratzen zituzten saioa iragarriz, baina “maiz gure burua aurkeztu behar izaten genuen, bertsolariak ginela”, gogoratzen du umorez: “Behin Usurbilgo Kalexarrera joan gara Euskitze, Sarasua, Izarzelaia, Loidi eta ni, orduan ere tripahandiena ni izango nintzen... esan dugu bertsolariak ginela eta ea jai komisioa non zen... ‘Zuek bertsolariak? Aditu al duk, hi!’ edadeko gizon batek besteari. ‘Neska ere bai? Besterik ez dugu behar! Horrako tripa handi horrek bai, akaso zeozer egingo du, baina...’” (Anatxegatik). Garai hartan 15 urteko gaztetxo bat bertsotan ikustea erabat harrigarria zen: “Bertsolariak izan behar zuen edadeko gizona, zapelarekin, mutur gorria. Neska ere bertsotan! Mutilkozkorrek egitea ere arraroa zen”. Jolasean, zertan zebiltzan gehiegi jabetu gabe, ondo pasatzeagatik bakarrik aritzen zirela kontatzen du: “Plazan ere librean asko egiten genuen, ordu erdi askotan, biren artean”.

Klasean ikasitakoa, kalera.

Bertso eskolatik bertsolariak atera dira, baina bertso eskola bera ere sorreratik bertatik atera da kalera, ez da gelako lau ormen barruan geratzeko jaio. Hasierako urte haietan ere Urumea eta Langileko bertso ikasleak ikastolaz ikastola ibiltzen ziren saioak eginaz, bakoitza bere aldetik. 3-4 lagun joaten ziren inguruko herrietara, prestatutako bertsoak eta bapatekoak ere kantatzera. Uriak gogoratzen duenez: “Harreman hori oso aberatsa zen: orain harremanak oso hedatuak daude, baina orduan ez zegoen ezer, eta Oiartzungo 4 gazte Hernanira etortzea sekulakoa zen, euren artean hitz egiten zuten ezagutzen ez zuten eta deskubritzen ari ziren mundu horretaz, bertsolaritzaz alegia, ea ausartzen ziren kantatzera edo ez...”. Santa Ageda bezperan ere ateratzen ziren bi ikastolak herrira. Prestatutako koplak eramaten zituzten, besteak beste Zinkoenea tabernara iristen zirenerako. Sagardotegira ere joaten ziren Langilekoak urtean behin, bertsolarien eskola zaharra probatzeko. Urumea ikastolaren jaialdi eta ekitaldietan ere bertako ikasle bertsolariek kantatzen zuten.

Herrian edozein ekitalditarako bertsolariak behar zirenean ere gaztetxoengana jotzen zen, “oraindik bertsotan ondo ez bagenekien ere” Urdangarinen hitzetan. Molotoff irratiko festa zela, Txalaparta eguna... Elurtxori elkarteak ere urtero antolatzen zuen saio bat, bi bertsolari handi eta herriko bi gazterekin. Horrek aldaketa handia ekarri zuela kontatzen du Uriak, izan ere, ordura arte “Pentsatzen genuen Hernanin bertso saioak egiteko beti kanpoko bertsolariekin aritu beharko genuela”.

 1989. BITERI: HERRIKO BERTSO ESKOLA

Langile ikastolan bertso irakasle ziren Juanjo Uria eta Itziar Otamendik deitu zieten bertsotan gehien egiten zuten Urumeako gazteei, Iñaki Zelaia, Jon Eizmendi eta Joxe Luis Urdangarini, bi ikastoletako bertso eskolak batu eta Hernaniko bertso eskola sortzeko. Horrela, Biteri Kultur etxean hasi ziren klaseak ematen Zelaia, Eizmendi eta Urdangarin, Langileko bertso eskolako lehen belaunaldia oraindik gaztetxoa izaki. Herriko bertso eskola sortu zenetik inplikatu zen udaletxea ere.

Herriko bertso eskola sortzeak aldaketa handia ekarri zuela kontatzen du Urdangarinek: “Guk, gure garaian, bertsotan egiten zuten Langileko ikasleak Karmelo Baldan ezagutu genituen, Eskolarteko Txapelketan. Orain Hernaniko ikasle denek dute bertsolaritza ikasteko aukera, lehen ikastetxe batzuetan bakarrik zegoen”.

