|
UDALBILTZA: ADIERAZPEN POLITIKOA
Euskal Herriak milurteko aldi
nahasietan barna osatu du bere historia, eta Aturritik Ebroraino
lurralde ezaugarri berdinak eta anitzak dituen Herria hezur-mamitu
du. Ia hiru milioi euskaldun gara, sei lurraldetan zabalduriko
20.800 km. karratuetan
Gure Herriak iragan hurbilean
bizi izan ditu guda garaiak, inposaketak, oraindik berreskuratu
gabe ditugun eskubideak indarrez kentzeak, horren ondorioz, XXI.
Mendearen atarian, Euskal Herria, nazio izaera ukatzen dieten
bi Estatuetan zatiturik aurkitzen da, oso errealitate politiko,
kultural eta garapen ekonomiko eta geografiko ezberdinekin.
Baina Euskal Herriak historian
zehar bere bidea egiten jarraitzeko borondateari eutsi egiten
dio, egoera berri baten aurrean gaude Euskal Herriaren eraikuntza
nazional eta demokratikoari ekiteko garai itxaropentsuan. Eta
lehenagoko aldietan bezalatsu, zeregin eta lan horrek udal eta
udal hautetsien ekarpena eskatzen du.
Otsailaren 6an, Lapurdi, Zuberoa,
Nafarroa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako alkate eta zinegotziok
Iruñean bildu ondoren, bertan onartutako adierazpenean
jasotzen ziren helburuak zituen udal oinarria duen euskal erakunde
nazionala sortzea erabaki genuen. Erabakitakoak oinarri sendoak
eta ulerterrazak zituen. Alde batetik, gu euskaldunak gara, beraz,
nahiz eta gure izaera nazionala ezkutatzen duten zatiketak dirauten,
beharrezkoa dugu gure Herriaren izatea ez ezik, beraren eraikuntzan
aurrerapausoak emateko balioko duen tresna ere gure eskuetan
izatea. Bestetik, euskaldunek udal ordezkariengan utzi zuten
ardurari erantzun egokia eman nahi zitzaion, sei lurraldetako
biztanleon arteko loturak bultzatuz.
Aurten, ekainean, lau lurraldetan
hauteskundeak izan ondoren, Iruñean hautaturiko Batzorde
Iraunkorraren prestaketa lanak burutu ondoren eta honek luzatutako
proposamenari erantzunez, ekitaldi honetan aurkitzen garen Euskal
Herriko alkate eta zinegotziok, Euskal Herriko Udal eta Udal
Hautetsien Biltzarra, Udalbiltza deituriko lehen euskal nazio
erakundea sortzea erabaki dugu, otsailean iragarri zen borondate
politikoari jarraiki. Helburuak 99ko otsailaren 6an finkatutakoak
dira, guk, beraien alde eta praktikara eramatearen alde egingo
dugu lan.
Beraz, Udalbiltzaren jarduera,
honako honetara bideratuko da:
1.- Euskal Herria nazio bat dela
aldarrikatzea.
2.- Euskal Herriaren egitura
politikoa erabiltzeari laguntza ematea, lurraldetasunaren lekuko
izanik eta sei lurraldeetako udal ordezkariak esparru erkidean
batzeko asmoz.
3.- Euskal Herriaren nazio eraikuntza
bultzatzea, prozesu dinamiko eta demokratiko gisa ulerturik eta
euskal herritar guztien erabakimen eta partehartze askean oinarriturik.
4.- Herrialde guztietako udalerrien
arteko harremanak eraikitzen laguntzea, hizkuntza, kultura, kirola,
ingurugiroa, lurraldearen antolaketa, ekonomi garapena eta ongizatea
bezalako esparruetan udal ordezkarien ekintza bateratuei aukera
emanez.
5.- Nazioartean, Euskal Herria
nazio berezkoa eta desberdindua dela adieraztea, baita Euskal
Herriak nazio gisa jardun nahi duela Europako geroko egituraketan
eta instituzioetan ere.
Honela, euskaldunontzat, Udalbiltza
udal hautetsien agintaldiaren iraupenera lotua dagoen erreferentzi
instituzionalean bihurtzen da, bateratua, ordezkaritza daramana,
demokratikoa eta lurraldetarra. Beronek nazio eraikuntza osatzen
duten eta ezberdinen azterketa eta bultzadarako gogoeta leku
izan behar duelarik.
Udalbiltzak, sinbolikoki eta
praktikoki Euskal Herriaren lurraldetasuna adierazten du.
Udalbiltzak Nazio bezala aritzea
ahalbideratzen digu.
