Euskara bultzatu nahian, 1979an hasi ziren Pedro Irastorza eta Joxe Mari Barandiaran, bertsolaritza gaztetxoekin nola landu zitekeen pentsatzen. Izan ere, Ordizi ez zela herri euskalduna kontatzen du Barandiaranek, inguruko baserritarrek egiten zutela euskaraz, baina Ordiziko kalean erdara zela nagusi. Euxebio Igarzabal bertsolariarengana jo zuten eta baita ordurako Almen eskolan irakasle ari zen Patxi Goikolearengana ere.
1981eko ekainaren 15ean, Beasaingo Lizeo Alkartasuna ikastolan dozena bat lagun elkartu ziren, zer egin pentsatzeko. Tartean zeuden Jose Mari Barandiaran, Andoni Eskisabel, Mikel Mendizabal, Iñaki Zubeldia, Andoni Sarriegi, Joxean Ormazabal, Arantxa Sarriegi, Xanti Garmendia, Xabier Albizu. Bertso eskolak zer beharko lukeen ere aipatu zuten: horretarako propio prestatutako gela, materiala, eta irakasleei ordaindu beharreko dirua.
1981eko abenduaren 30ean, Argi Berriko bazkide eta zenbait bertsozale, bertso eskolako lana antolatzen hasi ziren: Irakasleen esku geratuko zen metodologia, ordu-egunak, ikasleak aukeratzea... Elkartearen ardura izango zen erakunde ofizialekin harremanak lotzea eta ikasleak bertso eskolara ekarri eta eramatea. Elkarteko irabazien zati bat bertso eskolara bideratzea ere erabaki zen. Eta udalari egiteko eskari sorta prestatu zen:
-Ordiziako Barrena Jauregian gela bat
- Gelarako altzari, irrati-kasete, liburu...
-Irakasleei ordaintzeko laguntza: orduko 1.000 pezeta.
Joxe Mari Barandiaranek bileretako akta denak gordeak ditu, baita udaletxeekin egindako lehen hitzarmena ere: “badakit honek epaitegietan ez duela ezer balio, baina niretzat, balio morala du”. Udaletxe guztiek firmatu zuten akordioa: Ataun, Beasain, Itsasondo, Idiazabal, Lazkao, Ormaiztegi, Segura, Ordizi, Zaldibi eta Zerain.
1982ko apirilean, bertso eskolaren ardura zuzena izango zuen taldea osatu zen. Aipagarria da bertso eskola honek ekintzak antolatzerakoan erabiltzen duen ordezkaritza sistema. Ekintza horretan inplikatutako alde denak biltzen ditu, erabakiak denek har ditzaten, alde bakoitzeko ordezkaritza bat elkartuz. Bertso eskolaren ardura ere, gastronomia elkartea, ikastetxeetako irakasleak, bertsolariak eta bazkideen artean banatu zuten: Argi Berri elkarteko batzordetik Juan Mari Garmendiak izango zuen ardura. Irakasleen artetik Santi Garmendia, Arantxa Sarriegi eta Jesus Goikoetxeak. Bertsolarietan Mikel Mendizabal, Eusebio Igartzabal eta Iñaki Muruak. Bazkideetatik, Pedro Irastorza eta Joxe Mari Barandiaranek.
IKASLE ETA IRAKASLEAK
Beasain, Ordizia, Ataun, Ormaiztegi eta Idiazabaldik, 56 ikaslek eman zuten izena 1982ko lehen kurtso hartan. Aurreikuspenak hautsi eta udaletxeari beste gela bat eskatu behar izan zioten. Mikel Mendizabal jarri zen irakasle, eta Ikastolen Elkartean ere bertsolaritzari buruzko materiala prestaten aritzen zenez, puntako metodologia erabili ahal izan zuten.
Lehen ikasleak, besteak beste, Igor Eguren, Aranburu, Joxeramon Elorza, Juan Ramon Gerriko, Joxe Munduate eta Martin Aramendi izan ziren. Ondoren Aitor Sarriegi hasi zen, eta hurrengo belaunaldia Ekaitz Goikoetxea, Alaitz Sarasola, Alaitz Alustiza, Aritz Zeberio eta gainerakoek osatu zuten. Hauen ondotik etorri dira Ainhoa Mujika, Joseba Arrizabalaga eta beste hainbat. Ikasle belaunaldiak ongi uztartu direla dio Barandiaranek, baina kopurua jaitsi egin dela ohartarazi du: “Ez dakit zergatik, baina hasierako 10 urtean ikasle mordoa genuen (eta esan beharra dago lehen urteko 50 ikasleak gehiegi zirela irakasle bakarrak dominatzeko), baina denborarekin jaisten etorri da. Orain dozena bat ikasleri eusten badiegu, gustura!”.