Geroztik urtero ikastetxe denetatik pasatzen ziren bertso eskolarako deialdia egitera, eta ikastoletan egindako lana zein garrantzitsua den hor nabarmentzen dela gogorarazten du Urdangarinek: “Ikastetxeetan irakasleek bertsolaritza sustatzen zuten einean umeek izena ematen baitzuten bertso eskolan”. Mailaren arabera, hiru talde egiten ziren: hasiberriak, bertso eskolan urte batzuk eginik bapatean hasteko zorian zirenak, eta bapatekoak. Lehen bi taldeetan 15 ikasle inguru izaten ziren bakoitzean, eta bapatekoan 8 inguru.

Mikel Mendizabalek Urumea ikastolan eurei irakasteko erabilitako metodologia erabili zuten irakasle hauek ere Biteriko bertso eskolan. Lehen egunetik egiten zen paperean eta bapatean, bitatik klasean, baina kurtso hasieran gehiena idatziz egiten zen, eta kurtso bukeran, erraztasuna irabazi ahala, gehiena bapatean. Bapatean egiteko ariketa oso errazetatik zailagoetara pasatzen ziren: bakoitza esaldi bat esanaz hasten zen, neurri eta errima ahaztuta. Bigarren txandan, gauza bera esan behar zuten baina errimatuz. Kurtsoa aurrera joan ahala, doinuarekin egiten zuten. Urdangarini oso ahozapore ona utzi diote urte horiek: “Oso esker oneko lana da: Ez dut inor ezagutzen bertsotan ikasi nahi izan eta ikasi ez duenik”. Eta denborarekin jende askok kantatzeari uzten badio ere, zale eta aditu izaten jarraitzen dutela gogorarazten du, “eta masa kritiko hori ere oso beharrezkoa da”. Lehen helburua garbi zuen Urdangarinek: ondo pasatzea. “Guk ez genuen bertsotan jarraitu txapelketako finalean kantatu genuelako, guk jarraitu genuen sekulako giro ona genuelako, eta primeran pasatzen genuelako”, horra etorkizuneko bertso eskolarentzat ere formula. Talde giroa lantzeko, Goizuetara asteburu pasa antolatu zuten 1995ean Tolosako bertso eskolan irakasle ari zen Irazurekin elkarlanean. Geroztik makina bat asteburu pasa egin ditu bertso eskolak.

PAULO TTIKIYA DA GURE BERTSO ESKOLA

            1996an etorri zen irakasle aldaketa, aurreko hirurek utzi beharra izan zutenean. Baina ordurako ez zen falta bertso eskolak emateko irakaslerik. Hurrengo 10 urtetan hainbat irakasle pasa ziren Biteriko bertso eskolatik: Aitor Mendiluze, Iker Osa, Itziar Eizagirre, Bakarne Urreaga, Karmele Apezetxea, Joxe Anjel Aranburu eta Estitxu Eizagirre. Garai honetan elkarte bezala eratu zen eta Paulo Ttikiya izena hartu zuen, Hernaniko bertsolari handiaren omenez.

Bertso eskolara ahalik eta jende gehiena etortzea zen irakasle hauen helburua, eta hasitakoek gustura jarraitu zezatela. Udara pedagogia berrien bila pasatu zuten: bertsolaritzaren historia ikasteko karta-jokoak, eurentzat propio jarritako bertsoak zirkoari buruz edo ihauteriez, parkean jolasteko altxorraren bila errimatu modukoak... Esan liteke bertsotan ikasteko mila eta bat malabarismo edo jolas asmatzeko joera ere izan zela: bertso tribiala, bertso antzerkia, bertso play-back, bertso-pilota... bertsoa jolas batekin lotu beharra balego bezala, bertsoa bera nahikoa jolas ez balitz bezala. Badirudi orain bertsotan irakasteko metodologian lehengora itzultzen ari garela, baina desberdin. Kendu disfrazak bertsoari, kendu ariketak, eta hasi kantuan.

Esan liteke urteekin esperientzia lagun, klaseak gutxiago prestatzen direla, edo positiboan esanda, “bapatekotasunari leku gehiago ematen zaiola”. Lehen urte haietan ariketa mordoa eramaten zuten irakasleek klasera, ordubetean egin zitezkeenak baino gehiago. Denborarekin, irakasleak klasera joan eta ikasleen jarreratik jolasa edo gaia ateratzen saiatzen dira, euren betiko jolasetan bertsoa edo hitz-jokoa sartzen...