Udalbiltzak, munduaren aurrean
euskal Nazioaren izatea ikustaraztea gauzatzen digu.
Guretzat, Euskal Herriko udal
hautetsiontzat, Udalbiltza erreferentzi politiko eta instituzionala
bihurtu da, horregatik, Udaletxeko gure eguneroko lanean, Udalbiltzak
hartutako erabakiak ardatz orientatzaileak izango dira, bertatik
sortutako jarduera, gomendio eta iritzi errealitatera eramaten
saiatuko garelarik.
Udalbiltzak udal kudeaketa eta
aktiboan eta ekintza zehatzen bidez erakunde nazionalak dituen
lortzera bideratu behar du bere zeregina.
Udalbiltzak, eta gaur hautatua
izan den Batzorde Eragileak, helburu horiei begira hasten dute
lana, eta gaur hautatua izan den Batzorde Eragileak, helburu
helburu horiei begira hasten dute lana, horretarako, ezer baino
lehen, abiapuntua zein den jakin behar da, Euskal Herria osoaren
errealitate sozial, ekonomiko eta kulturala ezagutu behar dugu.
Datuak, estadistikak, aldagai ekonomikoak, biztanleriaren piramideak
eta abar luzea behar dugu, sei lurraldeen ikuspegia hartuz; gaur
ez daukagu diagnostiko globala, Euskal Herriari ez zaiolako inoiz
utzi bere ispiluan begiratzen.
Gainera, ezarritako helburu bakoitzak
banakako eta aparteko tratamendua behar du, beraz, Udalbiltzak,
gaur intentzio adierazpena izan denak, ahalik eta epe laburrenean
zehaztasun praktikoa izan dezan, bere baitan, xede horri begira
egokien diren neurriak hartu eta garatuko dituzten lan taldeak
osatuko ditu.
Konpromezu honetan beste erakunde
eta eragile ekonomiko, sozial eta sindikalekiko elkarlana bultzatuko
dugu, baita gure Herriaren osotasunezko garapenak gidaturiko
ekimenak ere. Nazio eraikuntzak herritar guztien partehartzeari
irekia behar du izan. Etengabeko komunikazio eta elkarrizketa
hori izango da, hain zuzen, Udalbiltza jardueraren ezaugarri
nagusia.
Euskal Herriak, egitasmoa demokratikoa
izaki, Udalbiltza bezalako erakunde baten premia du, herri gisa
bere biziraupenaren iturririk oparoena den subjektu politikoa
eta beronen lurraldetasuna zehazten baitu. Baina egitasmo horrek
lurraldeen arteko barne egituratzea eta beronek hartuko duen
eredu instituzionala zehaztea ere eskatzen du. Honi begira Udalbiltza,
udalerriek dituzten aukera apartaz baliatuz, azterketa zein eztabaida
zereginetan arituko da, lurralde historikoen nortasun eta erregimenekiko
begirunearen printzipioari atxikiz.
Zeregin hauen gauzatze bidean
Udalbiltzaren osatze ekitaldi hau urrats bat da. Gogotik saiatuko
gara bultzatzen dugun Euskal Herriaren nazio eraikuntza euskal
gizarteak gatazka, zatiketa edo ezarketa bezala ikusi ez dezan,
herritar eta lurraldeen arteko ezagutza eta errespetuan zein
euskal herritargoaren bategite askean oinarritutako elkarren
arteko bateratze gisa baizik. Beti kultur, hizkuntza eta politika
elkargo bereko partaide izateak batu egiten gaituela abiapuntutzat
hartuta.
Euskal udal hautetsiak gara,
eta euskal Nazioan sinesten dugu. Euskal herritar orori ezezik,
beste udal ordezkariei ere une historiko honetako protagonista
izateko deia luzatzen diegu, era horretan, etorkizun hurbilean,
Euskal Herria bere orainaren jabe izanik, nazioarteko komunitatean
bere nortasunaz jantzitako eragile politiko ezagutua izan dadin.
Ilusioa eta lanerako gaitasuna
badugu, gure Herriaren historian zehar ezagutu gabeko jarduera
politiko bateratuan oinarrituta, berea ez den beste errealitate
politiko eraginkorrik onartzeari uko egiten dioten Estatu egituren
inmobilismoa gainditzeko.
Euskal Herriaren etorkizuna euskaldunoi
dagokigu. Gure herriaren garaia da.
Zorionak Euskal Herria!
Udalbiltza Euskal Herriko Udal
eta Udal Hautetsien Biltzarra
Euskalduna Jauregia, Bilbo, 1999ko
irailaren 18an |