1986-1987an bat-bateko taldea sortu zen eta Nikolas Zeberio hasi zen irakasle horiekin. Nikolasek lan kontuengatik utzi behar izan zuenean, Eusebio Igartzabalek hartu zuen taldea. Geroztik, Joxe Munduate, Narbarte, Ekaitz Goikoetxea, Bixente Gorostidi eta Aitor Sarriegi aritu dira gaztetxoekin lanean.
BAILARA IZAERA
Barandiaranek kontatzen du, bertso eskolaren sorreratik bertatik erabaki zela Goierri bailarako bertso eskola egitea, eta ez Ordizi herrikoa bakarrik. Horrek bere ezaugarriak eman dizkio bertso eskolari. Batetik, ikasle kopurua ziurtatu du. Bestetik, haurrek kilometroak egin behar zituzten Ordiziko egoitzara joateko, eta Argi Berri elkarteak beregain hartu zuen haurrak bertso eskolara eraman eta ekartzeko lana. Horrela, urtetan bazkideak aritu ziren taxista lanetan. Bailarako antolaketak ekarri du, baita ere, herrira begira ekintza gutxi egin izana, “hori akatsa izan da” aitortzen du Barandiaranek. Baina astean behin bakarrik biltzen ziren haurrak euren herritik kanpo berriro biltzea ez zen batere lan erraza.
PLAZARATZEA: ELKARTEAK BERTSOGINTZAN
1995-2000 urte bitartean, Elkarteak Bertsogintzan ekimena antolatu zuten Goierri, Urretxu eta Tolosako bertso eskolek elkarrekin. Elkarte gastronomikoetan bertso afariak egitea zen kontua, bertso eskolako ikasleek jendaurrean kantatzeko trebetasuna hartu zezaten. 30 bat lagun biltzen ziren afaritan, batez ere elkarteetako bazkideak. Eta kantuan denera 25 bertsolari inguru aritu ziren. Barandiaranek gogoratzen duenez: “Niretzat oso garrantzitsua zen hori aurrera joatea, eta elkarteak prest zeuden. Baina gazteek ez zuten nahi izan eta hor geratu zen. Batzuek ehizera joaten zirela eta besteek beste konpromiso batzuk zituztela...”.
OSPAKIZUNAK
Goierrin ospakizun zaleak direla kontatu digu Barandiaranek. Bertso eskolaren 10. urteurrena, 18.a ospatu zituzten, eta aurten 25. urteurrena ospatzen ari dira.
10. urteurrena ospatu zutenean pastorala ekarri zuten Ordizira eta “10 urteko uzta” izeneko liburua argitaratu zuten. Baina horiez gain, urtez urte jarraituko zuen ekimen bat antolatzea pentsatu zuten. Horrela sortu zen Lazkao Txiki bertsopaper sariketa. Oraindik dirauen lehiaketa ospetsua da, eta bost urtero argitaratzen dituzte saritutako paperak, liburuxka batean.
18. urtea ospatzeko ideia, gazteen eskutik etorri zen: heldutasunera iritsi izana azpimarratu zuten.
Aurtengo ospakizunen egitaraua, berriz, honakoa da:
-Bertso eskolaren 25 urteko historia biltzen duen liburua. Lehen ikasleetakoa izan zen Igor Egurenek egingo du, elkarrizketa formatuan.
-Atera! lehiaketa. Goierri telebistarekin elkarlaean. Asteazkenero, eskolaumeek euren hizkuntza trebetasunak neurtuko dituzte.
-Bertsozaleen arteko herri arteko txapelketa. Kanporaketak ekainean hasi eta finala uztailaren 27an jokatuko da Ordiziko Tximista sagardotegian.
DIRU ITURRI PROPIOA
Goierriko bertso eskolak autogestiorako bideak ere landu ditu. Hauetan izarra Santio festetan jartzen duten tonbola da. Hasieran, garai batean ikastolak jartzen zuen tonbola hartu zuten, “txinoek ere muntatuko ez luketena”, zuen konplexutasunagatik. Egun berriago bat jartzen dute. Argi Berri elkarteko bazkideak aritzen dira dena antolatu eta txartelak saltzen, eta benetan diru iturri garrantzitsua da bertso eskolarentzat.
AURRERA JARRAITZEKO
Hainbat urtez bertso eskolaren arduradun aritu den Joxe Mari Barandiaran, lantokian jubilatu berri da. Bertso eskolaren zuzendaritza hartuko duen erreleboa, ordea, ez du hain gertu ikusten: “Taldea behar da, eta eguneroko jarraipena egin behar zaio. Ez da aski astean behin klasea emanda: udaletxeko harremanak zaindu behar dira...” azaltzen du Barandiaranek. Denborak ekarriko du irtenbidea.
© 2007 Sareko Argia