Klasez kanpoko ekintza ugari egin izan dira azken 10 urteotan: 2000. urtetik Aste Santutan asteburupasa joaten dira: egunez klase bereziak egiten dira eta gauez saioak. Frontoia ere ez da urruti izaten, eta musak kentzen dizkie ordu libre gehienak. Azken gauean txapelketa xelebrea egiten da, eta kasualitatez, urtero enpatean bukatu da.

Udalekuak ere egiten ditu bertso eskolak. 5 egunez bertsotan, zirikan, putzuan eta frontoian gozatu bat hartzen dute. Bertsoa bera ere bizimoduaren zati bihurtzen da, lagunak ez dira ikaskideak, eta elkarrekin bizitutako esperientziek taldea sendoago egingo du hurrengo ikasturtean. Era berean, lagun berriak egiten dituzte, sarri beste herrietako bertso eskolako kideekin nahasten baitira.

2003. BERTSO ESKOLAKO LOKALA

Bertso eskola, bere ibilian pilatzen ari zen esperientzia, kide kopuru gero eta handiagoa, antzerkietako monigoteak, liburuak... gordetzeko bere espazioa behar zuen. Eta 2003. urtetik, udalak utzitako Elkano kaleko pisua du estalpe. Bertso eskolako gazte belaunaldiak, 15-17 urterekin, badu elkartzeko bere lekua. Hauek larunbatetan eta udako oporretan ere maiz elkartzen dira hitz egin eta kantuan aritzeko. Karrera bertan estudiatu duenik ere bada.

Nolako gela, halako harremana

Bertso eskolako bi kidek egindako mikro parea, kajahorros baten desalojotik eskuratutako armairua, arbela eta mahai exagono bat. Horra gaurko bertso eskola. Horman, bertso eskolako eskurik abilenak besteen aurpegiei malizia dosi handi xamarrez egindako karikaturak, eta maisu handien argazkiak: Txirrita, Bilintx, Lazkao Txiki... Klasearen egiturak berak, asko baldintzatu du oraingo bertso eskolaren planteamendua: irakasle eta ikasleen arteko harremana, ierarkiak... Beñat Gaztelumendik kontatzen duenez: “Irakasleak beste bat gehiago izan behar du klasean, ez du irakasle papera jokatu behar. Bertso eskolan denok maila berean gaude, ez da komeni bata bestearen gainean jartzea, saiotan denok elkarrekin kantatzen baitugu. Gu Biterin hasi ginenean, irakaslearentzat beste mahai bat zegoen eta ikasleentzat aulki-pupitreak, eta beste era batera ikusten zen irakaslea. Orain mahai beraren bueltan exertzen gara...”.

 

HURRENGO BELAUNALDIA

Bertso eskolaren etorkizuneko belaunaldia, hurrengo erreleboa, iritsi da: Amaia Otxotorena, Oier Iurramendi, Arnaitz Lasarte, Iñaki Otxotorena, Beñat Gaztelumendi, Asier Azpiroz, Unai Gaztelumendi eta Jon Hidalgo, besteak beste. Talde heldua da, eta eurak aritzen dira, Gorka Tolosa eta Estitxu Eizagirre beteranoekin batera haurrei klaseak ematen. Asteburupasak eta udalekuak antolatzen ere trebatu dira eta Iraulio Panttalone taldearekin biltzen hasi dira saioetan-eta kantatzeko. Bertso eskolak beste urte batzuetarako arnas berria du, Arnaitz Lasartek ziurtatzen duenez: “Oraingo irakasle kateari esker, urte batzutarako ez dut irakasle faltarik ikusten. Baina hurrengo belaunaldira saltoa dago, 4 urteko aldea”. Horra bertso eskolak zikloka izaten duen erronka, belaunaldi saltoak betetzea.

Ikasleen umeak ikasle

Aspaldiko urtetako ikasle kopuru handiena izan du bertso eskolak aurtengoan (eskerrik asko Euskal Herriko Txapelketa 2005!). 4 taldetan banatuta 27 ikasle ari dira, txikienak 4 urte eta handienak 13 dituela. Baina adin diferenteko jendea nahasian ibiltzen da, gazteenek zaharrenengandik ikas dezaten. Eurak ere gustura daude horrela: “Beste aktibitateetan bakoitzak bere taldea du, eta beste taldeekin ez da harreman handirik izaten. Hemen 2 urte zaharragoekin eta gazteagoekin joaten gara asteburupasa” dio Amaia Otxotorena gazteak.

