EGUNGO EGOERA POLITIKOARI BURUZKO ADIERAZPEN INSTITUZIONALA

Iazko Irailean, Bilboko Euskalduna Jauregian, Euskal Herri osoko 1800 Udal Hautetsik sortu zuten UDALBILTZA, udal izaera duen Euskal Erakunde nazionala. Han bertan argiro aldarrikatzen zen Instituzio nazionalaren zeregina eta zertakoa. "Euskal herriaren nazio eraikuntza bultzatzea, prozesu dinamiko eta demokratiko gisa ulerturik, eta euskal herritar guztien erabakimen eta partehartze askean oinarriturik".

Zazpi hilabete lehenago, Iruñean egindako batzarrean zehazten ziren, baita ere, Erakunde berriaren helburuak: "Gure ordezkaritza eta lan esparruetatik, hau da, marko juridiko-politiko ezberdinetatik abiatuta, sei lurraldeetako euskaldunen harremanak legitimoki bultzatu nahi ditugu. Egungo hiru administrazio egiturak gainditzea beharrezkotzat jotzen dugu, Euskal Herriaren garapen osoa eragotzi dutelako eta XXI. mendeko erronkei aurre egiteko berma gisa".

Beraz, naziogintza integratzailea, pertsonekiko eta lurraldeekiko errespetuan oinarritua eta hiritarren borondate askean eraikia da UDALBILTZAK bere gain hartu duen egitekoa eta egiteko era ere. Aldi berean, helburuak zehatz-mehatz izendatu eta adierazteaz gain, aipamen bereziak egiten zaizkio, nola Iruñean hala Euskaldunan, une haietan Euskal Herriak bizi zuen bake eta ilusio giroari. Bai batean zein bestean agirian dago garai hartako su etenaren eskenatokia.

Iruñeko adierazpenak garbiro jasotzen zuen ilusioz eta itxaropenez betetako une hura: "Gure herri eta hirietan honenbesterainoko ilusioa sortarazi duen etapa politiko berriak hauxe eskatzen du: Euskal Herriko Udal Hautetsiek aurrez aurre ditugun aukerak jorratzea, eta eguneroko zeregin politikoa bakerantz eta Euskal Herriko demokrazian eta askatasunean oinarritutako etorkizunerantz bideratzea".
Zalantzarik ez dago, bake giro itxaropentsuan sortua eta su etenaren babesean jaioa dela UDALBILTZA. Etapa politiko berri baten erronkei erantzutera datorrena, nahiz eta, hasiera hasieratik, hamaika manipulazio eta eraso jasan behar izan, hedabide eta indar politiko espainiar eta frantziar askorengandik. Izan ere, ahalegin guztiak egin zituzten UDALBILTZA eta antzeko egitasmoak itotzeko, euskal nazio eraikuntzaren ikurra daraman guztia ezabatzeko eta madarikatzeko.

Ez Madrilek eta ez Parisek ez dute keinu txikienik ere egin Euskal Herriaren borondatea errespetatzearen alde. Aitzitik, heien lege araudi eta marko estatal mugigaitzetan tematurik agertu dira, behin eta berriro. Entzungor egin diote Euskal Hiritarrek eta Euskal Ordezkariek presoei buruz egindako eskaerei.

Dena dela UDALBILTZAK burutuak ditu dagoeneko Euskalduna Jauregian erabakitako helburu asko eta asko. Gaur egun UDALBILTZA errealitate bizia da.

Bestalde, aldatu egin da UDALBILTZAren sorrerako bake giroa, su etena bertan bera uztea jakinarazi zenetik, eta batez ere ETAk atentatuen bideari berriro ekin dionetik. Kale borrokaren erasoek, askotan udal hautetsien kontra eginak gainera, zuzen zuzenean oztopatzen dute UDALBILTZAren helburu demokratiko eta irekia. ETAren atentatuek, etikoki gaitzesgarriak izateaz gain, erdiz erdi kaltetu eta astintzen dute UDALBILTZAren naziogintza demokratikoa eta inposaketarik gabea. Naziogintza bera eta naziogintzarako konpromezuak kolokan jartzen dituzte eraso, atentatu eta erailketa horiek, euskal gizartearen ekimena ezabatzen dutelako.

Horregatik ezin da mutu geratu UDALBILTZA egoera eta gertakizun horien aurrean, bere helburuak aurrera eramaten eragozten diotelako eta ondorengo hau aldarrikatzen du:

1.- Indarkeriaren erabilerarik gabe, era demokratikoan, askatasunean eta hiritarren borondatean eta erabakimenean oinarritu behar dela naziogintza. Eta beti ere giza eskubideak erabat errespetatuaz.

2.- Euskal hiritarrak direla euskal nazioaren eta honen eskubideen subjektu, eta ez dutela onartuko inposaturiko marko politiko mugiezinik ez eta indarrez inposatutako askapenik.

3.- ETAk oztopo egiten diola euskal nazio eraikuntzari. Bere atentatuek ez dute giza eskubiderik eta hiritarren borondaterik errespetatzen. Euskal gizarteari bere etorkizuna bakean erabakitzen uztea exigitzen diogu. Hori litzake eta bere erabakirik onena eta ausartena. Utz diezaiola euskal gizarteari hitz egiten eta gera dadila. Ezkonezinak baitira indarkeria eta naziogintza, demokrazia eta inposaketa.

4.- UDALBILTZAK eutsi egingo diola hasitako bideari eta hartutako konpromezuari. Bere helburuak betetzen ahaleginduko dela, dituen bitarteko guztiekin, bainan beti ere Udal eta Udal Hautetsien borondatezko partehartzean eta inposaketarik gabeko demokrazian oinarritutako Nazio Eraikuntzan.

Beasain, 2000ko martxoaren 28

 

UDALBILTZAREN BATZORDE IRAUNKORRA