|
2000 ABERRI EGUNA, EUSKAL HERRIA ERAIKITZEN
Gaur, apirilak
23, igandea, Aberri Eguna da. 1931tik, egun hau gure Herriaren eguna
izan da, eta, beste herri askotan egiten den antzera, gure nazioaren
berrespen baketsu eta kolektiboa ospatuko dugu gaur. Egun honekin, euskaldun
guztiak batzea dugu helburu, gure nortasunaren adierazpen askea eginez
eta geure herriaren bi- ziraupen borondatea alaiki aldarrikatuz.
Euskal Herria nazioa
da eta nazio bati dagozkion eskubide politikoak ditu. Eskubide horiek
aldarrikatzera dator gaurkoan Udalbiltza.
Herri bezala, nazio bezala irautea eta garatzea dugu helburu, ez baitira
makalak, XXI mende honetan, etorkizunari begira, ditugun erronkak. Izan
ere hor dugu aurrez aurre, munduan zehar, ekonomi eta kultur alorreko
globalizazioaren fenomenoa. Globalizazio honek errotik astintzen ditu
gure gisako herri baten ekonomia, kultura, hizkuntza eta gizartea bera
ere. Eta uniformizazio fenomeno horri erantzuteko beharrezkoa da herri
honek bere baliabide politiko, instituzional, ekonomiko edo kulturalak
zehaztu eta bideratzea.
Horrexegatik gatoz,
hain zuzen ere, Aberri Eguna ospa dezaten gonbitea luzatzera hiritar
guztiei. Horretan ari gara, Euskal Herriaren nazio kontzientzia demokratikoan
sakonduz, herri bezala aurrera egiteko lanabesak martxan jartzen.
Aipatu erronka
horiei ekiterakoan Euskal Herriak bidean aurkitzen dituen zailtasunak
ez dira nolanahikoak, eta horiek gainditu eta ezabatzea da gure helburua,
euskal herritar guztion arteko eztabaida demokratikoari bide emanez,
gure arteko harremanak sakonduz eta herri honen etorkizun politiko,
kultural, ekonomiko nahiz hizkuntza alorrekoari bermea eskainiz, inongo
indarkeria edo inposaketa jarrerarik gabeko giroan. Horregatik, ozenki
adierazi nahi dugu euskal herritar guztien borondate librearen gainean
soilik eraiki daitekeela Euskal Herria nazio moduan, inolako aurrebaldintza
eta mugarik gabeko eztabaida demokratiko eta politikoaren bitartez.
Herritar eta ideia anitzez osaturiko herri honetan dauden proiektu politiko
guztiek leku izango duten eszenatoki demokratiko eta baketsuaren alde
lan egiteko konpromisoa hartzen dugu gure gain. Hausnarketa hauen inguruan
burutu dugu aurtengo Aberri Egunaren deialdia, alegia, udal izaeran
oinarritzen den euskal instituzio nazional honek eraikuntza demokratikoari
begira hartutako ardurak berresteko asmoz. Ospakizun eguna da, baina
baita konpromisozkoa ere, euskal gizartearen etorkizuna bakean, justizian
eta askatasunean eraiki nahi dugulako.
Euskal Herriaren
eguneroko eraikuntzan orain artean egindako bideari jarraitzeko borondatea
agertzen baitugu, gaurko zitaren bidez. Aurtengo Aberri Egunak, bada,
euskal gizartearen aniztasun sozial eta politikoa oinarritzat hartzen
duen nazio eraikuntza libre eta demokratikoari zabaltzen dio leihoa,
alderik alde, inposaketa eta zapalketa orori aurre eginez, irekitasuna
ikurtzat harturik. Gatazka politikoa eta honen ondorio larrientzat behin
betiko soluziobidea mahai gainean jarriz, alegia, burujabetza eta lurraldetasun
eskubideak izango dituen Euskal Herriaren onarpena. Beraz, herrigintza
guztion eginbeharra da, eta guztiok behar gaitu, inor baztertu gabe.
Udalbiltzak hala uste du eta hauxe dio: etorkizuna euskal hiritarren
eskuetan dago, herri honen eraikuntza nazional eta demokratikoaren eskuetan.
Horregatik, dei egiten diegu hiritar guztiei, Aberri Eguna guztion artean
alaiki ospa dezagun.
Euskal Herrian, 2000ko apirilaren 23an

|