Bigarren ume belaunaldia ere jada bertan da: bertso eskolan aritutakoen seme-alabak iristen hasi dira. Baina Anatxek garbi du berak ez dituela bertso eskolara bultza: “Behartuta eta ez, jostatuz egin behar da bertsotan, orain bertso eskolan hartzen duzuen bezala. Zenbat gurasori diskutitu diodan hori! Euren semea bertso eskolara eramatea nahi zutela, handik bizkorrak ateratzen direla-eta... eta ezetz esaten nien, gogorik gabe baldin badoa alferrik joango dela”. Bertsolari, maisu eta orain bertso eskolako guraso den Anatxek, gauza bakarra eskatzen dio bertso eskolari: “Jolasa, esijentzirik gabe. Bertsoa ez da asignatura. Guk ere, besterik gabe, bertsotan ikasi nahi genuen lagunarteko afarietan kantatu ahal izateko”. Orain giroak ere laguntzen du bertso eskolara gustura etorri daitezen: gazteen artean eta gizartean bertsotan egitea natural hartzen da, eta baloratu ere egiten da, lehen ez bezala. Anatxek hori garbi du: “Nik ez nuen gauza bat izango dute nire alabek, agian. Gure etxean kontrario amorratuak nituen bertsoekin. Gure aitarentzat bertsolaria azken miserablea zen, ez nuen bultzada handirik izan etxean”.

IKASTETXEETAN ERE LANTZEN DA

Egun ikastetxeetan bertsolaritza lantzen jarraitzen dute, bertako irakasleek eusten diotelako ezinbesteko lan horri (Langilen besteak beste Ixiar Otamendik eta Elik Igartzabal, eta Urumean bertako irakasle Mikel Mendizabalek...) eta gainera Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak eskaintzen dituen klaseak ere jasotzen dituztelako, Unai Muñoa izanik irakasle. Beraz, ikasleak bertso eskolara datozenerako doinu pare bat ikasita dituzte, eta bertsoari buruzko ezagupen zabalagoa.

Ereñotzuko eskolan ere bertsolaritza lantzen jarraitzen du Aritz Zerainek, eta hauek Hernanira ikastera etortzen direnean, Hernaniko bertso eskolara etortzen etortzen dira.

 

HASTEAREN BUKAERA

Hamaika gauza aldatu da 25 urtean Hernanin, bertsolaritzan, eta bertso eskolan. Anatxen hitzetan, “Orain bertsotan ikaragarri egiten da, neska-mutil kozkorretatik. Baina gaur txispa galdu da, erantzuteko txispa, tiki-takakoa. Lehengo librekoa ere galdu egin da asko, orain erabat gaiekin kantatzen dute”. Baina dena ez da aldatu gaur bertsotan ikasten ari diren gazteengan. Belaunaldi berriko kide Asier Azpirozek honela definitzen du, 2006an, bertso eskola: “Bertso eskolak niretzat beti esan nahi izan du astearen bukaera”.

Juanjo Uriak bertso eskolaren 25. urteurrenerako jarri zuen bertsoak borobiltzen du bertso eskolaren historia eta oraina:

Bertsotan ikas ote zitekeen

hainbat aldiz ametsetan

ta ilusioz blai sartu ginen

eskola-ikastoletan

ahalegin hura zatekeelako

bertsoaren mesedetan

ta gaur ikusi dugunarekin

saio oparo honetan

esan daiteke erreleboa

dagola esku onetan

TXAPELKETAK

Haur eta gaztetxoentzat egiten diren Eskolarteko Txapelketan parte hartzen dute Hernaniko bertsolariek umetan, geroago gazte sariketak probatzen dituzte eta azkenik Gipuzkoako, Nafarroako eta Euskal Herriko Txapelketak. Hernaniko bertso eskolatik ateratako bertsolariak podiumera igo dira behin baino gehiagotan. Txapelketekin kritiko izaten ere badakite, hala ere.

