|
UDAL ORDEZKARIEI DEIALDIA
Hauxe da Euskal Herriko Udal
Ordezkarien Biltzarreko Batzorde Iraunkorrak Euskal Herriko udal
ordezkari guztiei igorri dien gonbidapena:
"Joan den otsailaren 6an,
Lapurdi, Zuberoa, Nafarroa, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko alkate
eta zinegotziok biltzarra egin genuen Iruñean gure herri
eta hiriei horrenbesterainoko itxaropena ekarri duen etapa berri
honetan. Biltzar horretan argi utzi genuen etapa honetan aktiboki
lan egin behar dugula eta udal oinarria duen Euskal Nazio Erakundea
sortzea nahi dugula.
Euskal Herria nazioa dela, eta
bere lurraldetasuna duela aintzatetsita, euskal sei lurraldeetako
udal hautetsien ekimen bateratua proposatzen dugu politika, kultur,
soziologi eta ekonomi erkidego gisa definitzen gaituzten lan
eta lankidetza esparru guztien inguruan lan egiteko. Elkarrekin
lanean Euskal Herriaren geroko egituraketa politiko eta instituzionala
aztertuz eta eztabaidatuz eta Euskal Herriari buruzko diagnostiko
oinarrizkoa eginez, Euskal Herriari munduan dagokion proiekzio
desberdindua eman eta nazio eraikuntzaren arazo eta erronka erkideei
modu bateratuan egingo diegu aurre.
Biltzarra egin genuenetik zazpi
hilabete igaro dira eta biltzar horretan hainbat helburu ezarri
genuen. Iruñean hautatutako Batzorde Iraunkorrak hasierako
lanak egin ditu Erakundea sortzeari, lan proposamenei eta Udal
Hautetsien Biltzarraren onespenari dagokionez.
Batzorde Iraunkorrak irailaren
18an, goizeko 11.00etan Bilboko Euskalduna jauregian burutuko
den Euskal Herriko Udal Ordezkarien Biltzarrerako deia luzatzen
dizu, gainontzeko Euskal Herriko zinegotzi eta alkate guztiei
egin zaien bezala. Elkarrekin izango garelakoan jaso ezazue agurrik
beroena".
|