Ume-umetatik dute txapelketetan parte hartzeko aukera bertso eskolako ikasleek. 1981ean jokatu zen Eskolarteko lehen Txapelketa, eta besteren artean Juanjo Uria ere aritu zen antolatzen: “Eskolarteko Txapelketak eragiteko intentzioa zuen: itzal handiagoa, oihartzuna zuelako eta gazteei aukera emateko”. Hala ere, garbi aitortzen du: “Oso gogorra zen umeak kantuan ikustea. Orain ohitu egin gara, baina ni asko aztoratzen nintzen haurrak mikroaren aurrean kantuan ikusita”.

Joxe Luis Urdangarin gaztetxotan kantuan aritutakoa da Eskolarteko Txapelketan, eta ondoren irakaslearen larrutik ikustea tokatu zitzaion. Oraitzapen gazi-gozoa du Eskolarteko Txapelketa hoietaz: “Guretzat kanporako leiho bat zen. Urte osoa beti lagun talde berarekin kantuan pasatzen genuen, eta bapatean Eskolartekoan ikusten zenuen bazela jende gehiago gauza bera egiten zuena. Alde horretatik oso esperientzia ona zen. Baina batzuentzat estresbide handia zen, eta badut lagun bat orduz geroztik gehiago kantatu ez duena”. Anatx ere ez da hain umetatik txapelketara joatearen aldekoa: “Berehala hasten dira txapelketan eta aurrera bazoaz bazara zerbait eta bestela batere ez. Norgehiagoka jartzen zaie hasieratik”. Urdangarin ere oso kritikoa da sistema horrekin, “Justu urte osoan egin landutako filosofia lana ere hausten duelako txapelketak. Klasean ez dugu euren arteko lehia bultzatzen eta txapelketan figurak bultzatu izan dira”. Urdangarinek aitortzen du gehiago sufritu zuela irakasle bezala, kantuan baino.

Alde positibotik begiratuta, umeak motibazio handiz biltzen dira bertso eskolan txapelketarako entrenatzeko, eta ikaskideak animatzera joaten dira pankarta eta guzti. Era berean, partehartzea bera baloratzen da Hernaniko bertso eskolan gehien, jendaurrean kantatzera animatuz.

Hona Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketetan Hernanira ekarritako txapelak:

-1983an, Jon Eizmendi, txikien mailan.

-1984an, Jon Eizmendi, txikien mailan.

-1986an, Pablo Joxe Aristorena, handien mailan.

-1987an, Unai Agirre, txikien mailan.

-1988an, Unai Agirre, txikien mailan.

-1989an, Unai Agirre, txikien mailan.

-1990ean, Anjel Telleria, Iñaki Lete, Maialen Lujanbio eta Gorka Tolosak osatutako taldeak, txikien mailan.

-1991n, Maialen Lujanbio, handien mailan.

-1992an, Aitor Mendiluze, handien mailan.

-1993an, Aitor Mendiluze, handien mailan.

-1994an, Maialen Lujanbio, handien mailan.

-2000n, Peru Iurramendi, Aitor Larreta, Unai Gaztelumendi eta Beñat Gaztelumendik osatutako taldeak, txikien mailan.

-2001ean, Jon Otxotorena, Aitor Larreta, Unai Gaztelumendi eta Beñat Gaztelumendik osatutako taldeak, txikien mailan.

-2001ean, Agin Rezola, handien mailan.

-2002an, Beñat Gaztelumendi, handien mailan.

-2003an, Beñat Gaztelumendi, handien mailan.

-2005ean, Unai Gaztelumendi, handien mailan.

            Gipuzkoako, Nafarroako eta Euskal Herriko Txapelketetan ere utzi du haztarna bertso eskolak. Txapelketa garaian bertsolari helduak inoiz baino batuago aritzen dira entrenatzen, elkarri gaiak jarri eta aholkuak ematen. Entrenamenduen barruan sartzen da afaldu eta lagunartean animoak altxatzea ere. Eta txapelketa osoan zehar, koadrila handian joaten dira saioa ikustera, arraltsade edo egun-pasa.

        

            Hona Gipuzkoako eta Euskal Herriko Txapelketetan Hernaniko bertso eskolan edo asteartetako bileran ibilitako bertsolariek lortutako postuak eta partehartzea:

-Euskal Herriko Txapelketa 1982. Partehartzaileak: Fermin Argiñarena eta Joxe Argiñarena.

-Euskal Herriko Txapelketa 1989. Partehartzaileak: Paulo Joxe Aristorena, Manu Gomez, Joxe Mari Izeta, Nikolas Izeta, Joxe Mari Mujika “Anatx”, eta Jose Manuel Oiartzabal.

-Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa 1991. Partehartzaileak: Jon Eizmendi, Joxemari Izeta, Nikolas Izeta, Jokin Sorozabal, Joxe Luis Urdangarin, Juanjo Usarraga eta Iñaki Zelaia.

-Euskal Herriko Txapelketa 1993. Finalista: Jokin Sorozabal. Partehartzaileak: Joxe Luis Urdangarin eta Jokin Sorozabal.

-Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa 1995. Txapelduna: Aitor Mendiluze. Txapeldunorde: Jexux Mari Irazu. Finalistak: Iñaki Zelaia, Jokin Sorozabal, Jexux Mari Irazu eta Aitor Mendiluze. Partehartzaileak: Unai Agirre, Iker Alustiza, Jon Eizmendi, Jexux Mari Irazu, Nikolas Izeta, Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Jokin Sorozabal, Joxe Luis Urdangarin, Iñaki Zelaia.

-Euskal Herriko Txapelketa 1997. Finalistak: Jexux Mari Irazu eta Maialen Lujanbio. Parehartzaileak: Xabier Legarreta “Arano”, Unai Agirre, Iñaki Zelaia, Maialen Lujanbio, Jon Eizmendi, Aitor Mendiluze, Jokin Sorozabal, Joxe Luis Urdangarin eta Jexux Mari Irazu.

-Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa 1999. Hiru taldek hartu zuten parte Hernaniren izenean, eta hirurak lehen bueltan kanpo geratu ziren. Partehartzaileak: Hernani-Txisplau taldea: Gorka Tolosa, Itziar Eizagirre, Aritz Zerain eta Maialen Lujanbio bertsotan, Xabier Etxeberria gai-jartzen eta Mikel Iturbe epaile. Hernani-Iraulio taldea: Joxe Luis Urdangarin, Jon Iraola, Iker Osa, Iñaki Zelaia eta Eñaut Agirre bertsotan, Xabier Legarreta “Arano” eta Maitane Legarreta gai-jartzen eta Joxe Anjel Oiartzabal epaile. Eta Hernani-Iñatzu taldea: Unai Agirre, Iker Alustiza, Ibon Miner eta Estitxu Eizagirre bertsotan, Mikel Peruarena gai-jartzen eta Juanjo Uria epaile. Andoain-Urnieta taldean ere, Hernanin bertsotan egiteko bildutakoez osatu zen: Joxe Mari Mujika “Anatx”, Jokin Sorozabal, Aitor Mendiluze eta Jon Garmendia “Txuria” bertsotan, Joxe Fermin Argiñarena gai-jartzen eta Joxe Manuel Oiartzabal epaile. Eta txapelketa horretan Zarautzen kontra finala jokatu ondoren bigarren atera zen taldean ere, Erniope taldean alegia, bazen Hernanira bildutakorik: Jexux Mari Irazu, Aitor Usandizaga eta Amaia Agirre bertsolariak.

-Euskal Herriko Txapelketa 2001. Txapeldun-ordea: Maialen Lujanbio. Finalistak: Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze eta Jexux Mari Irazu. Partehartzaileak: Unai Agirre, Aitor Mendiluze, Iñaki Zelaia, Aritz Zerain, Jexux Mari Irazu eta Maialen Lujanbio.

-Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa 2003. Txapelduna: Maialen Lujanbio. Finalistak: Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze eta Jexux Mari Irazu. Partehartzaileak: Unai Agirre, Iker Alustiza, Joxe Anjel Aranburu, Estitxu Eizagirre, Jon Iraola, Jexux Mari Irazu, Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Ibon Miner, Iker Osa, Josu Oiartzabal, Agin Rezola, Joxe Luis Urdangarin, Aitor Usandizaga, Iñaki Zelaia eta Aritz Zerain.

-Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa 2005. Hirugarren postua: Maialen Lujanbio. Finalistak: Maialen Lujanbio eta Aitor Mendiluze. Partehartzaileak: Iñaki Zelaia, Estitxu Eizagirre, Jexux Mari Irazu, Aitor Mendiluze eta Maialen Lujanbio.

© 2007 Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
RSS sindikazioa 1.1

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan